SALMOAK 1 Antifona Urtean zehar: Gure begiak beti Jaunarengana daude, gutaz erruki dadin arte. Pazko aldian: Jauna izango duzu zure betiko argi, eta zure Jainkoa, zure distira, alleluia. 122 Salmoa Jauna, herriaren itxaropena Bi itsu... oihuka hasi ziren: Jauna, Dabiden Seme, erruki zakizkigu! (Mt 20, 30) Zugana jasotzen ditut begiok, Zugana, zeruetan zauden Horrengana. Morroien begiak begira baitaude nagusien eskuei, neskamearen begiak etxeko-andrearen eskuei: horrela gure begiak Jaunarengana, gure Jainkoarengana, daude, gutaz erruki dadin arte. Erruki zaitez, Jauna, gutaz erruki zaitez, esker txarrez ase eta beteak baikaude. Ongi aserik dago, bai, gure barrena, ustetsuen irriz, harroen esker txarrez. Urtean zehar: Ant. Gure begiak beti Jaunarengana daude, gutaz erruki dadin arte. Pazko aldian: Ant. Jauna izango duzu zure betiko argi, eta zure Jainkoa, zure distira, alleluia. 2 Antifona Urtean zehar: Gure laguntza, Jaunaren izena, zeru-lurrak egin dituenarena. Pazko aldian: Sarea zeharo eten da, eta gu onez atera gara, alleluia. 123 Salmoa Gure laguntza, Jaunaren izena Honela mintzatu zitzaion Jauna Paulori: Ez izan beldurrik... Ni zurekin nago (Ap Eg 18, 9-10) Jauna gure alde egon ez balitz, -Israelek orain esan beza-, Jauna gure alde egon ez balitz gizonak gure aurka oldartzean, bizirik irentsiko gintuzten orduan, haien sumina gugana goritzean; hura pulunpa izango genuen gainean, erreka gure gainetik igoko zen; ur bulartuak igaroko ziren, gure gainean. Bedeinkatua Jauna, ez baikaitu eman haien hortzetara ehizen eran! Gure bizia hegaztia bezala da ihesi, ehiztarien saretik: sarea zeharo eten da, eta gu onez atera gara. Gure laguntza, Jaunaren izena, zeru-lurrak egin dituenarena. Urtean zehar: Ant. Gure laguntza, Jaunaren izena, zeru-lurrak egin dituenarena. Pazko aldian: Ant. Sarea zeharo eten da, eta gu onez atera gara, alleluia. 3 Antifona Urtean zehar: Jainkoak aurrez aukeratu gintuen Jesukristoren bidez, bere seme-orde izateko. Pazko aldian: Nik, lurretik gora jasoko nautenean, Niregan bilduko ditut guztiak, alleluia. Kantika: Ef 1, 3-10 Jainkoaren salbamen-asmoa Bedeinkatua izan bedi Jainkoa, Jesukristo gure Jaunaren Aita, Espirituaren era guztietako bedeinkapenez, zeruan Kristogan bedeinkatu gaituena. Harengan aukeratu baikintuen, mundua sortu baino lehen, bere aurrean, maitasunez, santu eta errugabe izan gaitezen. Aurrez aukeratu gintuen bere seme-orde izateko, Jesukristoren bidez, bere nahiaren onberatasunez; bere Seme maitearengan hain ugari eman digun graziaren aintzak Bera gorespenez bete dezan. Seme honengan, bere odolaz dugu erospena, eta bekatuen barkamena; halakoa izan da Haren grazi aberastasuna. Oparo isuri baitigu bere grazia ezaguera osoz eta jakinduriaz: bere nahiaren misterioa ezagutarazi digu, bere onginahiez erabakita zeukana, garaia zetorrenean beteko zuena: Zeruko eta lurreko gauza guztiak Kristogan bilduko dituela, Berau buru dela. Urtean zehar: Ant. Jainkoak aurrez aukeratu gintuen Jesukristoren bidez, bere seme-orde izateko. Pazko aldian: Ant. Nik, lurretik gora jasoko nautenean, Niregan bilduko ditut guztiak, alleluia. JAINKOAREN HITZA: St 4, 11-12 Senideok, ez gaizki esan elkarren aurka. Anaiaren aurka hitz egiten, edo anaia epaitzen duenak, Legeaz gaizki esaten du, eta Legea epaitzen. Legea epaitzen baduzu, berriz, ez zara lege-betetzaile, haren epaile egiten zara. Bat bera da legegilea eta epailea: salbatu eta hondatu dezakeena. Baina zu nor zara, lagun hurkorik epaitzeko? GALDERANTZUNA R/. Senda nazazu, Jauna, * hoben egina bainauzu zure aurka. Senda. V/. Hau diot nik: Erruki zakizkit, Jauna. * Hoben. Aintza Aitari. Senda. Magnificat, ant. Handiesten du nire arimak Jauna, ikusi baitu mirabe honen ezereztasuna. ESKARIAK Gizon guztiak salbatzea da Jainkoaren nahia; eska diezaiogun, beraz, uste osoz gizaldi guztiarentzat: Jauna, erakar itzazu Zugana gauza guztiak. Bedeinkatua Zu, Jauna, zure odol aberatsak bekatuaren morrontzapetik atera gaituzulako; - emaguzu semeen aintzazko askatasuna. Emaiezu zure grazia I... gure Gotzainari eta Elizako gotzain guztiei, - Zuk emandako lana pozez eta maitasunez bete dezaten. Egiaren bila dabiltzanek aurki dezatela egia, - eta aurkitutakoan jarrai dezatela bilatzen. Begira iezaiezu, Jauna, umezurtzei, alargunei eta baztertuei, - beren alde zaituztela senti dezaten eta gero eta gehiago Zureak izan daitezen. Har itzazu hildako gure senideak zure zeruan, - han Zu Aitarekin eta Espiritu Santuarekin guztia guztietan izango baitzara. Jaunak erakutsiari jarraituz, beldur gabe esan dezagun: Gure Aita. Otoitza Jauna, Zu zaitugu egiaz itzaltzen ez den argia; argi gaitzazu, bada, ilunabar honetan, eta barka gure bekatuak. Zure Seme Jesukristo.