SALMOAK 1 Antifona Urtean zehar: Bai dohatsu, Jauna, zure etxean bizi direnak. Pazko aldian: Nire bihotz eta haragi, Zugan, Jainko biziagana, poz jauzika dira ari, alleluia. 83 Salmoa Jauretxerako grina Ez daukagu hemen betiko bizilekurik; baizik-eta gerokoaren bila gabiltza (Eb 13, 14) Zure egoitza, gudari-taldeen Jauna, bai maitagarria dela! Akitzen ari zait nire anima, irrikitzen daukat Jaunaren atarira. Nire bihotz eta haragi Jainko biziagana poz jauzika dira ari. Txoriak ere aurkitzen du etxea, bai enarak ere umeak ipintzeko ohatzea: zure aldareak, gudari-taldeen Jauna, ene Errege eta ene Jainkoa! Bai dohatsu zure etxean bizi direnak; beti Zu goresten ari direnak! Bai dohatsu, Zugandik laguntza duena, erromes-txangoak asmo dituena! Ibar Lehorra igarotzean, iturri dute bihurtzen, eta lehenengo euriak onespenez du janzten. Badoaz gero eta kementsuago, Jainkoa Sionen noiz ikusiko. Entzun nire otoitza, Jauna, gudari taldeen Jainko, erne belarria, Jakoben Jainko. Begira iezaiozu, Jainko, gure Babeskiari, so egiozu zure Gantzutuaren aurpegiari. Hobe da, noski, egun bat zure atarietan, eta ez mila bestelakoetan; Jainkoaren etxe-atarietan egon nik nahiago, gaiztoen etxean bizi baino. Eguzki eta babeski zait Jainko Jauna, grazia eta ospea ematen ditu Jaunak. Jaunak on denik ukatzen ez daki, errugabe dabilenari. Gudari-taldeen Jauna, bai dohatsu, Zugan uste on duen gizona. Urtean zehar: Ant. Bai dohatsu, Jauna, zure etxean bizi direnak. Pazko aldian: Ant. Nire bihotz eta haragi, Zugan, Jainko biziagana, poz jauzika dira ari, alleluia. 2 Antifona Urtean zehar: Zatozte, igo gaitezen Jaunaren mendira. Pazko aldian: Herri asko joango dira Jaunaren mendira, alleluia. Kantika: Is 2, 2-5 Jaunaren etxearen mendia, muino guztien gaindi Atzerriak etorri eta zure aurrean ahuspeztuko dira (Apk 15, 4) Azken egunetan, Jaunaren etxearen mendia sendo izango da ezarria: muino guztien gaindi, mendi guztien buru. Atzerri-jendeak hara joko du. Herri asko joango dira esanez: «Zatozte, igo gaitezen Jaunaren mendira, Jakoben Jainkoaren etxera: Berak erakutsiko dizkigu bere bideak, eta Haren bidezidorretan ibiliko gara; Siondik aterako baita legea, eta Jerusalemdik Jaunaren hitza.» Berak epaituko ditu atzerriak, auzira ekarriko herriak eta herriak. Golde bihurtuko dituzte ezpatak, eta igitai, lantzak. Ez du herrik herriren aurka ezpatarik jasoko, ez dira gudurako berriz trebatuko. Zatoz, Jakoben etxea, gabiltzan Jaunaren argitan. Urtean zehar: Ant. Zatozte, igo gaitezen Jaunaren mendira. Pazko aldian: Ant. Herri asko joango dira Jaunaren mendira, alleluia. 3 Antifona Urtean zehar: Kanta Jaunari, bedeinka Haren izena. Pazko aldian: Esazue atzerrietan: «Jauna errege da», alleluia. 95 Salmoa Jauna, lurbira guztian errege eta epaile Kantu berri bat kantari ari ziren aulkiaren aurrean, Bildotsaren aitzinean (Ikus. Apk 14, 3) Kanta Jaunari kantu berri, kanta, lur osoa, Jaunari. Kanta Jaunari, bedeinka Haren izena, iragarri egunez egun, Harengandiko salbamena. Zabaldu Haren ospea atzerrietan, Haren mirariak herri guztietan. Handi baita Jauna, eta guztiz goresgarri, jainko guztien aldean itzalgarri. Iduri huts dira atzerriko jainko guztiak, Jaunak, ordea, zeruak egin ditu. Distira eta edertasuna daude Haren aurrean, indarra eta argia Haren jauretxean. Herrietako sendiak, eman Jaunari, eman Jaunari ospe eta goraldi. Eman ospe Jaunari bere izenaren ederrez, sar zaitezte Haren atarietan opariak eramanez. Jaurets ezazue Jauna, bere santutasunez agertzean, ikara zaitez, lurbira guztia, Haren aurrean. Esazue atzerrietan: «Jauna errege da, lurbira koloka ez dadin sendo ezarri du, herriak zuzenbidez epaitzen ditu.» Poztu bedi ortzia, alaitu lurra, orro egin beza itsasoak bertan bizi direnekin, txalo egin beza landak bertan dauden guztiekin. Poztu bitez basoko zuhaitzak, Jaunaren aurrean, badatorrelako, lurra epaitzera datorrelako. Zuzenbidez epaituko du lurbira, eta leialtasunez herriak. Urtean zehar: Ant. Kanta Jaunari, bedeinka Haren izena. Pazko aldian: Ant. Esazue atzerrietan: «Jauna errege da», alleluia. JAINKOAREN HITZA: St 2, 12-13 Mintza zaitezte eta bizi, askatasun-legez epaitzekoa denari dagokion bezala. Izan ere, errukirik izan ez duenarentzat, erruki gabeko epaia izango da. Errukia, berriz, garaile ateratzen da epaian. GALDERANTZUNA R/. Bedeinkatua Jauna * betieren beti. Bedeinkatua. V/. Mirariak egiten bakarra. * Betieren beti. Aintza Aitari. Bedeinkatua. Benedictus, ant. Bedeinkatua Jauna, gure Jainkoa. ESKARIAK Dei egin diezaiogun Jainkoari, gizonak munduan ipini baitzituen, elkar harturik Haren aintzarako lan egin zezaten, eta esan diezaiogun: Egizu, Jauna, gorets zaitzagula. Bedeinkatua Zu, zeru-lurren egile, - munduko ondasunak eman dizkiguzulako, eta gure bizia gaur arte gorde diguzulako. Begira ezaguzu bihotz onez, Jauna, eguneroko lanak hastera goazenoi, - eta zure nahira lan eginez, zure lankide izan gaitezela. Gure egun honetako lana, gure senideen onerako izan dadila, - eta horrela, Zuretzat atsegin izango den mundu hobe bat haiekin eta haientzat eraiki dezagula. Zatozkigu lagun, Jauna, guri eta gurekin gaur hartu-emanak izango dituzten guztiei, - eta emaguzu atsegina eta bakea. Jainkoaren seme izateak ematen digun pozez beterik, esan dezagun uste osoz: Gure Aita. Otoitza Zeru-lurren Jainko, zuzen itzazu gaur, zure aginduen erara, gure gorputz eta bihotzak, gogapen, hitz eta egiteak; Zuk lagundurik, lor dezagun oraingo eta betiko salbamena. Zure Seme Jesukristo.