SALMOAK 1 Antifona Urtean zehar: Zure zintzoek, Jauna, pozez oihu egin bezate zure bizilekuan sartzean. Pazko aldian: Jainko Jaunak bere aita Dabiden errege-aulkia eman dio, alleluia. 131 Salmoa Jaunak Dabiden etxeari egindako agintzaria Jaungoiko Jaunak bere aita Dabiden errege-aulkia emango dio (Lk 1, 32) I Oroi zaitez, Jauna, Dabiden ederrez, harrek hartu zuen haina nekez; zin egin ziola Jaunari, zin-hitza eman Jakoben Ahaltsuari: «Ez naiz nire etxeko aterpean sartuko, ez naiz nire ohe gozoan etzango; ez diet lorik emango begi hauei, atsedenik nire betazalei, tokia aurkitzen ez badiot Jaunari, bizilekua Jakoben Ahaltsuari.» Hura Efratan zela entzun genuen, Iaar-landan aurkitu genuen. Sar gaitezen Haren bizilekuan, makur gaitezen Haren oin-aulki-aurrean. Jaiki zaitez, Jauna, zatoz zure atseden tokira, Zu eta zure kutxa itzalgarria. Zure apaizek jaietako jantziak har bitzate, zure zintzoek pozez oihu egin bezate. Dabid zure morroiaren ederrez, ez zapuztu zure gantzutuaren aurpegia. Urtean zehar: Ant. Zure zintzoek, Jauna, pozez oihu egin bezate zure bizilekuan sartzean. Pazko aldian: Ant. Jainko Jaunak bere aita Dabiden errege-aulkia eman dio, alleluia. 2 Antifona Urtean zehar: Jaunak Sion beretzat aukeratu du, eta hura bere egoitzarako irrikatu izan du. Pazko aldian: Jesukristo da Nagusi bakarra, erregeen Erregea eta jaunen Jauna, alleluia. II Jaunak Dabidi zin hau egin zion, zin sendoa, eta ez du atzera egingo: «Zure jatorriko semea ipiniko dut zure aulkian. Zure semeek nire ituna gorde badezate, eta Nik irakatsi-aginduak bete, haien semeak ere betieren beti eseriko dira zure aulkian.» Bai, Jaunak Sion beretzat aukeratu du, eta hura bere egoitzarako irrikatu izan du: «Hau da nire betirako atsedena, toki honetan biziko naiz, hau baita nahi nuena. Bedeinkatuko ditut hango gari-ardoak, ogiz aseko hango behartsuak. Hango apaizak Nik jantziko ditut ospez, zintzoek oihu egingo dute pozaren pozez. Han ernaraziko dut Dabiden indarra, piztuko diot nire gantzutuari argia. Lotsaz ditut haren etsaiak jantziko, nire buruntzak haren gainean dir-dir egingo.» Urtean zehar: Ant. Jaunak Sion beretzat aukeratu du, eta hura bere egoitzarako irrikatu izan du. Pazko aldian: Ant. Jesukristo da Nagusi bakarra, erregeen Erregea eta jaunen Jauna, alleluia. 3 Antifona Urtean zehar: Jaunak eman dizkio agintaritza, ospea eta erreinua, eta herri guztiek zerbitzatuko dute. Pazko aldian: Nor da jainkoetan, Jauna, Zu adinakorik? Nor santuetan, Zu bezain itzalgarririk? Alleluia. Kantika: Apk 11, 17-18; 12, 10b-12a Jainkoaren epaia Eskerrak ematen dizkizugu, Jauna, bazaren eta bazinen Jainko ahalguztiduna; zure ahalmen handiaz jabetu baitzara, eta errege izaten hasia zara. Haserretu ziren atzerriak, baina heldu da zure haserrea, eta hilak epaitzeko ordua; heldu zaie sari-ordua zure zerbitzari profetei, eta santu eta zure izenaren beldur direnei, txikiei nahiz handiei. Orain etorri da salbamena, gure Jainkoaren indarra eta erregetza, eta bere Kristoren ahalmena; amildua izan baita gure senideen salatzailea, gure Jainkoaren aurrean, gau eta egun, salatzen zituena. Haiek azpiratu dute Bildotsaren odolaz, eta eman duten aitormenaz: beren bizia ez baitute izan maiteago, heriotza baino. Poztu zaitezte, beraz, zeruak, eta haietan bizi zaretenak. Urtean zehar: Ant. Jaunak eman dizkio agintaritza, ospea eta erreinua, eta herri guztiek zerbitzatuko dute. Pazko aldian: Ant. Nor da jainkoetan, Jauna, Zu adinakorik? Nor santuetan, Zu bezain itzalgarririk? Alleluia. JAINKOAREN HITZA: 1 P 3, 8-9 Izan zaitezte guztiok iritzi bereko eta bihotz bateko: senide elkar maiteak, errukitsuak eta apalak. Ez itzuli gaitzik, gaitz-orde; ez irainik, irain-orde; baizik, bedeinka ezazue; honetara deituak baitzarete: bedeinkapena izatera ondaretzat. GALDERANTZUNA R/. Gari-mamiz * janaritzen gaitu, Jaunak. Gari-mamiz. V/. Harkaitzeko eztiz asetzen, * Janaritzen. Aintza Aitari. Gari-mamiz. Magnificat, ant. Bota ditu Jaunak beren aulkitik handizkiak, eta gora jaso ditu ezerezak. ESKARIAK Dei egin diezaiogun, bere herriaren artzain, zaindari eta laguntzaile den Kristori, esanez: Babes zaitugun, Jauna, entzun gaitzazu. Bedeinkatua Zu, Jauna, zure Eliza santura deitu baikaituzu: - gorde gaitzazu beti Eliza honetan. I... Aita Santuari, Eliza guztien ardura eman diozu: - emaiozu, sinesmen sendoa, itxaropen bizia eta maitasun arduratsua. Eman bekatariei bihotz-berritzea, eta eroriei indarra; - eta emaiezu guztiei damua eta salbamena. Erbestean bizi nahi izan zenuen Jauna, - gogoan izan, beren familiatik eta aberritik urrun bizi direnak. Zuregan uste on izan zuten hildako guztiei - emaiezu betiko atsedena. Jesukristoren bitartez Jainkoaren seme garen ezkero, egin diezaiogun otoitz Jainko gure Aitari uste osoz: Gure Aita. Otoitza Jainko ahalguztiduna, eskerrak ematen dizkizugu itzaltzen ari den egunarengatik; eta emaguzu bihotz onez, egun honetako huts guztien barkamena. Zure Seme Jesukristo.