SALMOAK 1 Antifona Urtean zehar: Atera, Jauna, nire bizia heriotzatik, nire oinok, erortzetik. Pazko aldian: Begi-ninia bezala gordetzen du Jaunak bere herria, alleluia. 114 Salmoa Esker onezko otoitza Jaungoikoaren erreinuan, neke asko igarota sartu behar dugu (Ap Eg 14, 21) Maite dut Jauna, baitu entzuna nire eskariaren oihartzuna. Itzuli baitu nigana belarria, dei egin diodan egunean. Herio-lokarriek inguratu ninduten, Leizeko hedeak gainera zitzaizkidan, nahigabe eta larrialdian erori nintzen. Deitu nuen Jaunaren izena: ŤAtera nazazu bizirik, Jaunať. Onbera da Jauna eta zintzoa, errukitsua gure Jainkoa. Jaunak gizagaixoak zaintzen ditu, dohakabe nintzen eta salbatu ninduen. Ene gogoa, itzul zaitez atsedenera, Jaunak onez bete zaitu-eta. Atera baitu nire bizia heriotzatik, begiok malkotik, oinok erortzetik. Ibiliko naiz Jaunaren aurrean, bizien lurrean. Urtean zehar: Ant. Atera, Jauna, nire bizia heriotzatik, nire oinok, erortzetik. Pazko aldian: Ant. Begi-ninia bezala gordetzen du Jaunak bere herria, alleluia. 2 Antifona Urtean zehar: Jaunagandik nire laguntza, Hark egin baititu zeru-lurrak. Pazko aldian: Jaunak salbatu du nire bizia Leizearen lokarrietatik, alleluia. 120 Salmoa Jauna, bere herriaren zaindari Ez dute izango gehiago, ez goserik, ez egarririk; ez ditu joko, ez eguzkiak, ez sargoriak (Apk 7, 16) Begiok mendietara jasotzen nik: laguntza niri nondik? Jaunagandik nire laguntza, Hark egin baititu zeru-lurrak. Ez dizu oina kolokan utziko, zure zaintzaileak ez du kuluxkarik egingo. Israel zaintzen dagoena, ez du kuluxkak hartuko, ez loak. Jauna da zure zaintzaile, Jauna duzu eskuin-aldetik itzalpe. Ez zaitu joko egunez eguzkiak, ez gauez ere ilargiak. Jaunak zainduko zaitu gaitz guztitik, zainduko zure bizia heriotzatik. Zure sartu-irtenak Jaunak zainduko ditu, oraindanik betiko. Urtean zehar: Ant. Jaunagandik nire laguntza, Hark egin baititu zeru-lurrak. Pazko aldian: Ant. Jaunak salbatu du nire bizia Leizearen lokarrietatik, alleluia. 3 Antifona Urtean zehar: Atzerrien errege, zuzenak eta egiazkoak dira zure bideak! Pazko aldian: Jauna da nire indar eta kemen, Bera izan da nire salbamen, alleluia. Kantika: Apk 15, 3-4 Garaileen kantua Jauna, Jainko ahalguztiduna, handiak eta harrigarriak dira Zuk eginak! Atzerrien errege, zuzenak eta egiazkoak zure bideak! Nor ez da izango zure beldur, Jauna? Nork ez du goretsiko zure izena? Zu bakarrik baitzara santua! Atzerriak etorri eta zure aurrean ahuspeztuko dira, zure erabaki zuzenak agertu baitira. Urtean zehar: Ant. Atzerrien errege, zuzenak eta egiazkoak dira zure bideak! Pazko aldian: Ant. Jauna da nire indar eta kemen, Bera izan da nire salbamen, alleluia. JAINKOAREN HITZA: 1 Kor 2, 7-10a Jaungoikoaren jakinduria ezkutua darabilkigu, gordeta edukia, Jaungoikoak gizaldien aurretik gure aintzarako aukeraturik zeukana; gizarte honetako nagusietako inork ezagutu ez zuena; ezagutu izan balute, ez baitzuten gurutziltzatuko aintzaren Jauna. Baina idatzia dagoenez: ez du, ez begiak ikusi, ez belarriak entzun, ez bihotzak sumatu, Jaungoikoak prestaturik daukana, Bera maite dutenentzat. Eta Jaungoikoak guri agertu digu hori Espirituaren bidez. GALDERANTZUNA R/. Kristok heriotza jasan zuen bekatuengatik, * gu Jaungoikoarengana eramateko. Kristok. V/. Heriotza jasan zuen bere gorputzean, baina bizia hartu zuen berriro Espirituarengatik. * Gu. Aintza Aitari. Kristok. Magnificat, ant. Gogora ezazu, Jauna, zure errukia, gure gurasoei Zuk hitzemana. ESKARIAK Bedeinka dezagun, negarrez zeudenen malkoak lehortzen zituen Jesus Jauna, eta Berari maitetsuki eta apalik eska diezaiogun: Erruki, Jauna, zure herriari. Jesukristo Jauna, nahigabetuen eta atsekabetuen kontsolatzaile, - jarri zure begien aurrean behartsuen negar-malkoak. Entzun, Jainko errukitsu, herio-zorian daudenen haienak, - eta bidal iezaiezu zure aingeru laguntzailea. Erbesteratu guztiek ikus dezatela zaindari zaituztela Zu; - eraman itzazu beren herrira, eta egun batez emaiezu zeruko aberria. Jaun errukitsu, salba itzazu hildako gure senideak, - eta emaiezu salbamen osoa. Jainkoaren seme garela jakitearen pozez, hurbil gaitezen gure Aitarengana, eta esan dezagun: Gure Aita. Otoitza Jauna, behaztopa den gurutzean adierazi duzu zure jakinduria ezkutua; egizu, zure Semearen nekaldiko aintza gogoan izan dezagula beti, guk ere gure aintza Jesukristoren gurutzean aurki dezagun. Zurekin eta Espiritu Santuarekin.