SALMOAK 1 Antifona Urtean zehar: Ez duzu arbuiatuko, Jauna, bihotz damutu eta umildua. Pazko aldian: Izan ezazu bihotz, seme, barkatzen zaizkizu zure bekatuak, alleluia. 50 Salmoa Erruki zakizkit, Jainko Berri zaitezte zuen burubideetan Espirituaren eraginez, eta jantzi zaitezte gizon berriaz (Ef 4, 23-24) Erruki zakizkit, Jainko, duzun maitasun handiaz, suntsi ezazu nire makurra zure amaigabeko errukiaz. Garbi nazazu zeharo nire hobenetik, ikuz nazazu nire gaiztakeriatik. Nire bihurrikeria ezagutzen baitut, nire hobena beti begien aurrean baitut. Zuri egin dizut bekatu, Zuri bakarrik, zure begietan oker dena egin dut nik. Zuzen agertuko zara auzian, zintzo zure epaian. Hobendun sortua naiz izan ere, bekatuan ninduen amak erne. Zuri, ordea, bihotz leiala atsegin zaizu, bihotz-mamian zuhurtasuna irakasten didazu. Busti nazazu isipuz, eta garbi geldituko naiz, ikuz nazazu, eta elurra baino zuriago geldituko naiz. Entzunarazi poza eta atsegina niri; xehatu dituzun hezurrok egin bezate jauzi. Aurpegi hori nire hobenetatik aldera ezazu, nire makurkeria guztiak suntsi itzazu. Bihotz garbi bat, Jainko, sor ezazu niregan, arnasa bizkorra berri ezazu nire barnean. Ez nazazu urrun zure aurretik, zure arnasa santua ez kendu niri. Zure salbamenaren poza bihur iezadazu, zure arnasa zabalez senda nazazu. Erakutsiko dizkiet gaiztoei zure bideak, Zugana bihurtuko dira bekatariak. Atera ni odol zigorpetik, Jainko, Jainko, ene salbatzaile; eta nire ezpainek zure zuzentasuna pozetan zabalduko dute. Irekiko dizkidazu ezpainok, Jauna, eta nire ahoak iragarriko du zure gorespena. Ez baitzaizu atsegin oparirik, erre opariak ez zenituzke hartuko, nik emanik. Nire oparia, Jainko, bihotz damutua: ez duzu arbuiatuko, Jainko, bihotz damutu eta umildua. Ager zaitez, Jauna, onbera Sionekin, Jerusalemgo harresiak egin itzazu berri. Orduan onartuko dituzu legezko opari, emari eta erre opariak; orduan izango dira zekorrak zure aldarean eskainiak. Urtean zehar: Ant. Ez duzu arbuiatuko, Jauna, bihotz damutu eta umildua. Pazko aldian: Ant. Izan ezazu bihotz, seme, barkatzen zaizkizu zure bekatuak, alleluia. 2 Antifona Urtean zehar: Zure epaian, Jauna, errukia gogora ezazu. Pazko aldian: Zu, Jauna, Kristorekin atera zara zure herria salbatzera, alleluia. Kantika: Ha 3, 2-4. 13a. 15-19 Jainkoaren epaia Zuti zaitezte eta jaso burua: badator zuen askatasuna (Lk 21, 28) Jauna, entzun dut Zuk entzutera emana, harritu nau, Jauna, Zuk egin lanak. Urteen buruan lan hau erakutsazu, urteen buruan ezagutarazi ezazu. Haserrean errukia gogora ezazu. Etorriko da Jauna Teman aldetik, Santua Faran gainetik. Handiz estaltzen du zerua, Haren gorespenez betea da lurra. Haren edertasuna argia bezala, Haren eskutik argi-izpiak dira irteten, Haren indarra dutela gordetzen. Irteten zara zure herria salbatzera, zure gantzutua salbatzera. Ibili duzu itsasoa zure zaldiz, olatu gogor eta ur handiz. Hau entzunez, nire erraiak ikara, soinu horrekin nire ezpainak dardara. Sartu da beldurra nire hezurretan, koloka ditut oinak beren orpoetan. Lasai itxaroten dut larri eguna, zapaltzen gaituen herriari sortuko zaiona. Pikuak ez badu lorerik, eta mahastiak ere ez uztarik; olibondoak huts egin baleza, landak janaririk ekar ez badeza; artegian ardiak urritu badira, behirik ukuiluan ez balitza; hala ere, alaituko naiz ni Jaunagan, poztuko, salbatzaile dudan Jainkoagan. Nagusi den Jauna dut indarra; basahuntzaren oinak dizkit emango, gainez gain nau aterako. Urtean zehar: Ant. Zure epaian, Jauna, errukia gogora ezazu. Pazko aldian: Ant. Zu, Jauna, Kristorekin atera zara zure herria salbatzera, alleluia. 3 Antifona Urtean zehar: Jerusalem, ospa ezazu Jauna. + Pazko aldian: Sion, gorets ezazu zure Jainkoa, zure mugetan bakea ezarri baitu, alleluia. 147 Salmoa Jerusalemen berpizteagatik esker onezko otoitza Zatoz, andregaia erakutsiko dizut, Bildotsaren emaztea (Apk 21, 9) Jerusalem, ospa ezazu Jauna, + Sion, gorets ezazu zure Jainkoa. Zure ateen sarrailak indartu baititu, zure semeak zure barnean bedeinkatu ditu. Zure mugetan bakea ezarri baitu, gari-mamiz ase zaitu. Bidaltzen du lurrera boro mintzoa, eta Haren hitza bizkor eta arin doa. Ematen du elurra artilea bezala, zabaltzen du antzigarra hautsa bezala. Ogi apurraren gisa jaurtitzen du bere izotza: Nork jasan dezake haren hotza? Bidaltzen du bere hitza, eta harekin urtzen dira, bere haizeari eraginez urak doaz isurika. Iragarri dio bere hitza Jakobi, bere erabaki eta aginduak Israeli. Ez dio egin holakorik beste herriri, bere aginduak ez dizkio agertu besteri. Urtean zehar: Ant. Jerusalem, ospa ezazu Jauna. Pazko aldian: Ant. Sion, gorets ezazu zure Jainkoa, zure mugetan bakea ezarri baitu, alleluia. JAINKOAREN HITZA: Ef 2, 13-16 Orain Jesukristogan zaudete. Lehen urruti zeundetenok, orain hurbil aurkitzen zarete Kristoren odolaz. Kristo da gure bakea; bat egin ditu Berak bi herriak, bereizten zituen hesia, gorrotoa, bere haragiaz urraturik; berezko indarra kendu die Legeari eta aginduei, bakeak eginez, bi ziren haietatik gizon berri bakarra sortzeko. Bi herri haiek Jainkoarekin baketu zituen gurutzearen bidez, gorputz batean bilduz, gorrotoari Beragan heriotza ematen ziolarik. GALDERANTZUNA R/. Oihu dagiot Goi-goiko Jainkoari, * ongi egiten didan Jainkoari. Oihu. V/. Bidal bezait zerutik salbamena. * Ongi. Aintza Aitari. Oihu. Benedictus, ant. Gure Jainkoaren errai errukitsuengatik, agertuko zaigu Goiz-eguzkia gainetatik. ESKARIAK Kristok Espiritu Santuaren indarrez eta bere odola isuriz bere burua eskaini zion Aitari, gu bekatu guztietatik garbitzeko; eskerrak eman diezazkiogun, beraz, eta esan diezaiogun: Zure eskuetan dago, Jauna, gure bakea. Egun berri baten hasiera eman diguzu, Jauna: - emaguzu bizitza berri bat hastea ere. Zuk egin dituzu guztiak, Jauna, eta Zuk guztiak zaintzen: - egizu, Zuk egindako guztietan zure aztarrena aurki dezagula. Zure odolaz itun berria eta betikoa sinatu duzu: - egizu, Zuk aginduak betez, zure elkartean zintzo iraun dezagula. Gurutzean zeundela odola eta ura isuri zenituen sahietsatik: - garbi itzazu iturri santu horretan gure bekatuak, Jainkoaren herriari poz betea. Jainkoak semetzat hartzen gaituen ezkero, egin diezaiogun otoitz Aitari Jaunak erakutsiari jarraituz: Gure Aita. Otoitza Jauna, Jainko ahalguztiduna, goiz honetan abestu ditugun zure gorespenak oparo abes ditzagula beti zeruan, zure santuekin batera. Zure Seme Jesukristo.