SALMOAK 1 Antifona Abenduan: Poztu zaitez, Jerusalem: badatorkizu Salbatzailea, alleluia. Pazko aldian: Jauna garai dago ortzi guztien gainetik, eta jasotzen du dohakabea hautsetatik, alleluia. Urtean zehar: Eguzkia sortu lekutik sartzen denera, goretsia izan bedi Jaunaren izena. 112 Salmoa Goretsia izan bedi Jaunaren izena Bota ditu beren aulkitik handizkiak eta gora jaso ditu ezerezak (Lk 1, 52) Jaunaren morroiak, gorets ezazue, Jaunaren izena gorets ezazue. Jaunaren izena bedeinkatua izan bedi, orain eta gizaldiz gizaldi. Eguzkia sortu lekutik sartzen denera, goretsia izan bedi Jaunaren izena. Jauna garai dago herri guztien aldean, Haren ospea ortziaren gainean. Nor da Jauna, gure Jainkoa, adinakorik? Goian eseria dago; eta begia jaisten du zeru eta lurreraino. Jasotzen du dohakabea hautsetatik, ateratzen behartsua simaurretatik; eserarazi dezan nagusiekin, bere herriaren nagusiekin. Agor zena biziarazten du etxean, semeen ama eginik pozetan. Abenduan: Ant. Poztu zaitez, Jerusalem: badatorkizu Salbatzailea, alleluia. Pazko aldian: Ant. Jauna garai dago ortzi guztien gainetik, eta jasotzen du dohakabea hautsetatik, alleluia. Urtean zehar: Ant. Eguzkia sortu lekutik sartzen denera, goretsia izan bedi Jaunaren izena. 2 Antifona Abenduan: Ni naiz Jauna: nire ordua hurbil da; nire salbamenak ez du luzatuko. Pazko aldian: Askatu dituzu, Jauna, nire kateak; eskainiko dizut gores-oparia, alleluia. Urtean zehar: Salbamen-edontzia dut hartuko, eta Jaunaren izena deituko. 115 Salmoa Esker onezko otoitza jauretxean Jesusen bitartez eskain diezaiogun beti Jaungoikoari gorespen-oparia (Eb 13, 15) «Ni bai dohakabe» nion arren, baneukan itxaropen. Hau esan nuen nire larrialdian: «Gizon oro gezurti da.» Zer bihurtuko diot Jaunari, eman dizkidan guztiengatik? Salbamen-edontzia dut hartuko, eta Jaunaren izena deituko. Emango dizkiot Jaunari zin egindakoak, herri guztia begira dagoela. Jaunaren begietan balio handikoa Haren zintzoen herioa. Zure morroi nauzu ni, Jauna, zure morroi eta zure neskamearen semea, askatu dituzu nire kateak. Eskainiko dizut gores-oparia, deituko dut, Jauna, zure izena. Emango dizkiot Jaunari zin egindakoak, herri guztia begira dagoela. Jaunaren etxeko atarian, Jerusalem, zure erdian. Abenduan: Ant. Ni naiz Jauna: nire ordua hurbil da; nire salbamenak ez du luzatuko. Pazko aldian: Ant. Askatu dituzu, Jauna, nire kateak; eskainiko dizut gores-oparia, alleluia. Urtean zehar: Ant. Salbamen-edontzia dut hartuko, eta Jaunaren izena deituko. 3 Antifona Abenduan: Bidal ezazu, Jauna, basamortuko Harkaitzetik Sion mendiraino lurraren nagusi izango den Bildotsa. Pazko aldian: Kristok, Jainkoaren Semea izanik ere, neke-artean ikasi zuen esaneko izaten; eta Haren esaneko direnentzat betiko salbamen-iturri egin zen, alleluia. Urtean zehar: Jesus Jaunak apaldu egin zuen bere burua; horregatik Jainkoak goratu egin zuen gizaldien gizaldietan. Kantika: Flp 2, 6-11 Kristo, Jainkoaren zerbitzaria Kristo Jesusek, Jainkoaren izaera bereko izanik, ez zion gogor eutsi Jainkoarekin berdin izateari; bestela baizik, bereaz hustu egin zen, morroi-izaera hartuz, eta beste edozein bezala azalduz. Eta gizon bezala agerturik, apaldu egin zuen bere burua, menpeko eginez heriotzaraino, gurutzeko heriotzaraino. Horregatik Jainkoak goratu egin zuen, eta izen guztien gaineko izena eman zion, Jesusen izenera belaun guztiak makur daitezen, zeruan, lurrean eta lurpean, eta mingain guztiek aitor dezaten: Jesukristo, Jauna da, Aita Jainkoaren aintzarako. Abenduan: Ant. Bidal ezazu, Jauna, basamortuko Harkaitzetik Sion mendiraino lurraren nagusi izango den Bildotsa. Pazko aldian: Ant. Kristok, Jainkoaren Semea izanik ere, neke-artean ikasi zuen esaneko izaten; eta Haren esaneko direnentzat betiko salbamen-iturri egin zen, alleluia. Urtean zehar: Ant. Jesus Jaunak apaldu egin zuen bere burua; horregatik Jainkoak goratu egin zuen gizaldien gizaldietan. JAINKOAREN HITZA: Eb 13, 20-21 Bakearen Jainkoak, betiko itunaren odolari esker ardien Artzain handia den Jesukristo gure Jauna hilen artetik atera duenak, on guztirako gai egin zaitzatela, Haren nahia betetzeko; Hark beteko du guregan Berari atsegin zaiona Jesukristoren bidez: Beroni aintza, gizaldi eta gizaldietan. Amen. GALDERANTZUNA R/. Bai handi, Jauna, * Zuk egindakoak! Bai handi. V/. Zuhurtasunez eginak zeharo. * Zuk egindakoak. Aintza Aitari. Bai handi. ESKARIAK Kristok erruki izan zuen goserik zegoen herriaz, eta maitasun-mirariak egin zituen haien alde. Hori gogoan harturik, apalik eska diezaiogun: Erakuts iezaguzu, Jauna, zure maitasuna. Aitortzen dugu, Jauna, gure on guztiak Zuk emanak ditugula; - ez daitezela Zugana hutsik itzuli, fruitu ugari eman dezatela baizik. Herri guztien argi eta salbamen zaren Jauna, zaindu itzazu mundu guztian zure aitorle direnak, - eta piztu ezazu haiengan zure Espirituaren su-garra. Egizu, Jauna, gizon guztiek errespeta dezatela beren lagun hurkoa, - eta gizon guztiek elkarturik mundu hobe bat eraiki dezatela. Gorputz-arimen sendagile zarena, sendatu gaixoak eta zatozkie lagun heriotza-orduan, - eta gu guztiok lagundu eta indar gaitzazu zure errukiaz. Gure hildakoak zure aukeratuen artean har itzazu, - beren izenak bizitzaren liburuan idatzirik dauzkatenen zorion bera izan dezaten. Jesus piztu delako, Jainkoaren seme gara guztiok; horregatik, beldur gabe esan dezagun: Gure Aita.