SALMOAK 1 Antifona Urtean zehar: Goizean iragartzen dugu, Jauna, zure maitasuna, eta gauez zure leialtasuna. Pazko aldian: Zuk eginek, Jauna, atseginez betetzen naute, zure esku-lanek pozetan naukate, alleluia. 91 Salmoa Gauza guztien egile den Jainkoari goratzarrea Salmo honetan, Jainkoak Kristogan egindako harrigarriak aipatzen dira (S. Atanasio) On da Jaunari eskerrak ematea, eta zure izenean, Goi-goiko, eresi egitea; goizean iragartzea zure maitasuna, eta gauez zure leialtasuna; hamar hariko salteri eta lirarekin, kantuz eta kitararekin. Zuk eginek, Jauna, atseginez betetzen naute, zure esku-lanek pozetan naukate. Bai handi, Jauna, Zuk egindakoak, bai sakon direla zure asmoak! Ez ditu sumatzen burugabeak, ez ulertzen zentzugabeak. Gaiztoak belarra bezala hazten badira ere, eta gaizkile guztiak loratzen, betiko hondamendia izango dute azken. Jauna, Zu, ostera, betieren beti garai zara. Hara, zure etsaiak, Jauna, hara, zure etsaiak galduko dira, gaizkileak sakabanatuko dira. Baina niri basa-idiaren indarra eman didazu, olio oso garbiz gantzutu nauzu. Nire etsaiak lotsaturik ikusi ditut, nire aurka jaiki diren gaiztoen hondamena entzun dut: «Loratuko da zintzoa palmondoa bezala, haziko da Libango izaia bezala; Jaunaren etxean landatua, gure Jainkoaren atarietan loratua. Emango dute uzta zahartzaroan ere, mardul eta gordin egongo dira. Iragarriko dute zein zuzena den Jauna, nire Harkaitza, Beregan gaiztakeriarik ez daukana». Urtean zehar: Ant. Goizean iragartzen dugu, Jauna, zure maitasuna, eta gauez zure leialtasuna. Pazko aldian: Ant. Zuk eginek, Jauna, atseginez betetzen naute, zure esku-lanek pozetan naukate, alleluia. 2 Antifona Urtean zehar: Emaiozue gure Jainkoari aipamenik onena. Pazko aldian: Berak ematen digu heriotza, eta Berak bizia; Berak jo gaitu, eta Berak sendatuko, alleluia. Kantika: Dt 32, 1-12 Jainkoak bere herriari on eginak Zenbat aldiz bildu nahi izan ditudan Nik zure semeak, oiloak bere txitak hegalpera biltzen dituen bezala! (Mt 23, 37) Entzun, zeruak, mintzatzera noa! Entzun beza lurrak nire ahotik mintzoa! Isur bedi euri-antza nire irakaskizuna, jaitsi bedi ihintza bezala nire iharduna; langarra belarrera bezala, euria larratzera bezala. Zabaltzera bainoa Jaunaren izena, emaiozue gure Jainkoari aipamenik onena. Harkaitza da Bera; Haren lanak on biribilak dira, Haren bideak oro zuzenak dira. Leiala da Jauna, gaitzik gabekoa, zuzena eta zintzoa. Gaizki jokatu zaizkio seme endekatuak, gizadi gaizto eta saihestua. Hau al da Jaunarentzat ordaina? Herri zentzugabe eta ezjakina! Ez al da Bera zure aita, zu sortu zaituena, egin eta antolatu zaituena? Oroi zaitez behinolako egunetaz, hausnar egizu gizaldi guztien urteetaz. Galde iezaiozu aitari eta esango dizu, gurasoei, eta mintzatuko zaizkizu. Goi-goikoak herriei lurrak banatu zizkienean, Adan-en semeak zabaldu zituenean, Israelgo semeen kopuruaren arabera ezarri zizkien herriei mugak; bere herria du Jaunak bere partea, Jakob, bere ondare-zatia. Han aurkitu zuen lur utzian, basamortu iluneko orro artean. Magalean hartu zuen eta gozatu, bere begi-ninia bezala zaitu. Arranoak habiako umeak hegarazi ohi dituen bezala, gainean dardaratuz hegalak: Bere hegalak hedatuz ekarri zituen, bere lumen gainean jaso zituen. Jaunak eraman zituen bakarrik. Ez zen Harekin beste jainkorik. Urtean zehar: Ant. Emaiozue gure Jainkoari aipamenik onena. Pazko aldian: Ant. Berak ematen digu heriotza, eta Berak bizia; Berak jo gaitu, eta Berak sendatuko, alleluia. 3 Antifona Urtean zehar: Bai miragarri, Jauna, zure izena, lurbira osoan! Pazko aldian: Ospez eta aintzaz koroitu duzu zure Kristo, alleluia. 8 Salmoa Jaunaren handitasuna eta gizonaren duintasuna Gauza guztiak oinpean jarri zizkion, eta Bera, guztien gainetik, buru ezarri dio Elizari (Ef 1, 22) Jauna, gure Jauna, bai miragarria zure izena, lurbira osoan! Zeruen gainetik gora, zure handitasuna! Umetxoen eta haur bularrekoen ahotik atera duzu gorespena, arerioak isilarazteko, etsaiak eta aurkakoak zentzatzeko. Zure behatzen lana den ortzia ikustean, han ipini dituzun ilargi-izarrak ikustean: Zer da gizona, Zu hartaz oroi zaitezen? Edo-eta gizasemea, Zu hartaz axola zaitezen? Aingeruak baino doi-doi txikiago egin duzu, ospez eta aintzaz koroitu duzu. Zure esku-lan guztien buru ipini duzu, guztia oinperatu diozu: Ardi eta idi guztiak, gainera lurreko abere guztiak; eguratseko hegazti eta itsasoko arraiak, itsas bidexketan dabiltzanak. Jauna, gure Jauna, bai miragarria zure izena, lurbira osoan! Urtean zehar: Ant. Bai miragarri, Jauna, zure izena, lurbira osoan! Pazko aldian: Ant. Ospez eta aintzaz koroitu duzu zure Kristo, alleluia. JAINKOAREN HITZA: Erm 12, 14-16a Bedeinka itzazue zuen etsaiak; bedeinkatu, eta ez madarikatu. Poztu, pozez daudenekin; egin negar, negarrez daudenekin. Izan zaitezte elkarrekin iritzi bereko; ez izan handinahi, apalen adiskide baizik. GALDERANTZUNA R/. Zuri goratzarre egitean, Jauna, * ezpainok pozik egongo dira. Zuri. V/. Nire mingainak aitortuko du zure zuzentasuna. * Ezpainok. Aintza Aitari. Zuri. Benedictus, ant. Israelgo Jainko, zuzendu gure oinok bake-bidean. ESKARIAK Kristo gure senide guztiengan agertzen zaigu, batez ere nekepean daudenengan. Haren maitasuna eta jakinduria aitortuz, eska diezaiogun, esanez: Eraman gaitzazu, Jauna, maitasun betera. Goizetik ospatzen dugu, Jauna, zure piztuera, - eman gizon guztiei zure erospenaren ondasunak. Egizu, Jauna, gaur zure aitorle zintzo izan gaitezela, - eta zure bitartez Aitari eskain diezaiogula atsegin zaion opari santu bat. Egizu, Jauna, gizon guztiengan zure iduria aurki dezagula, - eta haietako bakoitzean Zu zerbitza zaitzagula. Kristo, Zu zara egiazko mahatsondoa, eta gu aihenak; - egizu, Zugan iraun dezagula, fruitu ugari eman dezagun eta Jainko Aita goretsi. Gure fedeak ematen digun uste onez, hurbil gaitezen orain Aitarengana, eta Jaunak erakutsiari jarraituz, esan diezaiogun: Gure Aita. Otoitza Jauna, gure mintzoa, pentsaera eta biziera guztia, etengabeko gorespen izan bedi zure aintzarako, eta gure izate guztia Zugandik dugun ezkero, gure bizi osoa ere doala Zuregana. Zure Seme Jesukristo.