SALMOAK 1 Antifona Urtean zehar: Itxaroten dugu itxaropen zoriontsua, gure Salbatzailearen agerraldi ospetsua. Pazko aldian: Ez izan bihotz larririk; Nigan sinets ezazue bakar-bakarrik. 61 Salmoa Jainkoa, zintzoaren itxaropen bakarra Itxaropenaren Jainkoak bete zaitzatela pozez eta bake osoz (Erm 15, 13) Nire barrenak Jainkoagan bakarrik atsedena, Harengandik nire salbamena. Bera bakarrik dut harkaitz eta salbamen, nire babes: ez naiteke koloka. Noiz arte erasoko diozue gizon bakarrari, denak batera hura lurreratu nahian, horma okertuaren, harresi zartatuaren antzean? Ni nire gaindegitik amiltzea dute asmo bakarra, gezurra zaie atsegin, ahoz onetsi egiten dute, eta bihotzez gaitzetsi. Jainkoagan bakarrik izan ezazu atseden, ene barrena, Harengandik baitatorkit itxaroten dudana. Bera bakarrik dut harkaitz eta salbamen, nire babes: ez naiteke koloka. Jainkoagan dauzkat edertasuna eta salbamena, Jainkoa da nire harkaitz sendo, nire iheslekua. Itxaron ezazu Harengan atergabe, herria, isur ezazue Haren aurrean gogoa, guk ihesleku Jainkoa. Gizakumeak arnasa huts dira, handizkiak, itxura; denak batera pisuan jarrita, arnasa baino arinago dira. Ez itxaron zapalkeritan, ez alperrik harrotu harrapakinetan, ondasunak gora badoaz ez itsatsi haietan. Hitz bat esan du Jainkoak, eta nik bi hauek entzun: «Jainkoarena dela indarra, eta zurea grazia, Jauna, eta Zuk ematen diozula bakoitzari bere eginengatik dagokiona». Urtean zehar: Ant. Itxaroten dugu itxaropen zoriontsua, gure Salbatzailearen agerraldi ospetsua. Pazko aldian: Ant. Ez izan bihotz larririk; Nigan sinets ezazue bakar-bakarrik. 2 Antifona Urtean zehar: Ager diezagula Jainkoak aurpegi alaia, eta bedeinka gaitzala. Pazko aldian: Ene Jainko, ospa zaitzaten herriek, poztu bitez zure salbamenaz, alleluia. 66 Salmoa Ospa bezate Jauna herri guztiek Jakin ezazue, atzerritarrei bidaltzen diela Jainkoak bere salbamena (Ap Eg 28, 28) Erruki bekigu Jainkoa, bedeinka gaitzala, ager diezagula aurpegi alaia; ezagutu dezaten lurrean zure bidea, herri guztietan Zugandiko salbamena. Ene Jainko, ospa zaitzaten herriek, ospa zaitzaten herri guztiek. Poztu bitez kantari atzerriak, zuzenbidez baitaramazu izadia; zintzo baitituzu gidatzen herriak, eta zaintzen lurrean atzerriak. Ene Jainko, ospa zaitzaten herriek, ospa zaitzaten herri guztiek. Lurrak bere uzta eman du, Jainkoak, gure Jainkoak, bedeinkatzen gaitu. Jainkoak bedeinka gaitzala, lur-bazter guztiek beldur diotela. Urtean zehar: Ant. Ager diezagula Jainkoak aurpegi alaia, eta bedeinka gaitzala. Pazko aldian: Ant. Ene Jainko, ospa zaitzala herriek, poztu bitez zure salbamenaz, alleluia. 3 Antifona Urtean zehar: Gauza guztiak Beraren bidez dira eginak, eta guztiek Berarengan diraute. Pazko aldian: Handiz estaltzen du zerua, Haren gorespenez betea da lurra, alleluia. Kantika: Kol 1, 12-20 Sorkari guztietan seme nagusi eta hilen arteko lehenseme den Kristori goratzarrea Eskerrak ematen dizkiogu Aita Jainkoari, argian, santuen oinorde-lagun egin gaituenari. Ilunpearen menpetik atera baikaitu, eta bere Seme maitearen erreinura aldatu. Honengan dugu erospena, Honengan bekatuen barkamena. Hau, Jainko ikusi-ezinaren iduri da, sorkari guztietan lehensemea. Beronen bidez baitira eginak gauza guztiak, zeru-lurretakoak, ageri direnak eta ez direnak: Aulki, Jaun, Nagusi eta Agintedunak; gauza guztiak Beraren bidez eta Berarentzat dira eginak. Diren guztiak baino lehenago da Bera, eta guztiek Berarengan diraute. Gorputzaren buru ere Bera da, Elizaren buru, alegia. Bera da hasiera, hilen arteko lehensemea, diren guztietan Bera izan dadin lehenengoa. Jainkoaren gogoko izan baita betearen betea Harengan egotea, eta Haren bidez, gauza guztiak Berekin adiskidetzea; Haren gurutzeko odolaz bakeak eginik, zeru-lurretan diren guztiekin. Urtean zehar: Ant. Gauza guztiak Beraren bidez dira eginak, eta guztiek Berarengan diraute. Pazko aldian: Ant. Handiz estaltzen du zerua, Haren gorespenez betea da lurra, alleluia. JAINKOAREN HITZA: 1 P 5, 5b-7 Izan zaitezte apalak guztiok elkarrekin, Jainkoak gogor egiten baitie harroei; apalei, berriz, bere grazia ematen. Makur zaitezte Jaungoikoaren esku indartsuaren azpian, Berak bere garaian jaso zaitzaten. Utzi Haren gain zuen kezka guztiak, Bera baita zuen ardura duena. GALDERANTZUNA R/. Gorde gaitzazu, Jauna, * begi-ninia bezala. Gorde. V/. Zure hegalen itzalpeak ezkuta gaitzala. * Begi-ninia. Aintza Aitari. Gorde. Magnificat, ant. Erabil, Jauna, zure besoaren indarra, suntsi buru-harroak, eta gora jaso ezerezak. ESKARIAK Gorets dezagun Jainkoa, bere emaitzez aberasten gaituen gure Salbatzailea, eta eska diezaiogun sinesmenez: Emaguzu ugari, Jauna, zure grazia eta bakea. Jainko betidanikoa, Zuretzat mila urte joan berri den atzoko eguna bezala dira: - oroitarazi iezaguzu beti, gure bizia, goizean sortu eta arratsean ihartzen den belarra bezala dela. Jauna, eman zure herriari mana, goserik izan ez dezan, - eta ur bizia, gehiago egarri ez dadin. Zure fededunek goiko ondasunak bila eta goza ditzatela, - eta beren lan eta atseden-aldiak zure aintzarako izan ditzatela. Emaguzu, Jauna, giro ona, - uzta ederra bil dezagun. (edo) Atera gaitzazu, Jauna, gaitz guztietatik, - eta bedeinka itzazu (ezazu) oparo gure familiak (gure elkartea). Hildakoek ikus dezatela zure aurpegia, - eta gu ere zoriontsu izan gaitezela haiekin batean. Jainko gure Aitaren eskuetan jar ditzagun gure eskariak, eta buka dezagun gure otoitza Jaunak erakutsitako hitzak esanez: Gure Aita. Otoitza Santua da, Jauna, zure izena eta zure errukiak gizaldiz gizaldi irauten du; entzun, zure herriaren otoitza, eta emaiozu betieran zure gorespenak abestea. Zure Seme Jesukristo.