SALMOAK 1 Antifona Urtean zehar: Zure bideak santu, ene Jainko; nor da handiz gure Jainkoa bezain jainko? Pazko aldian: Urek ikusi zintuzten, ene Jainko, zure herria ur handietan ekarri zenuenean, alleluia. 76 Salmoa Israel-en lehengo ospearen oroitzapena Alde guztietarik estutzen gaituzte, baina ez itotzen (2 Kor 4, 8) Jainkoagana dihoakit mintzoa, oihuka nauka, Jainkoagana nire mintzoa, entzun nazan. Estualdian Jaunaren bila nabil, gauez asper gabe zabaltzen dut eskua, pozari uko egiten dio nire gogoak. Intzirika nago Jainkoaz oroitzean, arnasa galtzen dut gogoratzean. Begirik itxi gabe naukazu, asalduraz ezin naiteke mintzatu. Lehengo egunak zaizkit oroitara, antzinako urteak gogora; gauez ari naiz buru-iraultzen, hausnartuz nirekiko galdetzen: Betirako zapuztu ote gaitu Jaunak? Ez ote dugu gure alde aurrerakoan? Agortu ote da betirako Haren maitasuna, galdu ote betirako Hark hitz emana? Urrikaltzea Jainkoari ahaztu ote? edota sumindurik bere errukia itxi ote? «Hau dut min -da nire esana-, Goi-goikoaren eskua aldatu zaidana». Oroitzen naiz Jainkoak eginetaz, oroitzen, bai, antzinako mirarietaz, Zure lan guztiak buruz iraultzen ditut, eta zure mirariak hausnartzen ditut. Zure bideak santu, ene Jainko, nor da handiz gure Jainkoa bezain jainko? Jainko mirarigile Zu zara, herriei adierazi diezu zure indarra. Zure besoz askatu duzu zure herria, Jakoben eta Joseren semeteria. Urek ikusi zintuzten, ene Jainko, urek ikusi zintuzten eta izutu ziren, uhinak ere ikaratu ziren. Euria erruz egin zuten lainoek, hodeiek mintzoa zuten eman, zure geziek egin zuten hegan. Zure ostotsak zurrunbiloan burrunba, tximistek argitu zuten lurbira, dardaratu eta ikaratu zen lurra. Itsasoz egin zenuen zure bidea, eta zure bidexka ur handietan, zure aztarnarik ageri ez zen. Artalde-antzera zenuen zure herria, Moisesen eta Aaronen bidez ekarria. Urtean zehar: Ant. Zure bideak santu, ene Jainko; nor da handiz gure Jainkoa bezain jainko? Pazko aldian: Ant. Urek ikusi zintuzten, ene Jainko, zure herria ur handietan ekarri zenuenean, alleluia. 2 Antifona Urtean zehar: Jauzika daukat bihotza Jaunagan, beheratzen eta goratzen duen Harengan. Pazko aldian: Heriotza eta bizia Jaunak ditu ematen, alleluia. Kantika: 1 Sm 2, 1-10 Jainkoa, behartsuen poza Bota ditu beren aulkitik handizkiak eta gora jaso ditu ezerezak; ondasunez bete ditu gose zeudenak (Lk 1, 52-53) Jauzika daukat bihotza Jaunagan, jaiki da nire bekokia Jainkoagan. Etsaien aurka zabal mintzo naiz, zure laguntzaz pozten bainaiz. Ez da santurik Jauna adinakorik, ez da harkaitzik gure Jainkoa adinakorik. Ez mintza marmar eta harroki, handi usterik ez bedi atera zuen ahotik. Jainkoa baita Jauna, guztia dakiena, Hark neurtzen du guk egina. Bizkorren uztaiak eren ohi dira, ahulak, ostera, kemenez janzten dira. Aseak, ogi-orde doaz lanera, goseak, berriz, lanetik atsedenera. Zazpitan erdi da agor zena, agortu da seme asko zituena. Heriotza eta bizia Jaunak ditu ematen, Berak Leizeratzen du eta handik ateratzen. Jauna du pobre eta aberats egiten, beheratzen eta goratzen. Hautsetatik jaikiarazten du behartsua, simaurretatik altxatzen txiroa; handizkien artean eserarazi dezan, eta aulki garaitsu bat eman. Lurraren zutoinak Jaunak bere baititu, lurbira haien gainean ipini du. Bere zintzoen urratsak ditu zaintzen, gaiztoak, aldiz, ilunpetan dira galtzen; gizona ez da bizkor bere indarrez. Bere etsaiak xehatu ditu Jaunak, Goi-goikoak ostots egin du zeruan. Jaunak erabakiko ditu lurreko mugak, emango dio erregeri bere indarra, eraikiko du bere Gantzutuaren adarra. Urtean zehar: Ant. Jauzika daukat bihotza Jaunagan, beheratzen eta goratzen duen Harengan. Pazko aldian: Ant. Heriotza eta bizia Jaunak ditu ematen, alleluia. 3 Antifona Urtean zehar: Errege da Jauna, alai bedi lurbira! + Pazko aldian: Argia sortu zaio zintzoari, alaitasuna bihotz zuzenari, alleluia. 96 Salmoa Jauna da errege, jainko guztien gainetik Salmo honetan, munduaren salbamena eta herri guztien bihotz-berritzea aipatzen dira (S. Atanasio) Errege da Jauna, alai bedi lurbira! + Poztu bitez uharte guztiak! Inguruan Laino eta Hodei beltza dakarzkio, Zuzena eta Bidezkoa ditu bere aulkiaren oinarri. Aurrerik Sua dihoakio, eta inguruko etsaiak kiskaltzen ditu. Haren tximistek argitzen dute lurbira, eta ikustean ikaratzen da lurra. Mendiak ezkoa bezala urtzen dira Jaunaren aurrean, lur guztiaren Jaunaren aurrean. Adierazten du ortziak Haren zuzentasuna, herri guztiek dakuste Haren edertasuna. Lotsatzen dira jainko-idurien jauresleak, beren jainkoengan harrotzen direnak: Haren aurrean ahuspeztuko dira jainko guztiak. Entzunez pozten da Sion, Judako hiriak alaitzen dira, Jauna, zure erabakiengatik. Zu, Jauna, Goi-goiko, lur guztiaren gainetik, oso garai zaude jainko guztien gainetik. Maite ditu Jaunak hobena gorroto dutenak, bere zintzoen biziak zaintzen ditu, gaiztoen eskutik ateratzen ditu. Argia sortu zaio zintzoari, alaitasuna bihotz zuzenari. Poztu zaitezte, zintzoak, Jaunarengan, ospa ezazue Haren izen santua. Urtean zehar: Ant. Errege da Jauna, alai bedi lurbira! Pazko aldian: Ant. Argia sortu zaio zintzoari, alaitasuna bihotz zuzenari, alleluia. JAINKOAREN HITZA: Erm 8, 35. 37 Nork kenduko digu Kristoren maitasuna? Nahigabeak, larriak, erasoaldiak, goseak, jantzirik ezak, arriskuak, ezpatak? Guzti horietan garaile ateratzen gara gu, maite izan gaituen Harengatik. GALDERANTZUNA R/. Bedeinka dezadan * aldi oro Jauna. Bedeinka. V/. Nire ahoan beti Haren gorespena. * Aldi oro. Aintza Aitari. Bedeinka. Benedictus, ant. Izan gaitezen Jaunaren zerbitzari zintzo eta zuzen gure egun guztietan. ESKARIAK Munduaren azkeneraino gurekin egongo zela agindu zigun Jesukristo Jaunari otoitz diezaiogun, eta uste osoz esan diezaiogun: Zaude gurekin, Jauna. Geldi zaitez gurekin, Jauna, egun honetan: - zure graziaren argiak ez dezala izan behin ere iluntzerik gure bizitzan. Zuretzat opari atsegin eskaintzen dizugu egun hau, - eta erabaki hartzen dugu okerrik ez egiteko, ez hitzez, ez egitez. Gaurko gure egun hau egun argitsu izan dadila, - lurraren gatz eta munduaren argi izan gaitezen. Espiritu Santuaren maitasuna bizi dadila gure bihotz eta ezpainetan, - guk zure zuzentasunean eta Zu goresten iraun dezagun. Buka dezagun gure otoitza Jaunak erakutsitako hitzak esanez, eta eska diezaiogun Aitari atera gaitzala gaitz guztietatik: Gure Aita. Otoitza Bidal ugari, Jauna, gure bihotzetara zure argia, zure aginduen bideetan beti aurrera eginez, okerrean eror ez gaitezen. Zure Seme Jesukristo.