SALMOAK 1 Antifona Urtean zehar: Noiz noake Jainkoaren aurpegia ikustera? Pazko aldian: Basahuntza iturrien irrika bezala, ala daukat, Jainko, gogoa irrika Zugana, alleluia. + 41 Salmoa Jaunarenganako eta jauretxerako grina Egarri dena betor, eta nahi duenak har beza hutsean biziaren ura (Apk 22, 17) Basahuntza iturrien irrika bezala, ala daukat, Jainko, gogoa irrika Zugana. + Nire gogoa Jainkoaz, Jainko biziaz, egarri da, noiz noake Jainkoaren aurpegia ikustera. Gau eta egun, malkoak ditut ogi, egunero ari zaizkit: «Non duk hire Jainko hori?». Urtzen zait barnean gogoa hau oroituz: nola joaten nintzen Jainkoaren etxera, irrintzika eta goraka, jendetzaren aurrean, jaitarrekin batera. Zergatik zaude, ene anima, lur jorik? Zergatik, ezin egonik? Itxaron Jainkoagan, berriz ere Hura baitut goretsiko, nire aurpegiaren salbamen eta nire Jainko. Atsekabez daukat bihotza, eta gogoan zaitut Jordan lurretik, Hermondik eta Misar menditik. Leizeak leizean deiadar zure ur-jauzien durundian, zure uhin eta ur-tontorrak nire gainetik igaro dira. Egunez bidaliko dit Jaunak bere grazia, eta gauez egingo diot eresi, otoitz egingo, bizi nauen Jainkoari. Hau esango diot Jainkoari: «Ene Harkaitz, zergatik naukazu ahazturik? Zergatik nabil goibel, etsaiak zapaltzen nauelarik?» Hezurrak xehatzen zaizkit, etsaiek isekatzen nautenean, «Non duk hire Jainko hori?» egunero niri esatean. Zergatik zaude, ene anima, lur jorik? Zergatik, ezin egonik? Itxaron Jainkoagan, berriz ere Hura baitut goretsiko, nire aurpegiaren salbamen eta nire Jainko. Urtean zehar: Ant. Noiz noake Jainkoaren aurpegia ikustera? Pazko aldian: Ant. Basahuntza iturrien irrika bezala, ala daukat, Jainko, gogoa irrika Zugana, alleluia. 2 Antifona Urtean zehar: Ager ezaguzu, Jauna, zure aintza eta zure errukia. Pazko aldian: Jauna, bete ezazu Sion zure handitasunez, eta zure jauretxea zure edertasunez, alleluia. Kantika: Sir 36, 1-7. 13-16 Jerusalemgo hiri santuaren alde eskaria Hau da betiko bizia: ezagutu zaitzatela Zu, egiazko Jaungoiko bakar Hori, eta Jesukristo, Zuk bidali zenuena (Jn 17, 3) Gauza guztien Jainko, salba gaitzazu; atzerri guztietan Zureganako beldurra sar ezazu. Jaso zure eskua beste herrien aurka, ikus dezaten zure ahalmena. Gu zigortuz, santu agertu baitzara haien aurrean, horrela, haiek zigortuz, ager zaitez handi gure aurrean. Jakin dezaten, Jauna, guk dakigun bezala, Zu beste jainkorik ez dela. Berri itzazu mirariak, berrizta harrigarriak, zure esku eta besoan emaiezu ospea. Bil itzazu Jakoben leinu guztiak, behinola bezala emaiezu beren ondarea. Erruki zakizkio, Jauna, zure izena daraman herriari, zure lehen semetzat hartu duzun Israeli. Erruki zakizkio zure hiri santuan, Jerusalemi, zure bizilekuari. Bete ezazu Sion zure handitasunez, eta zure jauretxea zure edertasunez. Urtean zehar: Ant. Ager ezaguzu, Jauna, zure aintza eta zure errukia. Pazko aldian: Ant. Jauna, bete ezazu Sion zure handitasunez, eta zure jauretxea zure edertasunez, alleluia. 3 Antifona Urtean zehar: Bedeinkatua Zu, Jauna, zeru urdinean. Pazko aldian: Jaungoikoaren aintzak argitzen du hiri Santua, eta Bildotsa du bere argi, alleluia. 18 A Salmoa Jainko, lurbiraren egileari, gorespena Agertuko zaigu Goiz-eguzkia gainetatik... gure oinok bake-bidean zuzentzera (Lk 1, 78. 79) Ortziak Jainkoaren ospea du zabaltzen, zeru urdinak Haren esku-lana iragartzen. Bidaltzen dio hitza egunak egunera, berri ematen gauak gauari. Ez da hitzik, ez mintzorik, ez da hotsik, entzun daitekeenik: Lur guztira zabaltzen da haien hotsa, lurbiraren mugaraino haien mintzoa. Han ipini dio eguzkiari egoitza, irteten da, senarra bere gelatik bezala; pozik doa gizon indartsu antzera, bere ibilbidea egitera. Zeru-bazterretik irteten da, eta beste bazterreraino haren txangoa, inork ez dezake huts egin haren beroa. Urtean zehar: Ant. Bedeinkatua Zu, Jauna, zeru urdinean. Pazko aldian: Ant. Jaungoikoaren aintzak argitzen du hiri Santua, eta Bildotsa du bere argi, alleluia. JAINKOAREN HITZA: Jr 15, 16 Zure hitzak niregana orduko, irensten nituen nik; zure hitzak nire zoriona ziren, nire bihotzeko atsegina; zure izena, Jauna, diren guztien Jainkoa, nire alde deitua izan baitzen. GALDERANTZUNA R/. Poztu zaitezte, zintzoak, Jaunagan, * zuzenak direnei dagokie Hura gorestea. Poztu. V/. Kanta iezaiozue kantu berri. * Zuzenak. Aintza Aitari. Poztu. Benedictus, ant. Bedeinkatua Jauna, Israelgo Jainkoa, agertu eta askatu gaituena. ESKARIAK Gure Salbatzaileak apaiz eta errege-herri egin gaitu, Jaungoikoari opari atsegingarriak eskain diezazkiogun; eskerrak emanez, esan diezaiogun: Zaindu gaitzazu, Jauna, zure zerbitzuan. Jesus Jauna, betidaniko apaiza, zure herria apaiz-herri egin duzu: - egizu, Jainkoari atsegingarri zaizkion gogozko opariak eskain diezazkiogula beti. Eman iezazkiguzu ugari, Jauna, Espiritu Santuaren emaitzak: - eroapena, ontasuna eta bihotz ona. Emaguzu Zu maitatzea, maitasun zaren Hori gure egin zaitzagun; - emaguzu ongi egitea, gure ekintza honekin Zu gorets zaitzagun. Egizu, gure senideen ona bila dezagula beti, - errazago irits dezaten salbamena. Jainkoaren seme garela jakitearen pozez, hurbil gaitezen gure Aitarengana, eta esan dezagun: Gure Aita. Otoitza Egun honen hasieraraino ekarri gaituzun Jainko guztiz ahaltsu: salba gaitzazu gaur zure ahalmen handiaz, ezertan huts egin ez dezagun, eta gure gogapen, hitz eta egiteak zure bide zuzenetik ibil daitezen. Zure Seme Jesukristo.