SALMOAK 1 Antifona Urtean zehar: Atzerrien argitzat jartzen zaitut, lurraren bazterreraino nire salbamen izan zaitezen. Pazko aldian: Kristo ipini du Jainkoak bizien eta hilen epaile, alleluia. 71 Salmoa Mesiasen errege-agintaritza Beren kutxak ireki eta erregaliak egin zizkioten: urrea, intsentsua eta mirra (Mt 2, 11) I Emaiozu, Jainko, zure auzia erregeri, zure zuzentasuna errege-semearengan. Zaindu beza zure herria zuzentasunez, eta zure gizagaixoak zuzenbidez. Mendiek ekar biezaiote herriari bakea, eta muinoek zuzenbidea. Herriko xumeak babes bitza, salbatu behartsuen semeak, xehatu bitza zapaltzaileak. Eguzkia adina luzaro bizi bedi, ilargia adina gizaldiz gizaldi. Jaitsi bedi, euria belardira bezala, lurra asetzen duen euri-lanbroa bezala. Zuzentasuna garatuko da haren egunetan, bakea ugari ilargia itzali artean. Nagusi izan bedi itsasotik itsasoraino, ibaitik lehor mugaraino. Arerioak aurrean zaizkio ahuspeztuko, haren etsaiek hautsa dute milikatuko. Tarsisko eta uharteetako erregeek ekarriko dizkiote esku-ikusiak, Arabia-ko eta Sabako erregeek emariak Errege guztiek dute ahuspez agurtuko, atzerri guztiek zerbitzatuko. Urtean zehar: Ant. Atzerrien argitzat jartzen zaitut, lurraren bazterreraino nire salbamen izan zaitezen. Pazko aldian: Ant. Kristo ipini du Jainkoak bizien eta hilen epaile, alleluia. 2 Antifona Urtean zehar: Jaunak salbatuko ditu behartsuen semeak, eta xehatuko zapaltzaileak. Pazko aldian: Lurreko leinu guztiak Harengan izango dira bedeinkatuak, alleluia. II Onik aterako baitu oihuka ari den jende xehea, eta laguntzailerik ez duen dohakabea. Apalarentzat eta behartsuarentzat izango du errukia, salbatuko du behartsuen bizia. Gogorkeria eta zapalketatik aterako ditu, haien odola harentzat baliotsu. Bizi bedi! Eta Arabiako urretik emango diote, haren alde beti otoitz egingo dute, atergabe bedeinkatuko dute. Gari ugari izango da soroetan, balantzan egongo da mendi-tontorretan; emango du uzta Libanok bezala, hiria loratuko da zelaiko belarra bezala. Betirako izan bedi haren izena, eguzki-argia haina haren izenaren iraupena. Lurreko leinu guztiak Harengan izango dira bedeinkatuak, herri guztiek dohatsu aitortuko dute ura. Bedeinkatua Jauna, Israelgo Jainkoa, mirariak egiten bakarra! Bedeinkatua Haren izen ederra betieren beti, eta Haren aintzaz lurbira osoa bete bedi! Amen, amen! Urtean zehar: Ant. Jaunak salbatuko ditu behartsuen semeak, eta xehatuko zapaltzaileak. Pazko aldian: Ant. Lurreko leinu guztiak Harengan izango dira bedeinkatuak, alleluia. 3 Antifona Urtean zehar: Orain etorri dira gure Jainkoaren salbamena eta erregetza. Pazko aldian: Jesukristo berbera da atzo eta gaur, eta gizaldi eta gizaldietan ere, alleluia. Kantika: Apk 11, 17-18; 12, 10b-12a Jainkoaren epaia Eskerrak ematen dizkizugu, Jauna, bazaren eta bazinen Jainko ahalguztiduna; zure ahalmen handiaz jabetu baitzara, eta errege izaten hasia zara. Haserretu ziren atzerriak, baina heldu da zure haserrea, eta hilak epaitzeko ordua; heldu zaie sari-ordua zure zerbitzari profetei, eta santu eta zure izenaren beldur direnei, txikiei nahiz handiei. Orain etorri da salbamena, gure Jainkoaren indarra eta erregetza, eta bere Kristoren ahalmena; amildua izan baita gure senideen salatzailea, gure Jainkoaren aurrean, gau eta egun, salatzen zituena. Haiek azpiratu dute Bildotsaren odolaz, eta eman duten aitormenaz: beren bizia ez baitute izan maiteago, heriotza baino. Poztu zaitezte, beraz, zeruak, eta haietan bizi zaretenak. Urtean zehar: Ant. Orain etorri dira gure Jainkoaren salbamena eta erregetza. Pazko aldian: Ant. Jesukristo berbera da atzo eta gaur, eta gizaldi eta gizaldietan ere, alleluia. JAINKOAREN HITZA: 1 P 1, 22-23 Zuen arimak garbitu dituzue, egiari obedituz, senideak bezala zinez elkar maitatzeko. Maita ezazue elkar bihotz garbiz eta gartsuki; berriz jaioak baitzarete, eta ez hazi ustelkorretik, ustel ezinetik baizik, Jainkoaren hitz bizi eta iraunkorrari esker. GALDERANTZUNA R/. Jauna dut artzain, * ez naiz ezeren beharrean. Jauna. V/. Larre gurietan etzan erazten nau. * Ez naiz. Aintza Aitari. Jauna. Magnificat, ant. Zuzentasunaren gose direnak asetzen ditu Jaunak, eta ondasunez betetzen. ESKARIAK Eskerrak eman diezazkiogun Jainkoari, bere herria Espirituaren era guztietako bedeinkapenez bedeinkatu duen gure Salbatzaileari, eta eska diezaiogun: Bedeinka, Jauna, zure herria. Jainko errukitsu, zaindu ezazu I... gure Aita Santua, eta I... gure Gotzaina; - gorde itzazu okerrik gabe, zure Elizaren artzain aukeratu dituzunak. Babes ezazu, Jauna, zure herria, - eta atera ezazu gaitz guztietatik. Gehi itzazu olio-kimuak bezala zure mahai-inguruan, beren bizia zure erreinuaren zerbitzurako eskaintzen duten semeak, - Zuri birjintasunean, pobretasunean eta menpetasunean hurbilagotik jarrai diezazuten. Zain itzazu, beren birjintasuna eskaini dizuten zure alabak, - Zuri, Jainkoaren Bildots horri, noranahi jarrai diezazuten. Emaiezu betiko bakea hildakoei, - eta elkar gaitzazu gu ere haiekin betiko zorionean. Jesukristoren bitartez Jainkoaren seme izatera iritsi garen ezkero, hurbil gaitezen uste osoz gure Aitarengana, eta esan dezagun: Gure Aita. Otoitza Jauna, arratsaldeko gure gorespen-oparia eskaintzean, apalik eskatzen dizugu, zure legea gau eta egun gogoan erabil dezagula, eta betiko biziaren argia eta saria eman diezazkiguzula. Zure Seme Jesukristo.