SALMOAK 1 Antifona Urtean zehar: Jauna, zure indarrari eragin iezaiozu, zatoz eta salba gaitzazu. Pazko aldian: Ni naiz mahatsondoa, eta zuek aihenak, alleluia. 79 Salmoa Zure mahatsondo honi ager zakizkio, Jauna Zatoz, Jesus Jauna! (Apk 22, 20) Israelgo Artzain, adi ezazu, Jose artaldera bezala larratzen baituzu. Kerubin-gainean eseri ohi baitzara, egizu dirdai Efrain, Benjamin eta Manasesen aurrera. Zure indarrari eragin iezaiozu, zatoz eta salba gaitzazu. Jainko, berpiztu gaitzazu, salba gaitezen, zure begia leun ager ezazu. Noiz arte zaude sumin, Jauna, gudari-taldeen Jainkoa, zure herriaren otoitzaren aurka? Negarra eman diguzu janari, malko ugariak edari. Auzoen arteko borroka bide egin gaituzu, eta etsaiak iseka ari zaizkigu. Gudari-taldeen Jainko, berpiztu gaitzazu, salba gaitezen zure begia leun ager ezazu. Egiptotik mahatsondo bat atera zenuen, atzerriak iraitzirik landatu zenuen. Lurra zenion antolatu, lurraldea estaltzeraino zen errotu. Mendiak gerizpean ditu bere itzalarekin, eta izairik handienak bere aihenekin. Zabaldu ditu adarrak itsasoraino, eta muskilak Ibairaino. Inguruko orma zergatik diozu suntsitu, bidez doazen guztiek dezaten murriztu? Basurdeek lardaska dezaten, basa-piztiek jan dezaten? Itzul zakizkigu, gudari-taldeen Jainko, begira zerutik, ikus, mahatsondo honi ager zakizkio: zure eskuz landatu duzun aldaska oni, Zuk indartu duzun landarean. Erre eta kiskali dute eta ebaki, honda itzazu zure bekozko zorrotzarekin. Emaiozu eskua, aukeratu duzun gizonari, Zerorrek indartu duzun gizasemean. Ez gara Zugandik urrunduko, gauzkazu bizirik eta zure izena dugu deituko. Jauna, gudari-taldeen Jainkoa, berpiztu gaitzazu, salba gaitezen, zure begia leun ager ezazu. Urtean zehar: Ant. Jauna, zure indarrari eragin iezaiozu, zatoz eta salba gaitzazu. Pazko aldian: Ant. Ni naiz mahatsondoa, eta zuek aihenak, alleluia. 2 Antifona Urtean zehar: Ezagutarazi lur osoan aipatzekoak egin dituela Jaunak. Pazko aldian: Aterako dituzue urak pozetan, salbamenaren iturrietan, alleluia. Kantika: Is 12, 1-6 Salbamena iritsi duen herriaren esker ona Egarri dena betor Nigana eta edan beza (Jn 7, 37) Eskerrak Zuri, Jauna; nire aurka zeunden haserre, baino joan da zure haserrea eta pozez nauzu bete. Hara, Jainkoa da nire salbatzaile; badut uste on eta ez naiz beldur. Jauna baita nire indar eta kemen, Bera izan da nire salbamen. Aterako dituzue urak pozetan, salbamenaren iturrietan. Egun hartan hau esango duzue: «Eskerrak Jaunari, Haren izena oihu egizue. Ezagutarazi herrietan Haren eginen bikainak, iragar ezazue Haren izen garaia. Kanta Jaunari, egin baititu aipatzekoak, ezagutu bezate hau lurbira osoan. Sionen bizi zaretenok, gorets ezazue irrintzika, handi baitago Israelgo Santua zuen erdian». Urtean zehar: Ant. Ezagutarazi lur osoan aipatzekoak egin dituela Jaunak. Pazko aldian: Ant. Aterako dituzue urak pozetan, salbamenaren iturrietan, alleluia. 3 Antifona Urtean zehar: Egin pozez oihu, laguntzaile dugun Jainkoari. + Pazko aldian: Jaunak gari-mamiz janaritu gaitu, alleluia. 80 Salmoa Zinezko elkarte-berritzea Begira, senideok: zuetako inork ez dezala izan bihotz gaizto eta sinesgaberik (Heb 3, 12) Egin pozez oihu, laguntzaile dugun Jainkoari, + egin txalo Jakoben Jainkoari. Jo salteria, tunpa zaldabaia, lirarekin kitara alaia. Jo turuta ilberrian, ilbeteko gure jai handian. Israelek baitu ohitura, Jakoben Jainkoak agindua; Joseri ezarri zion legea, Egiptotik irtetean. Mintzaera ezezaguna nuen entzun: «Kendu diot bizkarretik zama, haren eskuek utzi dute saski-lana. Larrialdian oihu egin didazu eta askatu zaitut, ekaitzaren barnetik erantzun dizut, Meribako uretan aztertu zaitut. Entzun, ene herri, zure aurka dudan aitormena, entzungo al nauzu Israel, agian! Ez izan zuregan besteren jainkorik, ez jauretsi jainko arrotzik. Ni nauzu Jauna, zure Jainkoa, Egiptotik Nik zaitut atera: zabal ezazu ahoa, eta izango duzu betea. Baina nire herriak ez du entzun nire mintzoa, Israel ez da egon nire esanera. Horregatik utzi ditut beren bihotz elkorraren nahitara, bebiltza beren gogara! Ai, entzungo banindu nire herriak! Israel balebil nire bidean! Haren etsaiak berehala zapalduko nituzke, haren etsaien aurka eskua itzuliko nuke. Jauna gorroto dutenak menpean lituzke, eta haien zoria betiko horrela legoke. Gari-mamiz janaritu nezake, eta harkaitzeko eztiz ase. Urtean zehar: Ant. Egin pozez oihu, laguntzaile dugun Jainkoari. Pazko aldian: Ant. Jaunak gari-mamiz janaritu gaitu, alleluia. JAINKOAREN HITZA: Erm 14, 17-19 Jainkoaren erreinuak ez du zerikusirik jan-edanekin; bai, ordea, Espiritu Santuaren dohain diren zuzentasun, bake eta alaitasunarekin; eta Kristori honela zerbitzatzen diona, Jainkoaren gogoko da, eta gizonek onartzen dute. Saia gaitezen, bada, bakea sortzeko eta elkarte-bizitza eraikitzeko on diren gauzetan. GALDERANTZUNA R/. Gauean, Jauna, * Zu gogo ematen zaitut. Gauean. V/. Zu gertatu baitzara nire laguntzailea. * Zu gogo ematen. Aintza Aitari. Gauean. Benedictus, ant. Erakuts, Jauna, zure herriari salbamena, eta barka gure bekatuak. ESKARIAK Bedeinka dezagun Jainkoa, bere semeei maitekiro begiratzen dien eta hauen eskariak beti entzuten dituen gure Aita, eta esan diezaiogun apalki: Argitu, Jauna, gure begiak. Eskerrak Zuri, Jauna, Jesukristoren argiaz argitu gaituzulako; - distira horrek argi ditzala gure egite guztiak. Zure jakinduriak zuzen beza gaurko gure eguna, - horrela bizitza berrian ibil gaitezen. Lagun ezaguzu zorigaitzak Zugatik eramaten, - bihotz handiz zerbitza zaitzagun. Santu egin itzazu eta zuzendu egun honetako gure gogapen, hitz eta egiteak, - zure eraginari leialki erantzun diezaiogun. Orain denok elkarrekin otoitz egin diezaiogun Aitari eta esan dezagun: Gure Aita. Otoitza Argi guztien iturburua zaren Jauna, apalki eskatzen dizugu, zure legea geure barnean hausnartuz, beti zure argitan bizi gaitezela. Zure Seme Jesukristo.