SALMOAK 1 Antifona Abenduan: Sion da gure hiri babestua: harresi eta harresi-aurrekoak jarri dizkio Salbatzaileak; zabal itzazue ateak, Jainkoa gurekin baita, alleluia. Pazko aldian: Hau da Jaunak egin duen eguna, alleluia. Urtean zehar: Bedeinkatua, Jaunaren izenean datorrena, alleluia. 117 Salmoa Iritsitako garaipenagatik eskerrak ematea Jesus da zuek etxegileok baztertu duzuen harria; baina orain giltzarri egina dago (Eg 4, 11) Eskerrak Jaunari, ona baita, Haren maitasuna betikoa baita. Israel etxeak hau esan beza: «Haren maitasuna betikoa». Aaron etxeak hau esan beza: «Haren maitasuna betikoa». Esan bezate Jaunaren beldur direnak: «Haren maitasuna betikoa». Deitu nuen larrialdian Jauna, entzun ninduen eta onez atera. Jauna dut nirekin: ez dut beldurrik, gizonak zer egingo didanik. Nirekin Jauna, niri lagun egiteko, nik etsaiak lotsatuak ikusteko. Hobe da Jaunagana biltzea, eta ez gizonengan uste on izatea; hobe da Jaunagana biltzea, eta ez handizkiengan uste on izatea. Atzerri-jende guztiak inguratu ninduten: Jaunaren izenean xehatu nituen. Alde guztitik jendeek inguratu ninduten: Jaunaren izenean xehatu nituen. Erleek bezala inguratu ninduten, piztu ziren sua sasian bezala: Jaunaren izenean xehatu nituen. Gogor bultzatu ninduten erortzeko, han zegoen Jauna ni laguntzeko. Nire indar eta nire kemen Jauna, Hura gertatu da nire salbamena. Poz eta garaipen-oihuak zintzoen etxolan: «Jaunaren eskuina bizkor jokatu da, Jaunaren eskuinak nau altxatu, Jaunaren eskuina bizkor da jokatu». Hil ez, baino bizi naiz egingo, Jaunaren eginak nik oihu egingo. Zigortu nau Jaunak, zigortu, baina ez nau heriotzaratu. Ireki niri zintzotasunaren ateak, hortik sarturik eman diezazkiodan Jaunari eskerrak. - Hau da Jaunaren atea, zintzoak sartuko dira aurrera. - Eskerrak Zuri, entzun nauzulako, salbamen gertatu zatzaizkidalako. Etxegileek baztertutako harria, berori gertatu da giltzarria. Jaunak egin du hori, gure begien harrigarri. Hau da Jaunak egin duen eguna, gu pozteko eta alaitzeko eguna. Eman, Jauna, salbamena, eman, Jauna, zoriona. - Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena, bedeinkatzen zaituztegu Jaunaren etxean. Jainkoa da Jauna, guri argi egin diguna. - Antola ezazue jende-lerroa abar-hostoak eskuetan dituztela, aldarearen ertzetaraino doazela. Zu zara nire Jainko, eskerrak ematen dizkizut; ene Jainko, goresten zaitut. Eskerrak Jaunari, ona baita, Haren maitasuna betikoa baita. Abenduan: Ant. Sion da gure hiri babestua: harresi eta harresi-aurrekoak jarri dizkio Salbatzaileak; zabal itzazue ateak, Jainkoa gurekin baita, alleluia. Pazko aldian: Ant. Hau da Jaunak egin duen eguna, alleluia. Urtean zehar: Ant. Bedeinkatua, Jaunaren izenean datorrena, alleluia. 2 Antifona Abenduan: Egarri zareten guztiok, zatozte uretara; bila ezazue Jauna, aurki daitekeen artean, alleluia. Pazko aldian: Bedeinkatua Zu, Jauna, zeru sabaian: aintza eta gorespen Zuri gizaldietan, alleluia. Urtean zehar: Diezaiogun goratzarre Jaunari, gure Jainkoari, alleluia. Kantika: Dn 3, 52-57 Gorets bezate Jauna izaki guztiek Bedeinkatua izan bedi Jainkoa, gauza guztien egilea (Erm 1, 25) Bedeinkatua Zu, Jauna, gure arbasoen Jainkoa: aintza eta gorespen Zuri gizaldietan. Bedeinkatua zure izen santu eta aintzagarria: aintza eta gorespen Berari gizaldietan. Bedeinkatua Zu, jauretxe santu eta aintzagarrian: aintza eta gorespen Zuri gizaldietan. Bedeinkatua Zu, zure erreinuko aulkian: aintza eta gorespen Zuri gizaldietan. Bedeinkatua Zu, kerubin-gainean eseriz, leizeak ikusten dituzuna: aintza eta gorespen Zuri gizaldietan. Bedeinkatua Zu, zeru sabaian: aintza eta gorespen Zuri gizaldietan. Jaunak egindako guztiak, bedeinka ezazue Jauna: goretsi eta ospatu gizaldietan. Abenduan: Ant. Egarri zareten guztiok, zatozte uretara; bila ezazue Jauna, aurki daitekeen artean, alleluia. Pazko aldian: Ant. Bedeinkatua Zu, Jauna, zeru sabaian: aintza eta gorespen Zuri gizaldietan, alleluia. Urtean zehar: Ant. Diezaiogun goratzarre Jaunari, gure Jainkoari, alleluia. 3 Antifona Abenduan: Hara, gure Jauna indartsu dator, eta bere morroien begiak argituko ditu, alleluia. Pazko aldian: Ahuspez jaurets ezazue, aulkian eserita dagoen Jauna, eta esan: Amen, alleluia. Urtean zehar: Gorets ezazue Jauna bere handiaren handiagatik, alleluia. 150 Salmoa Gorets ezazue Jauna Eresi egizue bihotz-bihotzez, eresi egizue gogo-gogoz, hau da, gorets ezazue Jainkoa gorputz eta arimaz (Hesikio) Gorets ezazue Jauna bere jauretxean, gorets ezazue bere zeru ospetsuan. Gorets ezazue, Berak egin lan handiengatik, gorets ezazue bere handiaren handiagatik. Gorets ezazue turutaren hotsez, gorets ezazue salteriz eta kitara hotsez. Gorets ezazue zaldabai eta dantzarekin, gorets ezazue zurda-soinu eta txistuarekin. Gorets ezazue txilin ozenekin, gorets ezazue txilin alaiekin. Arnasa duen guztiek Jauna beza goretsi. Abenduan: Ant. Hara, gure Jauna indartsu dator, eta bere morroien begiak argituko ditu, alleluia. Pazko aldian: Ant. Ahuspez jaurets ezazue, aulkian eserita dagoen Jauna, eta esan: Amen, alleluia. Urtean zehar: Ant. Gorets ezazue Jauna bere handiaren handiagatik, alleluia. JAINKOAREN HITZA: Ez 36, 25-27 Ur garbiz zipriztinduko zaituztet, eta garbituko zarete zikin guztitik; garbituko zaituztet zuen sasi-jainkoetatik. Bihotz berria emango dizuet, eta barnean arnasa berria ezarriko dizuet. Kenduko dut zuen haragitik harrizko bihotza, jarriko dizuet haragizko bihotza. Nire arnasa zuen barnean ipiniko dut eta nire lege bidean ibil eraziko zaituztet, nire aginduak zaindu ditzazuen eta bete. GALDERANTZUNA R/. Ospatzen zaitugu, Jauna, ospatzen, * zure izena dugu zabaltzen. Ospatzen. V/. Zure mirariak adierazten. * Zure. Aintza Aitari. Ospatzen. ESKARIAK Senideok: eskerrak eman diezazkiogun «Jainkoa gurekin» izateko mundu honetara etorri zen gure Salbatzaileari, eta esan diezaiogun uste osoz: Kristo, zeruko Errege, izan zaitez gure argi eta atsegin. Jesus Jauna, goietatik sortzen zaren Eguzkia eta piztuko direnetan lehen biztua: - egizu, Zuri jarraituz ez gaitezela behin ere egon heriotzaren ilunpetan, ibil gaitezela baizik, betiko biziaren argitan. Aurki dezagula, Jauna, Zuk egindako gauza guztietan zabaldurik dagoen zure ederra, - haietan beti zure aintza ikus dezagun. Ez utzi, Jauna, gaur gu gaiztakerian erortzen; - baizik egizu, onaren bidez garai dezagula txarra. Jordanen bataiatua izan zinenean, Espiritu Santuaz gantzutua izan zinen: - egizu, Espiritu Santuak erabil gaitzala gaur gure jokabide guztietan. Jesusi esker, Jaungoikoaren seme izena daramagu, baita izana ere; horregatik, beldur gabe esan dezagun: Gure Aita.