SALMOAK 1 Antifona Urtean zehar: Senda nazazu, Jauna, hoben egina bainauzu zure aurka. Pazko aldian: Kristo guregatik behartsu egin zen, gu aberastu gintezen, alleluia. 40 Salmoa Gaixo dagoen baten otoitza Zuetako batek, Nirekin jaten ari den batek, salduko nau (Mk 14, 18) Bai dohatsu, behartsuaz eta dohakabeaz arduratzen dena, egun gaiztoan onez aterako du Jaunak. Jaunak gordeko du eta bizirik edukiko, dohatsu egingo du lurrean: ez du utziko etsaien menpean. Ohean minez dela, Jauna zaio lagun etorriko, gaitzaldiko ahultasun guztiak kenduko dizkio. Hau diot nik: «Erruki zakizkit, Jauna, senda nazazu, hoben egina bainauzu zure aurka». Etsaiak gaizki esaka ari dira nitaz; «Noiz hilko ote da; noiz geldituko haren izena itzalia»? Ikustera datorkidanari ahotik huskeria dario, bihotzean okerra darabil, handik irtetean da mintzo. Marmarrez ari dira nire aurka gorroto nautenak, denak batean, niri kalte zaidana asmaketan. «Izurri gaiztoak hartu du, ohean datzan hori ez da berriro jaikiko». Nik adiskide on uste nuenak berak, nire ogirik jaten zuenak, nire aurka jaso du orpoa. Zu, ordea, erruki zakizkit, eta jaikiarazi nazazu, Jauna, eman diezaiedan ordaina. Alde zaitudala hortik dut ezagutuko: etsaia ez dela nire lepotik poztuko. Ni, berriz, osasunean nauzu zainduko, eta zure aurrean betieran edukiko. Bedeinkatua Jauna, Israelgo Jainkoa, betidanik betidaino. Amen, amen! Urtean zehar: Ant. Senda nazazu, Jauna, hoben egina bainauzu zure aurka. Pazko aldian: Ant. Kristo guregatik behartsu egin zen, gu aberastu gintezen, alleluia. 2 Antifona Urtean zehar: Gudan-taldeen Jauna gurekin, Jakoben Jainkoa gaztelu sendo gurekin. Pazko aldian: Ibai-besangek alaitzen dute Jainko-hiria, alleluia. 45 Salmoa Jainkoa, bere herriaren gordeleku eta indar Emmanuel ezarriko diote izen, hau da: Jaungoikoa gurekin (Mt 1, 23) Jainkoa dugu gordeleku eta indar, Hura atera zaigu estualdian laguntzaile azkar. Horregatik ez gara beldurtuko lurra bada dardaratzen, nahiz mendiak itsas erdira erortzen. Harrotu, apartu bitez hango urak, dardara bitez haren haserrez mendiak. Gudan-taldeen Jauna gurekin, Jakoben Jainkoa gaztelu sendo gurekin. Ibai-besangek alaitzen dute Jainko-hiria, Goi-goikoaren bizileku guztiz santua. Jainkoa dauka erdian, ez da kolokatuko, argi-txintarekin Jainkoak du lagunduko. Atzerriek deiadar egin dute, erreinuek zalaparta, Haren mintzo-hotsez lurrak ikara. Gudari-taldeen Jauna gurekin, Jakoben Jainkoa gaztelu sendo gurekin. Zatozte eta ikus Jaunak eginak, lurrean egiten dituen harrigarriak: Hark ohi ditu guduak lurrean alderen alde geldiarazi, uztaiak txeatu, lantzak puskatu, babeskiak kiskali. «Geldi or! Jakin ezazue Jainkoa naizela Ni, atzerrien gain eta lurraren gain nagusi». Gudari-taldeen Jauna gurekin, Jakoben Jainkoa gaztelu sendo gurekin. Urtean zehar: Ant. Gudari-taldeen Jauna gurekin, Jakoben Jainkoa gaztelu sendo gurekin. Pazko aldian: Ant. Ibai-besangek alaitzen dute Jainko-hiria, alleluia. 3 Antifona Urtean zehar: Atzerriak etorriko dira, Jauna, eta zure aurrean ahuspeztuko. Pazko aldian: Kanta diezaiogun Jaunari, handia baita Haren garaipena, alleluia. Kantika: Apk 15, 3-4 Garaileen kantua Jauna, Jainko ahalguztiduna, handiak eta harrigarriak dira Zuk eginak! Atzerrien errege, zuzenak eta egiazkoak zure bideak! Nor ez da izango zure beldur, Jauna? Nork ez du goretsiko zure izena? Zu bakarrik baitzara santua! Atzerriak etorri eta zure aurrean ahuspeztuko dira, zure erabaki zuzenak agertu baitira. Urtean zehar: Ant. Atzerriak etorriko dira, Jauna, eta zure aurrean ahuspeztuko. Pazko aldian: Ant. Kanta diezaiogun Jaunari, handia baita Haren garaipena, alleluia. JAINKOAREN HITZA: Erm 15, 1-3 Sendo gaudenok argalen ahuleriak eraman behar ditugu, eta ez bilatu geuri atsegin zaiguna. Saia gaitezen lagun hurkoari, onerako denean, atsegin ematen eta onbiderako izango dena bilatzen. Kristok ere ez zuen bere atsegina bilatu; bestela, baizik; honela baitio Liburu Santuak: Nire gainera erori ziren, Zu iraintzen zintuztenen irainak. GALDERANTZUNA R/. Kristok maite izan gaitu * eta bere odolaz garbitu gaitu gure bekatuetatik. Kristok. V/. Errege-leinu eta Jaungoiko bere Aitaren apaiz egin gaitu. * Eta bere. Aintza Aitari. Kristok. Magnificat, ant. Bere gain hartu gaitu bere morroi garenok, errukiaz gogoraturik. ESKARIAK Apalen oroitza maitekiro entzuten duen Jainkoari, eta gose direnak ondasunez betetzen dituenari, eska diezaiogun uste osoz, esanez: Emaguzu, Jauna, zure errukia. Jauna, Aita guztiz errukitsu, nekeetan dauden eliztar guztientzat eskatzen dizugu: - gogoan izan, Elizaren buru den zure Semeak gurutzean haien alde eskaini zizun arratsaldeko egiazko oparia. Askatu giltzapetuak, argitu ilunpean bizi direnak, zaindu alargunak eta umezurtzak, - eta egizu, nekeetan daudenen ardura izan dezagula guztiok. Eman, Jauna, zure semeei indarra, - deabruaren ekinaldien aurka gogor egin ahal dezaten. Zatozkigu lagun, gure Jainko, heriotza-orduan, - egun hartan zintzo aurki gaitezen, eta zure bakean utzi dezagun mundu hau. Eraman itzazu hildakoak Zu bizi zaren argitara, - Zu betieran ikus zaitzaten. Salbatzaileak agindu eta erakutsiari jarraituz, beldur gabe esan dezagun: Gure Aita. Otoitza Arren eskatzen dizugu, Jauna, zure Semearen nekaldia ikasbide izan dugunok, Beraren uztarri leuna eta zama arina eramateko gauza izan gaitezela. Zurekin eta Espiritu Santuarekin.