SALMOAK 1 Antifona Urtean zehar: Onartuko dituzu, Jauna, legezko opari, emari eta erre opariak. Pazko aldian: Oroi zaitez nitaz, Jauna, zure erreinura iristean, alleluia. 50 Salmoa Erruki zakizkit, Jainko Berri zaitezte zuen burubideetan Espirituaren eraginez, eta jantzi zaitezte gizon berriaz (Ef 4, 23-24) Erruki zakizkit, Jainko, duzun maitasun handiaz, suntsi ezazu nire makurra zure amaigabeko errukiaz. Garbi nazazu zeharo nire hobenetik, ikuz nazazu nire gaiztakeriatik. Nire bihurrikeria ezagutzen baitut, nire hobena beti begien aurrean baitut. Zuri egin dizut bekatu, Zuri bakarrik, zure begietan oker dena egin dut nik. Zuzen agertuko zara auzian, zintzo zure epaian. Hobendun sortua naiz izan ere, bekatuan ninduen amak erne. Zuri, ordea, bihotz leiala atsegin zaizu, bihotz-mamian zuhurtasuna irakasten didazu. Busti nazazu isipuz, eta garbi geldituko naiz, ikuz nazazu, eta elurra baino zuriago geldituko naiz. Entzun arazi poza eta atsegina niri; xehatu dituzun hezurrok egin bezate jauzi. Aurpegi on nire hobenetatik aldera ezazu, nire makurkeria guztiak suntsi itzazu. Bihotz garbi bat, Jainko, sor ezazu niregan, arnasa bizkorra berri ezazu nire barnean. Ez nazazu urrun zure aurretik, zure arnasa santua ez kendu niri. Zure salbamenaren poza bihur iezadazu, zure arnasa zabalez sendo nazazu. Erakutsiko dizkiet gaiztoei zure bideak, Zuregana bihurtuko dira bekatariak. Atera ni odol-zigorpetik, Jainko, Jainko, ene salbatzaile; eta nire ezpainek zure zuzentasuna pozetan zabalduko dute. Irekiko dizkidazu ezpainok, Jauna, eta nire ahoak iragarriko du zure gorespena. Ez baitzaizu atsegin oparirik, Erre opariak ez zenituzke hartuko, nik emanik. Nire oparia, Jainko, bihotz damutua: ez duzu arbuiatuko, Jainko, bihotz damutu eta umildua. Ager zaitez, Jauna, onbera Sionekin, Jerusalemgo harresiak egin itzazu berri. Orduan onartuko dituzu legezko opari, emari eta erre opariak; orduan izango dira zekorrak zure aldarean eskainiak. Urtean zehar: Ant. Onartuko dituzu, Jauna, legezko opari, emari eta erre opariak. Pazko aldian: Ant. Oroi zaitez nitaz, Jauna, zure erreinura iristean, alleluia. 2 Antifona Urtean zehar: Jaunarekin garaile izango da eta ospez betea, Israelgo ondarea. Pazko aldian: Jainko ezkutua zara Zu egiaz, Israelen Jainkoa, Salbatzailea, alleluia. + Kantika: Is 45, 15-26 Herri guztiak itzul bitez Jaunarengana Jesusen izenera belaun guztiak makurtzen dira (Flp 2, 10) Jainko ezkutua zara Zu, egiaz, Israelen Jainkoa, Salbatzailea. + Lotsaren lotsaz gorritu dira, denak batera. Alde egin dute lotsaz beteak, jainko-idurien egileak. Israelek iritsi du Jaunagandik betiko salbamena, ez da lotsaren lotsaz gorrituko menderen mendetan. Honela mintzo da Jauna, zeruak egin dituena, Bera da Jainkoa, lurra eratu, egin eta sendotu duena; ez du, ez, hutsik edukitzeko egin, gizonen bizileku baizik: «Ni naiz Jauna, eta ez da besterik». Ez naiz mintzatu ezkutuan, lurreko zoko iluntsuan. Ez diot esan Jakoben haziari: «Nire bila ez alperrik ibili». Ni naiz Jauna, zuzen mintzo dena, egia besterik esaten ez duena. Bildu, etorri, hurbil zaitezte denak, atzerrian bizirik gelditu zaretenak. Zoro dira zurezko iduria daramatenak, ezin salbatu dituen jainkoari otoitz diezaiotenak. Mintza, jardun, hizketa egin elkarrekin, nork iragarri zuen hau lehendanik, nork esan aldez aurretik? Ez ote Nik, Jaunak? Ez baita Ni beste jainkorik; ez da Nitaz landa jainko zuzen, salbatzailerik. Itzul Nigana lur-bazter oro, salbatu nahi baduzue, Ni bainaiz Jainkoa, besterik ez duzue. Neure buruarengatik egiten dut zin, egia da nire ahotik atera, ez du egingo atzera: «Guztiak jarriko zaizkit belauniko, mingain orok Niregatik du zin egingo». Esango dute: «Jaunarengan bakarrik indarra eta garaipena». Lotsaren lotsaz etorriko zaizkio, Haren aurka lehiatzen zirenak. Jaunarekin garaile izango da eta ospez betea, Israelgo ondarea. Urtean zehar: Ant. Jaunarekin garaile izango da eta ospez betea, Israelgo ondarea. Pazko aldian: Ant. Jainko ezkutua zara Zu egiaz, Israelen Jainkoa, Salbatzailea, alleluia. 3 Antifona Urtean zehar: Jaunaren aurrera pozez oihuka sar zaitezte. Pazko aldian: Jaunari zerbitzu alai egiozue, alleluia. 99 Salmoa Jauretxera sartzen direnen poza Berrerosiei garaipen-goratzarrea abesarazten die Jaunak (S. Atanasio) Lurtar guztiok, egin irrintzi Jaunari, Jaunari zerbitzu alai egiozue, Haren aurrera pozez oihuka sar zaitezte. Jakizue Jauna dela Jainko, Berak egin gaitu, Berarenak gara, Beraren herri eta larreko artalde. Sar zaitezte ateetatik eskerrak emanez, Haren atarietan goratzarreka, eman eskerrak, bedeinka Haren izena. «Onbera baita Jauna, Haren maitasuna betidaino, Haren leialtasuna mendeen mendetaraino». Urtean zehar: Ant. Jaunaren aurrera pozez oihuka sar zaitezte. Pazko aldian: Ant. Jaunari zerbitzu alai egiozue, alleluia. JAINKOAREN HITZA: Ef 4, 29-32 Ez bedi zuen ahotik hitz gaiztorik atera; zuen hitz-egitea izan bedi ona, bihotz-altxagarria eta egokia; eta entzuleen onerako izango da. Ez atsekabetu Jaungoikoaren Espiritu Santua, Berak markatuak baitzaudete erospen-egunerako. Ken zuengandik garrazkeria, bero-aldi, haserre, birao, eta iskanbilak eta beste gaiztakeria guztiak. Izan zaitezte elkarrentzat onak eta errukitsuak, elkarri barkatuz, Jaungoikoak zuei Kristogan barkatu zizuen bezala. GALDERANTZUNA R/. Entzun erazi niri goizean * zure maitasuna. Entzun. V/. Adierazi iezadazu hartu behar dudan bidea. * Zure maitasuna. Aintza Aitari. Entzun. Benedictus, ant. Agertu da Jauna, eta askatu du bere herria. ESKARIAK Gurtu dezagun, bere gurutzeaz salbatu gaituen Kristo, eta eska diezaiogun, esanez: Emaguzu, Jauna, zure errukia. Gure eguzki eta argi zaren Kristo, argi gaitzazu zure distiraz, - eta goiz-goizetik ken guregandik asmo txar guztiak. Zaindu gaitzazu gure gogapen, hitz eta egiteetan, - gaurko gure eguna atsegin dakizun. Ken zure begiak gure bekatuetatik, - eta garbitu gure gaiztakeria guztiak. Zure gurutzeaz eta piztueraz, - bete gaitzazu zure Espirituaren pozez. Jainkoaren seme garenez, egin diezaiogun otoitz gure Aitari Kristok erakutsiari jarraituz: Gure Aita. Otoitza Gure ezjakinaren ilunpeak zure hitzaren bitartez argitzen dituzun Jainkoa, ugari itzazu guregan sinismena eta maitasuna, inongo tentaldik itzal ez dezan, zure graziak gure bihotzetan erne zuen sua. Zure Seme Jesukristo.