SALMOAK 1 Antifona Abenduan: Poztu eta alai zaitez, Sion berri: badatorkizu zure erregea, apal-apal, gu salbatzera. Pazko aldian: Egia betetzen duena, argitara dator, alleluia. Urtean zehar: Argi da zure hitza, Jauna, nire oinentzako, alleluia. 118 Salmoa, 105-112 Jainkoaren Legeari goratzarrea Hau da nire agindua: Maita dezazuela elkar, Nik maite izan zaituztedan bezala (Jn 15, 12) Argi da zure hitza nire oinentzako, argitasun nire bideentzako. Zin egin dut, eta hau da nire asmoa: zure erabaki zuzenak gordetzekoa. Lur jorik nago, Jauna, naukazu bizirik zure hitzaren arabera. Har itzazu, Jauna, nik ahoz eskainiak, irakats iezazkidazu zure erabakiak. Bizia galzorian daukat beti, baina ez zait ahaztuko zure legerik. Gaiztoek sarea didate jarri, baina ez naiz saihestu zure arauetatik. Zuk hots eginak, nire betiko ondare, nire bihotzaren poz diraute. Zuk ezarriak betetzera bihotza makurtua dut, beti eta zeharo. Abenduan: Ant. Poztu eta alai zaitez, Sion berri: badatorkizu zure erregea, apal-apal, gu salbatzera. Pazko aldian: Ant. Egia betetzen duena, argitara dator, alleluia. Urtean zehar: Ant. Argi da zure hitza, Jauna, nire oinentzako, alleluia. 2 Antifona Abenduan: Indartu itzazue esku ahulduak, sendotu belaun kolokak; esan bihotz beldurtuei: Hara, gure Jainkoa berbera dator, eta salbatuko gaitu, alleluia. Pazko aldian: Piztu da Jauna, heriotzaren lokarriak askaturik, alleluia. Urtean zehar: Alaitasunez beteko nauzu, Jauna, zure aurrean, alleluia. 15 Salmoa Jauna da nire ondarea Jaungoikoak piztu egin zuen Jesus, heriotzaren lokarriak askaturik (Eg 2, 24) Zaindu nazazu, Jauna, babes bila bainator Zugana. Honela diot Jaunari: «Zu zaitut nire jabe». Lurrean diren santuengana, bai grina harrigarria eman didala! Beren oinazeak dituzte ugaritzen, beste jainkoen atzetik doazenek. Ez dut horien odol-eskaintzarik isuriko, ez dut horien izenik ezpainetan hartuko. Jauna da nire ondare eta edontzia; Zuk daukazu eskuetan nire zoria. Lur gizenean gertatu zaizkit zuin-hariak, oso pozik nago nire ondareaz. Onesten dut Jauna, aholku eman didalako, gauez ere nire bihotzak ohar erazten nauelako. Begi-aurrean ipintzen dut beti Jauna; eskuinean daukadala, ez naiteke dardara. Horregatik alai daukat bihotza, pozik barrena, haragi honek ere bakean du atsedena. Ez baituzu nire bizia Leizera egotziko, ezta zure zintzoa ustelak hartzen utziko. Bizirako bidea erakutsiko didazu: alaitasun betea zure aurrean, betiko atseginak zure eskuinean. Abenduan: Ant. Indar itzazue esku ahulduak, sendotu belaun kolokak; esan bihotz beldurtuei: Hara, gure Jainkoa berbera dator, eta salbatuko gaitu, alleluia. Pazko aldian: Ant. Piztu da Jauna, heriotzaren lokarriak askaturik, alleluia. Urtean zehar: Ant. Alaitasunez beteko nauzu, Jauna, zure aurrean, alleluia. 3 Antifona Abenduan: Legea Moisesen bidez emana izan da; grazia eta egia Jesukristoren bidez etorri dira. Pazko aldian: Ez al zuen Mesiasek hori jasan behar, bere aintzan sartzeko? Alleluia. Urtean zehar: Jesusen izenera belaun guztiak makur bitez, zeruan eta lurrean, alleluia. Kantika: Flp 2, 6-11 Kristo, Jainkoaren zerbitzaria Kristo Jesusek, Jainkoaren izaera bereko izanik, ez zion gogor eutsi Jainkoarekin berdin izateari; bestela baizik, bereaz hustu egin zen, morroi-izaera hartuz, eta beste edozein bezala azalduz. Eta gizon bezala agerturik, apaldu egin zuen bere burua, menpeko eginez heriotzaraino, gurutzeko heriotzaraino. Horregatik Jainkoak goratu egin zuen, eta izan guztien gaineko izena eman zion, Jesusen izenera belaun guztiak makur daitezen, zeruan, lurrean eta lurpean, eta mingain guztiek aitor dezaten: Jesukristo, Jauna da, Aita Jainkoaren aintzarako. Abenduan: Ant. Legea Moisesen bidez emana izan da; grazia eta egia Jesukristoren bidez etorri dira. Pazko aldian: Ant. Ez al zuen Mesiasek hori jasan behar, bere aintzan sartzeko? Alleluia. Urtean zehar: Ant. Jesusen izenera belaun guztiak makur bitez, zeruan eta lurrean, alleluia. JAINKOAREN HITZA: Kol 1, 3-6a Grazia eta bakea zuei gure Aita Jainkoagandik. Gure otoitzetan beti eskerrak ematen ari gara Jainkoari, Jesukristo gure Jaunaren Aitari, jakin baitugu Jesukristorengan duzuen fedea, eta fededun guztientzat duzuen maitasuna. Jainkoak zeruetan zuentzat gordeta daukanaren itxaropenak indar ematen dizue horretarako: zuengana berri ona, egiaren berria, lehenengo aldiz etorri zenetik ezagutzen duzuen itxaropenak. Berri on hori handitzen ari da lur osoan eta fruitu ematen, zuen artean gertatzen den bezala. GALDERANTZUNA R/. Eguzkia sortu lekutik sartzen denera, * goretsia izan bedi Jaunaren izena. Eguzkia. V/. Haren ospea ortziaren gainean. * Goretsia. Aintza Aitari. Eguzkia. ESKARIAK Jainkoak, beretzat aukeratu zuen herria laguntzen du eta zaintzen, zoriontsu izan dadin; eskerrak emanez eta Haren maitasuna gogoratuz, esan diezaiogun: Zugan dugu, Jauna, uste ona. Aita guztiz maitetsu, I... gure Aita Santuarentzat eta I... gure Gotzainarentzat eskatzen dizugu: - zaindu itzazu zure indarraz eta santu egin zure graziaz. Gaixo daudenek ikus dezatela, beren gaixotasunetan Kristo neketsuarekin lagun direla, - Haren atseginetan ere lagun izan daitezen betiko. Erruki zakizkie aterperik ez dutenei, - eta egizu bizileku egoki bat aurki dezatela. Emazkiguzu, Jauna, lurreko fruituak, - guztiek izan dezaten eguneroko ogia. Erruki zakizkie, Jauna, hildakoei, - eta zabal iezazkiezu zeruko ateak. Espiritu Santuak eraginik, esan diezaiogun gure Aitari Jaunak erakutsi zigun otoitza: Gure Aita.