SALMOAK 1 Antifona Urtean zehar: Egunsentirako banator zure laguntza eskatzera. Pazko aldian: Zure onginahiez emadazu bizia, alleluia. 118 Salmoa, 145-152 Jainkoaren Legeari goratzarrea Entzun nazazu, Jauna: oihuka ari naiz bihotz guztiaz, beteko ditut Zuk ezarriak. Oihuka nagokizu, salba nazazu, Zuk hots eginak gordeko ditut. Egunsentirako banator zure laguntza eskatzera, zure hitzetan dut itxarobidea. Gau aldiei aurrea hartu die nire begiak, zure esanak gogoan irauliaz. Entzun, Jauna, zure onginahiez nire oihua, emadazu bizia zure erabakien arabera. Gaiztoz eraso nautenak hurbil dira, zure legetik urrun dira. Hurbil zauzkat, Jauna, leial dira zure agindu denak. Aspaldi da, Zuk hots eginei igarri diedala, Zuk betiko ezarriak direla. Urtean zehar: Ant. Egunsentirako banator zure laguntza eskatzera. Pazko aldian: Ant. Zure onginahiez emadazu bizia, alleluia. 2 Antifona Urtean zehar: Jauna da nire indar eta kemen, Bera izan da nire salbamen. Pazko aldian: Garaile atera zirenak, Jainkoaren zerbitzari Moisesen abestia eta Bildotsaren abestia kantatzen ari ziren, alleluia. Kantika: Ex 15, 1b-4a. 8-13. 17-18 Itsas Gorriko garaipenagatik goratzarrea Piztia garaitu zutenak, Jainkoaren zerbitzari Moises-en abestia kantatzen ari ziren (Ikus. Ap 15, 2-3) Kanta diezaiogun Jaunari garai-garai delako, zaldi eta zaldun itsasora amildu dituelako. Jauna baita nire indar eta kemen, Bera izan da nire salbamen. Hau dut nire Jainkoa, zabal dut aipatuko, gurasoen Aita, Bera nik goratuko. Gudari da Jauna, Jauna du Berak izena. Faraonen gurdi eta gudariak itsasoan amildu ditu guztiak. Zure sudur-haizez urak metatu dira, ur joanak pilatu dira, ur-leizeak itsas bihotzean mamitu dira. ŤAtzetik noa -esan zuen etsaiak-, hura atzematera, harrapakinak banatuko ditut, aseko da nire barrena; erantziko dut nire ezpata, nire eskua haietaz jabetuko dať. Haiz eman duzu zure haizez, estali ditu itsasoak, murgildu dira berunaren eran ur handietan. Zein jainko Zu adinakorik, Jauna? Nor Zu adina? Santu garai baitzara, egitez ikaragarria, mirarigilea. Luzatu duzu zure eskua: irentsi ditu lurrak. Maitasunez ekarri duzu zure egoitza santura erosi duzun herria: zure indarrez da ekarria. Sartu dituzu eta landatu Zu jabe zaituen mendian, Zuk, Jauna, bizitzeko gertatu duzun tokian, zure eskuek, Jauna, eraiki zuten jauretxean. Jauna dugu errege, betidanik eta betiere. Urtean zehar: Ant. Jauna da nire indar eta kemen, Bera izan da nire salbamen. Pazko aldian: Ant. Garaile atera zirenak, Jainkoaren zerbitzari Moisesen abestia eta Bildotsaren abestia kantatzen ari ziren, alleluia. 3 Antifona Urtean zehar: Gorets ezazue Jauna, atzerri guztiak. + Pazko aldian: Beti betiko dago Haren guganako maitasuna, alleluia. 116 Salmoa Jaunari gorespena, Haren maitasunagatik Jesukristok... harrera on egiten die jentilei, Jaungoikoari aintza eman diezaien, Beraren errukiagatik (Erm 15, 8. 9) Gorets ezazue Jauna, atzerri guztiak, + goraipa ezazue, herri guztiak. Sendotu baitu guregan bere maitasuna, eta beti betiko dago Haren leialtasuna. Urtean zehar: Ant. Gorets ezazue Jauna, atzerri guztiak. Pazko aldian: Ant. Beti betiko dago Haren guganako maitasuna, alleluia. JAINKOAREN HITZA: 2 P 1, 10-11 Senideok, gero eta ardura handiagoz bizi zaitezte, zuen deia eta hautapena sendoago egin ditzazuen. Horrela eginez, ez duzue inoiz huts egingo, eta Jesukristo gure Jaun eta Salbatzailearen betiko erreinurako ateak zabal-zabal izango dituzue. GALDERANTZUNA R/. Zuri oihu egin dizut: * Jauna, nire ihesleku Zu zara. Zuri oihu. V/. Eta nire ondare bizien lurrean. * Jauna. Aintza Aitari. Zuri oihu. Benedictus, ant. Argi egiezu, Jauna, ilunpetan eta herio-itzalean daudenei. ESKARIAK Jesukristo gure antzeko egin zen gauza guztietan, Jainko Aitaren aurrean bitarteko zintzo eta errukitsu izateko; bedeinka dezagun, beraz, eta otoitzez eska diezaiogun: Eman iezazkiguzu, Jauna, zure maitasunaren ondasunak. Bataioan argitu gintuzun Kristo, zuzentasunaren eguzki, - Zuri eskaintzen dizugu gaurko gure eguna. Egun honetako ordu guztietan bedeinkatuko zaitugu, - eta gauza guztietan goratuko dugu zure izena. Maria, beti zure hitzaren esaneko zintzoa, izan zenuen Zuk ama: - zuzen itzazu gaur gure urratsak, zure gogoaren bidetik. Egizu, mundu iragankor honetan garen bitartean, betiereko zerua irrika dezagula, - sinesmenez, itxaropenez eta maitasunez zure zeruko zoriona oraindanik goza dezagun. Semeek beren aitarekin duten uste onez, hurbil gaitezen gure Jainkoarengana, eta esan diezaiogun: Gure Aita. Otoitza Jauna, zure Semearen piztuerako distirak argi bitza gure bihotzak; ez gaitzala ikara heriotzako ilunak, eta iritsi gaitezela, egun batez, amairik ez duen argitara. Zure Seme Jesukristo.