SALMOAK 1 Antifona Urtean zehar: Jauna dut argi eta salbamen, nork ni beldurtu? + Pazko aldian: Jaunak goratu egin du bere eskuinez, buruzagi eta salbatzaile eginez, alleluia. 26 Salmoa Arriskuan dagoenaren uste ona I Jaungoikoa gure alde badugu, nor gure aurka? Nork kenduko digu Kristoren maitasuna? (Erm 8, 31. 35) Jauna dut argi eta salbamen, nork ni beldurtu? + Jauna biziaren babes, nork ni izutu? Nire haragia jateko gaiztoak zaizkidanean oldartzen, nire etsai eta arerioak irristatzen dira eta erortzen. Ez dit egingo bihotzak ikara, nire aurka gudu-txabolak jarririk ere; lasai egongo naiz ni, nire aurka gudua sar baledi ere. Gauza bat diot eskatzen Jaunari, horren bila nabil ni: bizi nadila Jaunaren etxean nire bizitzako egun guztietan; Jaunaren samurtasuna goza dezadan, Haren jauretxea begiz ikus dezadan. Egun beltzean bere etxolan bainau gordeko, bere txabolaren gordeenean ezkutatuko, harkaitzera nau jasoko. Horregatik dut burua altxatzen, inguruko etsaien gainetik jartzen. Poz-opariak dizkiot bere txabolan eskainiko, eresi eta goratzarreak Jaunari abestuko. Urtean zehar: Ant. Jauna dut argi eta salbamen, nork ni beldurtu? Pazko aldian: Ant. Jaunak goratu egin du bere eskuinez, buruzagi eta salbatzaile eginez, alleluia. 2 Antifona Urtean zehar: Zure aurpegi bila nabilkizu, Jauna; ez niri ezkuta aurpegi hori. Pazko aldian: Jaunaren ontasuna ikusi ustean nago bizien lurrean, alleluia. II Batzuek, jaikita, Jesusen kontrako aitormena egin zuten (Mk 14, 57) Jauna, nire deiadar hotsa entzun ezazu, erruki zakizkit eta adi nazazu. Zuk esana bihotzean dut entzuten: «Bila ezazue nire aurpegia». Zure aurpegi bila nabilkizu, Jauna. Ez niri ezkuta aurpegi hori, zure morroi hau haserrez ez bazter utzi. Laguntza zaitut, ez nazazula zapuztu, Jainko, nire salbamen, eskutik utzi ez nazazu. Aita-amek banindute zapuztuko, Jaunak beretzat ninduke hartuko. Erakuts iezadazu, Jauna, zure bidea, naramazu bide zelaitik, ditudan etsaiengatik. Ni nire etsaien aukeran ez utzi, testigu gezurtiak altxa baitira nire aurka, indarkeria dariela. Jaunaren ontasuna ikusi ustean nago bizien lurrean. Itxaron Jaunarengan eta kemen izan, bizkor bekizue bihotza eta itxaron Jaunarengan. Urtean zehar: Ant. Zure aurpegi bila nabilkizu, Jauna; ez niri ezkuta aurpegi hori. Pazko aldian: Ant. Jaunaren ontasuna ikusi ustean nago bizien lurrean, alleluia. 3 Antifona Urtean zehar: Sorkari guztietan lehen seme da, diren guztietan lehenengoa. Pazko aldian: Berarengandik datoz diren guztiak, Berarengan dute denak izate, Berarengan diraute, alleluia. Kantika: Kol 1, 12-20 Sorkari guztietan seme-nagusi eta hilen arteko lehen seme den Kristori goratzarrea Eskerrak ematen dizkiogu Aita Jainkoari, argian, santuen oinorde-lagun egin gaituenari. Ilunpearen menpetik atera baikaitu, eta bere Seme maitearen erreinura aldatu. Honengan dugu erospena, Honengan bekatuen barkamena. Hau, Jainko ikusiezinaren iduri da, sorkari guztietan lehen semea. Beronen bidez baitira eginak gauza guztiak, zeru-lurretakoak, ageri direnak eta ez direnak: Aulki, Jaun, Nagusi eta Agintedunak; gauza guztiak Beraren bidez eta Berarentzat dira eginak. Diren guztiak baino lehenago da Bera, eta guztiek Berarengan diraute. Gorputzaren buru ere Bera da, Elizaren buru, alegia. Bera da hasiera, hilen arteko lehen semea, diren guztietan Bera izan dadin lehenengoa. Jainkoaren gogoko izan baita betearen betea Harengan egotea, eta Haren bidez, gauza guztiak Berekin adiskidetzea; Haren gurutzeko odolaz bakeak eginik, zeru-lurretan diren guztiekin. Urtean zehar: Ant. Sorkari guztietan lehen seme da, diren guztietan lehenengoa. Pazko aldian: Ant. Berarengandik datoz diren guztiak, Berarengan dute denak izate, Berarengan diraute, alleluia. JAINKOAREN HITZA: St 1, 22. 25 Egizue hitzak dioena, eta ez entzun bakarrik, zeuon buruak engainatuz. Hitza entzun bakarrik egiten duena eta bete ez, ispiluan bere aurpegiari begira egon zenaren antzekoa da; begiratu ondoren, joan zen, eta berehala ahaztu zitzaion nolakoa zen. Baina askatasun-lege betea ikasten duenak eta hartan beti irauten -ez, entzun eta ahazteko, ondo betetzeko baizik-, honek bere zoriona aurkituko du, betetze horretan. GALDERANTZUNA R/. Salba nazazu, Jauna; * erruki zakizkit. Salba. V/. Ez eraman nire anima gaizkileekin. * Erruki. Aintza Aitari. Salba. Magnificat, ant. Handiak egin dizkit Ahalguztidunak: Santua da Haren izena. ESKARIAK Jaunak maitasun neurrigabeaz zaintzen du beretzat aukeratu zuen herria; Haren izena gauza guztietan goretsia izan dadila eskatuz, esan dezagun: Agertu, Jauna, zure maitasuna. Gogoan izan, Jauna, zure Eliza; - zaindu ezazu gaitz guztietatik eta edertu zure maitasunean. Herri guztiek aitor zaitzatela Zu Jainko bakar, - eta Zuk bidalitako Jesukristo. Eman, Jauna, gure ahaide eta ongileei, orain zure ondasun guztiak, - eta gero betiko bizia. Jauna, eman lasaibide nekepean bizi diren langileei, - eta atera zaitez baztertzen giza-eskubideen alde. Erruki itzazu gaur hildako guztiak, - eta hartu gozoro zure erreinuan. Familia bateko senide garenez, egin diezaiogun otoitz denok elkarturik guztion Aitari: Gure Aita. Otoitza Entzun, Jauna, gure otoitzak, eta zaindu gaitzazu gau eta egun; eta beti bat zaren Horrek eutsi iezaguzu sendo, Zuk hala nahita, munduko gorabeheren erdian bizi behar dugunoi. Zure Seme Jesukristo.