SALMOAK 1 Antifona Urtean zehar: Jauna, zure argian ikusten dugu argia. Pazko aldian: Zuregan daukazu, Jauna, bizi-iturria, alleluia. 35 Salmoa Gaiztoaren txarkeria eta Jainkoaren maitasuna Nire ondoren datorrena ez dabil ilunpetan; izango du bizi-argia (Jn 8, 12) Gaiztakeria mintzo zaio gaiztoari bihotzean, ez du Jainko-beldurrik begi-aurrean. Bere burua du txurikatzen, errurik ez du beregan aurkitzen, ez gorrotatzen. Okerkeria eta azpikeria darizkio ahotik, galdu du zentzua, ez du egiten onik. Okerkeria du ohean hausnartzen, on ez den bidean sendo dago, ez du gaitzik aienatzen. Jauna, zure maitasuna zeruraino, zure leialtasuna hodeietaraino. Zure zuzentasuna mendirik handienak haina, zure erabakiak itsaso sakona: Gizaki eta abere Zuk salbatzen dituzu, Jauna. Bai eder, Jainko, zure maitasuna! Giza semeak zure hegalpera biltzen dira. Zure etxeko guritasunez asetzen dituzu, zure atseginen ibaitik edan erazten diezu. Zugan baitaukazu bizi-iturria, eta zure argitan ikusten dugu argia. Luza zure grazia ezagutzen zaituztenei, zure zuzentasuna, bihotz zuzenekoei. Ez nazala zapaldu gizon harroen oinak, ez nazala jaurti gaiztoaren eskuak. Hara, gaizkileek lur jo dute, erori eta ezin zutituz daude. Urtean zehar: Ant. Jauna, zure argian ikusten dugu argia. Pazko aldian: Ant. Zuregan daukazu, Jauna, bizi-iturria, alleluia. 2 Antifona Urtean zehar: Handia zara, Jauna, eta ospetsua, ahaltsu harrigarria. Pazko aldian: Bidaltzen duzu, Jauna, zure Espiritua, eta lur-azala berriarazten duzu, alleluia. Kantika: Jdt 16, 2-3. 15-19 Jainkoa, izadiaren egile eta bere herriaren zaindari Kantu berri bat kantari ari ziren (Apk 5, 9) Gorets ezazue nire Jauna atabalarekin, abestu Jaunari kitararekin; eresi eta gorespen egiozue, Haren izena deitu eta gora ezazue. Jainko guda hausle da Jauna, Jauna da Haren izena. Kantu berri bat kantatuko diot nire Jainkoari: Handia zara, Jauna, eta ospetsua, ahaltsu harrigarria eta ezin garaitua. Zure mirabe izan bitez sorkari guztiak, Zuk esanik eginak baitira. Zuk arnasa bidali eta sortu zenituen, zure hitzari atzera eragingo dionik ez da inon ezer. Mendiak oinarritik mugitzen dira urekin, harkaitzak ezkoa bezala urtzen dira Zu ikustearekin; baina beldur zaituztenentzat, aldeko zara haientzat. Urtean zehar: Ant. Handia zara, Jauna, eta ospetsua, ahaltsu harrigarria. Pazko aldian: Ant. Bidaltzen duzu, Jauna, zure Espiritua, eta lur-azala berriarazten duzu, alleluia. 3 Antifona Urtean zehar: Jainkoari irrintzi egiozue. Pazko aldian: Jainkoa errege da atzerrietan, egiozue jator goratzarre, alleluia. 46 Salmoa Israelen Jainkoa errege-aulkian ezarria Aitaren eskuin-aldean jarririk dago, eta Haren erregetzak ez du azkenik izango. Herri guztiok, txalo jo ezazue, Jainkoari irrintzi egiozue. Goi-goiko Jauna, izan ere, izugarri, lurbira osoan errege handi. Herriak dizkigu guri menperatu, giza endak oinperatu. Aukeratu du guretzat ondarea: maite duen Jakobentzat aintza-bidea. Oihu alaien artean igo da Jainkoa, turuta-soinuz Jauna. Eresi Jainkoari, eresi, eresi gure erregeri, eresi. Jainkoa baita lurbira osoan errege, egiozue jator goratzarre. Jainkoa errege da atzerrietan, eseria dago Jainkoa bere aulki santuan. Herrietako buruzagiak bildu dira, Abrahanen Jainkoaren herriarengana; lurreko handizkiak Jainkoarenak dira, hain baitago garai Bera. Urtean zehar: Ant. Jainkoari irrintzi egiozue. Pazko aldian: Ant. Jainkoa errege da atzerrietan, egiozue jator goratzarre, alleluia. JAINKOAREN HITZA: Tb 4, 16-17. 19-20 Ez egin beste inori, zeuretzat nahi ez duzunik. Eman zure ogitik, gose denari; eta zure jantzitik, biluzik dagoenari. Eskatu aholkua gizon zentzudunari, eta ez gutxietsi aholku onik. Bedeinka ezazu aldi oro Jauna, zure Jainkoa; eska iezaiozu zuzen ditzala zure bideak eta aurrera atera zure burubide eta asmo guztiak. GALDERANTZUNA R/. Eragin iezaiozu, Jauna, nire bihotzari * Zuk hots eginera. Eragin iezaiozu. V/. Emadazu bizia zure bidetik. * Zuk hots eginera. Aintza Aitari. Eragin iezaiozu. Benedictus, ant. Egizu, Jauna, erruki; oroi zaitez zure elkarte santuaz. ESKARIAK Eman diezazkiogun eskerrak eta gorapenak Kristori, bere graziaz santu egiten dituenak bere senide egiten dituelako, eta esan diezaiogun: Santu egin, Jauna, zure senideak. Emaguzu, Jauna, egun honen hasiera Zuri bihotz garbiz sagaratzea, zure piztueraren aintzarako, - eta egizu, gaurko gure ekintza guztiak zure gogokoak izan daitezela. Gure pozerako eta salbamenerako eman diguzu egun berri hau, zure maitasunaren ezaugarri: - berri gaitzazu zure izenaren aintzarako. Egizu, gure senide guztiengan Zu aurkitzen ikas dezagula, - eta batez ere goibel daudenengan, behartsuengan, eta munduaren aurrean ezertarako ez direnengan. Egizu, egun honetan guztiekin bakean bizi gaitezela, - eta ez diezaiogula inori gaitzik itzuli gaitz-orde. Otoitz egin dezagun Jaunak erakutsiari jarraituz: Gure Aita. Otoitza Jainko gure Salbatzaile, egin gaitzazu argiaren jarraitzaile eta egiaren egile; Zuregandik jaio eta argiaren seme garenok, zure aitorle izan gaitezen gizonen aurrean. Zure Seme Jesukristo.