SALMOAK 1 Antifona Urtean zehar: Jaunak bere Gantzutuari garaipen ematen dio. Pazko aldian: Iritsi da Jainkoaren erregetza, eta bere Kristoren ahalmena, alleluia. 19 Salmoa Erregearentzat otoitza, garaile atera dadin Jaunaren izenari dei egiten dioten guztiek, iritsiko dute salbamena (Ap Eg 2, 21) Entzun zaitzala Jaunak egun beltzean, izan bekizu babes Jakoben Jainkoaren izena. Bidal biezazu laguntza jauretxetik, indar zaitzala Siondik. Zure opari guztiak gogora bitza, zure erre oparia ederretsi beza. Eman diezazula, zure bihotzak opa duen oro, bete ditzala zure asmoak oro. Poztu gaitezen zure garaipenean, ikurrinak zabal ditzagun gure Jainkoaren izenean. Bai, zure eske guztiak Jaunak bete bitza batean! Orain dakusat Jaunak bere Gantzutuari garaipen ematen diola, entzun duela bere zeru santutik, bere eskuin garailearen indarrarekin. Batzuk bizkor gurdiekin, beste batzuk zaldiekin, gu, berriz, gure Jainko Jaunaren izenarekin. Haiek okertu eta erori dira, guk zutik diraugu, ostera. Jauna, emaiozu erregeri garaipena, eta entzun gaitzazu dei-egunean. Urtean zehar: Ant. Jaunak bere Gantzutuari garaipen ematen dio. Pazko aldian: Ant. Iritsi da Jainkoaren erregetza, eta bere Kristoren ahalmena, alleluia. 2 Antifona Urtean zehar: Zure kemena ospatuko dugu eresi eginez. Pazko aldian: Zure ahalmen handiaz jabetu zara, Jauna, eta errege izaten hasia zara, alleluia. 20 Salmoa, 2-8. 14 Erregearen garaipenagatik esker onezko otoitza Jaun berpiztuak iritsi zuen bizia egun luzez beti-betieran (S. Ireneo) Jauna, errege zure indarrez pozten da; zure garaipenez izugarri alaitzen da. Bihotzean opa zuena eman diozu, ezpainen eskaria ez diozu ukatu. Bedeinkapen guriz aurrea hartu diozu, buruan urre hutsezko koroia ezarri diozu. Bizia eskatu dizu, eta Zuk eman, egun luzez beti-betieran. Zure garaipenez badario ospe handi, handi eta eder egin duzu buruz gaindi. Betiko bedeinkapen egin baituzu, zure aurrean pozez alaiarazten duzu. Erregek Jaunarengan du uste on, Goi-goikoaren graziaz ez da kolokatuko. Jaiki zaitez, Jauna, zure indarraz, zure kemena ospatuko dugu eresi eginez. Urtean zehar: Ant. Zure kemena ospatuko dugu eresi eginez. Pazko aldian: Ant. Zure ahalmen handiaz jabetu zara, Jauna, eta errege izaten hasia zara, alleluia. 3 Antifona Urtean zehar: Apaiz-erreinu egin gaituzu, Jauna, gure Jainkoarentzat. Pazko aldian: Lur osoak Jaunari beldur izan biezaio, Hark esanik egina baita, alleluia. Kantika: Apk 4, 11; 5, 9-10. 12 Berrerosien goratzarrea Aintza, ospea eta agintaritza hartzeko bazara nor, Jauna, gure Jainkoa; Zuk eginak baitira diren guztiak, zure nahi-izatez dira eginak. Liburua hartzeko eta zigiluak urratzeko bazara nor, hila izan baitzara, eta zure odolaz erosi dituzu Jainkoarentzat gizonak, leinu eta hizkuntza, herri eta enda guztietakoak; eta apaiz-erreinu egin dituzu gure Jainkoarentzat, eta errege izango dira lurrean. Indarra eta aberastasuna, jakinduria eta ahalmena, ospea, aintza eta gorespena hartzeko bada nor hila izan den Bildotsa. Urtean zehar: Ant. Apaiz-erreinu egin gaituzu, Jauna, gure Jainkoarentzat. Pazko aldian: Ant. Lur osoak Jaunari beldur izan biezaio, Hark esanik egina baita, alleluia. JAINKOAREN HITZA: 1 Jn 3, 1a-2 Begira zenbaterainoko maitasuna agertu digun Aitak: Jaungoikoaren seme izena daramagu, baita izana ere. Hona zergatik munduak ez gaituen ezagutzen, Jainkoa ere ezagutu ez zuelako. Senide maiteok, orain Jaungoikoaren seme gara; gero izango garena, oraindik ez da ageri. Badakigu, Jauna agertzen denean, Haren antzeko izango garela, den bezalakoa ikusiko baitugu. GALDERANTZUNA R/. Betikoa da zure hitza, Jauna, * iraunkorra zerua bezala. Betikoa. V/. Zure leialtasuna gizaldien gizaldietaraino. * Iraunkorra. Aintza Aitari. Betikoa. Magnificat, ant. Pozaren pozez daukat nire barrena, Jainkoa baita nire salbamena. ESKARIAK Kristo gure artean bizi da, eta bere herri egin gaitu; egin diezaiogun otoitz, esanez: Entzun gaitzazu, Jauna, zure izenagatik. Herri guztien Jaun eta Jabe, zatoz, herri guztiak eta beren zuzendariak laguntzera; - guztiak jar daitezela zure nahira, eta saia onaren eta bakearen alde lan egiten. Katigu zeudenak askatasunera eraman zenituen Jesus Jauna, - eraman Jainko-semeen askatasunera gorputzez edo arimaz katigu diren gure senideak. Emaiezu, Jauna, gazteei Zuretzat errugabeak izatea, - eta jakin dezatela beren bizian zehar zure deiari erantzuten. Egizu, haurrak zure antzeko izan daitezela, - eta hazi beti jakindurian eta grazian. Har itzazu hildakoak zure betiko erreinuan, - gu ere egunen batean han Zurekin errege izango garela uste baitugu. Jainkoaren seme garela jakitearen pozez, hurbil gaitezen gure Aitarengana, eta esan dezagun: Gure Aita. Otoitza Jainko guztiz ahaltsu, eskerrak Zuri egun honen bukaeraraino ekarri gaituzulako; egizu gure arratsaldeko esku-jasotze hau opari atsegingarri Zuretzat. Zure Seme Jesukristo.