SALMOAK 1 Antifona Urtean zehar: Eskuak errugabe eta bihotza garbi dituena igoko da Jaunaren mendira. Pazko aldian: Jaitsi zen hura bera da, zeru guztien gaineraino igo dena, alleluia. 23 Salmoa Jainkoa handikiro sartzen da bere jauretxera Zeruko ateak zabaldu egiten dira, gizon bezala igo den Kristoren aurrean (S. Ireneo) Jaunarena da lurra, eta lurra betetzen dutenak, lurbira eta bertan bizi direnak. Hark eman dizkio itsasoak oinarri, eta ibaiak sendogarri. - Jaunaren mendira nor igoko? Haren toki santuan nor egongo? - Eskuak errugabe eta bihotza garbi dituena, huskerietara jotzen ez duena, hurkoari gezur-zinik egiten ez diona. Holakoak hartuko du bedeinkapena Jaunarengandik, zuzentasuna, salbatzaile duen Jainkoarengandik. - Hau da Haren bila dabiltzanen taldea, Jakoben Jainkoaren aurpegi bila dabiltzanena. Ateburuak, gora zaitezte, aspaldiko ateak, luza zaitezte, Errege ospetsua sar dadin. - Nor da Errege ospetsu hori? Jaun indartsu eta ahaltsua, guduan Jaun ahaltsua. Ateburuak, gora zaitezte, aspaldiko ateak, luza zaitezte, Errege ospetsua sar dadin. - Nor da Errege ospetsu hori? gudari-taldeen Jauna, Bera da Errege ospetsua. Urtean zehar: Ant. Eskuak errugabe eta bihotza garbi dituena igoko da Jaunaren mendira. Pazko aldian: Ant. Jaitsi zen hura bera da, zeru guztien gaineraino igo dena, alleluia. 2 Antifona Urtean zehar: Eman gorespen zuen ekintzetan mendeetako erregeari. Pazko aldian: Emaiozue gorespen zeruko erregeari eta poztarazi beza zuen barrena Haren handitasuna, alleluia. Kantika: Tb 13, 1-10 Babilonian aurkitzen den Israelen itxaropena Bedeinkatua Jaungoikoa, Jesukristo gure Jaunaren Aita, bere erruki handiz itxaropen bizirako sortu baikaitu berriro, Jesukristoren hilen artetiko piztueraren bidez (1 P 1, 3) Bedeinkatua Jainkoa, beti bizi dena, Bere erreinua betiko daukana. Berak ematen du zigorra, Berak errukia, lurpera sartzen eta handik ateratzen, Haren eskutik ez du inork ihes egiten. Ospa ezazue Jauna, israeldarrok, atzerrien aurrean, Hark banatu baikaitu haien artean. Erakutsi han, Hura zein handi den, eman Hari gorespenak, bizidun guztien aurrean: Bera baita gure Jaun eta Jainko, Bera gure Aita betiko. Jotzen gaitu gure okerkeriengatik, baina bilduko zaituzte berriz, errukiturik, sakabanatuta zabiltzaten atzerrietatik. Bihotz eta gogo osoz Harengana bihurtzen bazarete, Harekin leial jokatzeko, orduan itzuliko zaizue, eta ez dizue aurpegirik ezkutatuko. Hark zer egin dizuen gogo emazue, aho betez ospa ezazue. Eman goraldi Jaun zintzoari, eman gorespen mendeetako erregeari. Ospatzen dut nik, uztarpean naukaten herrian, erakusten diot herri bekatariari, zein ahaltsu den eta zein handi. Bihur zaitezte, bekatariok! Egizue Haren aurrean zuzen dena! Erruki daiteke, agian, baduke zuentzat urrikalpena. Nire Jainko eta zeruko erregeari emango dizkiot gorespenak, nire barrena poztaraziko du Haren handitasunak. Bedeinka ezazue Jauna, Haren aukeratuak, abestu Jerusalemen Haren gorapenak. Urtean zehar: Ant. Eman gorespen zuen ekintzetan mendeetako erregeari. Pazko aldian: Ant. Emaiozue gorespen zeruko erregeari, eta poztarazi beza zuen barrena Haren handitasunak, alleluia. 3 Antifona Urtean zehar: Zuzenak direnei dagokie Jauna gorestea. Pazko aldian: Jaunaren graziaz betea dago lurra, alleluia. 32 Salmoa Gutaz arduratzen den Jainkoari goratzarrea Dena Hitzaren bidez egina izan da (Jn 1, 3) Poztu zaitezte zintzoak Jaunarengan, zuzenak direnei dagokie Hura gorestea. Ospa ezazue Jauna kitaraz, egiozue soinu hamar hariko salteriaz. Kanta iezaiozue kantu berri, turutaz ongi eresi. Zuzena baita Jaunaren hitza, leiala Hark egin duen guztia. Zuzen eta bidezko dena du maite, Haren graziaz lurra dago bete. Jaunaren hitzak egin ditu zeruak, Haren aho-arnasak izar mordoak. Zahagian bezala bildu ditu itsas urak, askan bezala dauzka olatuak. Lur osoak Jaunari beldur izan biezaio, beldur Hari lurbiran bizi direnak oro. Hark esanik eginak baitira, Hark agindurik izan ere dira. Atzerrien asmoak Jaunak ditu huts uzten, herrien erabakiak huts bihurtzen. Jaunaren asmoek badiraute betieran, Haren barneko erabakiek gizaldi guztietan. Bai dohatsu, Jauna Jainko duen jendea, bere oinorde hautatu duen herria. Begira dago Jauna zerutik, ikusten du giza seme guzti. Bere egoitzatik begiratzen die, lurrean bizi diren guztiei. Haien bihotzak bere eskuz egin ditu, haien ekintza denak ezagutzen ditu. Erregek ez du gudari-taldez garaitzen, gudaria ez da bere indar handiz ondo ateratzen. Gudua irabazteko hutsa da zaldia, ez du inor salbatuko bere indar handiaz. Hara, Jaunaren begiak beldur diotenengana, Haren maitasuna itxaroten dutenengana; haiek baititu heriotzatik aterako, eta gosetean aseko. Gure bihotza Jaunaren zain dugu, lagun eta babes Bera baitugu. Harengan pozten zaigu barrena, Haren izen santuarengan dugu itxaropena. Betor guregana, Jauna, zure maitasuna, Zuregan baitugu gure uste ona. Urtean zehar: Ant. Zuzenak direnei dagokie Jauna gorestea. Pazko aldian: Ant. Jaunaren graziaz betea dago lurra, alleluia. JAINKOAREN HITZA: Erm 13, 11b-13a Ordua da, lotatik esnatzeko; sinesten hasi berri hartan baino hurbilago dugu gaur gure salbamena. Badoa gaua; gainean dugu eguna; ken ditzagun, beraz, ilunpetako ekintzak, eta jantzi argizko armak. Gabiltzan jator, egun-argiz bezala. GALDERANTZUNA R/. Zu zaitut, Jauna, * ihesleku eta gaztelu. Zu zaitut. V/. Ene Jainko, Zuregan nago sendo. * Ihesleku. Aintza Aitari. Zu zaitut. Benedictus, ant. Eman digu Jaunak salbamen-indarra, bere Profeten bidez hitzeman bezala. ESKARIAK Senide maiteok: zeruko deia egin zaigun ezkero, bedeinka dezagun sinesmenaren bidean jarri gaituen Jesus, esanez: Zu, Jauna, gure Jaungoiko eta gure Salbatzaile. Jaun ahalguztiduna, Bataioaren bitartez errege-apaizgoa eman diguzu: - egizu, gure bizitza gorespen-opari izan dadila beti. Lagun ezaguzu, Jauna, zure aginduak betetzen, - Espirituaren bitartez gu Zuregan eta Zu guregan bizi gaitezen. Emaguzu zure betiko jakinduria, - gurekin egon dadin gaur, eta gurekin ari. Ez dezagula gaur inor nahigabetu, - eta gurekin dauden guztiak poztu ditzagula. Jainkoaren seme garenez, egin diezaiogun otoitz gure Aitari Kristok erakutsitako otoitza esanez: Gure Aita. Otoitza Entzun, Jauna, goizeko gure otoitza, eta argitu, zure errukiz, gure bihotzeko ilunak; egizu, zure argitasuna ezagutu dugunok, ez gaitezela gehiago ilunpetako ekintzetan geldi. Zure Seme Jesukristo.