SALMOAK 1 Antifona Urtean zehar: Jaunak begiko du behartsua. Pazko aldian: Izan bihotz: Nik garaitu dut mundua, alleluia. 10 Salmoa Jauna, zintzoaren itxaropena Zorionekoak zuzentasunaren gose eta egarri direnak; aseak izango baitira (Mt 5, 6) Jaunarengana biltzen naiz. Zergatik niri esan: «Alde mendira, hegaztiaren antzera, hegan. Izan ere, gaiztoek uztaia tenkatu dute, eta gezia uztai-harian jarri, bihotz zuzenekoak ilunpean jo nahirik. Oinarriek huts egiten badute, zintzoak zer egin dezake?» Jauna bere etxe santuan; Jaunak zeruak jarleku; begiak argi dauzka, gizonak betazalez ikertzen ditu. Jaunak ikertzen zintzoa eta gaiztoa, Haren bihotzak indarkeri zaleentzat gorrotoa. Gaiztoen gainera txingarrak, infernu harria euri, sargori-haizea izango dute edontziko edari. Zuzena baita Jauna, zuzentasuna du maite, Haren aurpegia zintzoek ikusiko dute. Urtean zehar: Ant. Jaunak begiko du behartsua. Pazko aldian: Ant. Izan bihotz: Nik garaitu dut mundua, alleluia. 2 Antifona Urtean zehar: Zorionekoak, bihotzez garbi direnak; hauek ikusiko dute-ta Jaungoikoa. Pazko aldian: Zure txabolan egongo da; zure mendi santuan biziko da, alleluia. 14 Salmoa Nor da zintzo Jainkoaren aurrean? Zuek, Sion-mendira hurbildu zarete, Jaungoiko biziaren herrira (Eb 12, 22) Jauna, nor dagoke zure txabolan? Nor bizi daiteke zure mendi santuan? Akatsik gabe eta zintzo dabilena, bere artean egia dioena; mingainez inor belzten ez duena, hurkoari gaitzik egiten ez diona, auzokoa lotsagarri uzten ez duena; gaiztoari esker txarra ematen diona, Jainko-beldur dena ospatzen duena; bere kaltetan zin eginik ere aldatzen ez dena, dirua irabazitan ematen ez duena, errugabearen aurka eskupekorik hartzen ez duena. Hauek egiten dituena, ez da kolokatuko sekulan. Urtean zehar: Ant. Zorionekoak, bihotzez garbi direnak; hauek ikusiko dute-ta Jaungoikoa. Pazko aldian: Ant. Zure txabolan egongo da; zure mendi santuan biziko da, alleluia. 3 Antifona Urtean zehar: Jainkoak aurrez aukeratu gintuen Jesukristoren bidez, bere seme-orde izateko. Pazko aldian: Nik, lurretik gora jasoko nautenean, Niregana bilduko ditut guztiak, alleluia. Kantika: Ef 1, 3-10 Jainkoaren salbamen-asmoa Bedeinkatua izan bedi Jainkoa, Jesukristo gure Jaunaren Aita, Espirituaren era guztietako bedeinkapenez, zeruan Kristorengan bedeinkatu gaituena. Harengan aukeratu baikintuen, mundua sortu baino lehen, bere aurrean, maitasunez, santu eta errugabe izan gaitezen. Aurrez aukeratu gintuen bere seme-orde izateko, Jesukristoren bidez, bere nahiaren onberatasunez; bere Seme maitearengan hain ugari eman digun graziaren aintzak Bera gorespenez bete dezan. Seme honengan, bere odolaz dugu erospena, eta bekatuen barkamena; halakoa izan da Haren grazi aberastasuna. Oparo isuri baitigu bere grazia ezaguera osoz eta jakinduriaz: bere nahiaren misterioa ezagutarazi digu, bere onginahiez erabakita zeukana, garaia zetorrenean beteko zuena: Zeruko eta lurreko gauza guztiak Kristorengan bilduko dituela, Berau buru dela. Urtean zehar: Ant. Jainkoak aurrez aukeratu gintuen Jesukristoren bidez, bere seme-orde izateko. Pazko aldian: Ant. Nik, lurretik gora jasoko nautenean, Niregana bilduko ditut guztiak, alleluia. JAINKOAREN HITZA: Kol 1, 9b-11 Jaungoikoaren nahia bete-betean ezagutu ezazue, jakinduria osoz eta goi-zentzuz; horrela zuen jokaera Jaunak nahi duen bezalakoa izango da, Berarentzat atsegin osokoa; era guztietako egintza honen fruituak ekarriko dituzue, eta gero eta gehiago ezagutuko duzue Jainkoa. Haren aintzaren ahalmenak indar emango dizue, gauza guztiak eroapenez eta bihotz zabalez eramateko. GALDERANTZUNA R/. Senda nazazu, Jauna, * hoben egina bainauzu zure aurka. Senda. V/. Hau diot nik: Erruki zakizkit, Jauna. * Hoben. Aintza Aitari. Senda. Magnificat, ant. Handiesten du nire arimak Jauna, ikusi baitu mirabe honen ezereztasuna. ESKARIAK Jainkoak betiko elkartea egin du bere herriarekin, eta beti ongi egiten ari zaio; horregatik eskerrak eman diezazkiogun eta uste osoz otoitz egin diezaiogun, esanez: On egiozu, Jauna, zure herriari. Salba ezazu zure herria, Jauna, - eta bedeinka zure ondarea. Eraman itzazu kristau guztiak batasunera, - gizadiak Zuk bidalitako Kristo sinets dezan. Isur ezazu zure grazia, gure senitarteko eta lagunetara, - eta egizu, zabal dezatela Kristoren usai gozoa. Erakuts iezaiezu zure maitasuna hil-zorian daudenei, - zure salbamena ikus dezaten. Erruki zaitez hildakoetaz, - eta sar itzazu Kristoren atsedenean. Buka dezagun gure otoitza, Jaunak erakutsitako hitzak esanez: Gure Aita. Otoitza Jauna, gure zerbitzu apalak gorets dezala zure handitasuna; eta gure salbamenagatik Maria Birjinaren ezereztasunari begiratu zenion Horrek, eraman gaitzazu salbamen betera. Zure Seme Jesukristo.