SALMOAK 1 Antifona Urtean zehar: Zuri arrenka nagokizu, Jauna, entzun goizetik nire mintzoa. Pazko aldian: Poztuko dira Zuregana biltzen direnak, alleluia. 5 Salmoa 2-10. 12-13 Etsaiaz inguraturik dagoen zintzoaren otoitza «Entzun goizetik nire mintzoa» esatean, Kristoren piztuera aipatzen da. Entzun, Jauna, nire eskaria, adi ezazu nire intziria. Zaude erne nire deiadar hotsera, ene Errege eta ene Jainko. Zuri arrenka nagokizu, Jauna, entzun goizetik nire mintzoa; goizean agertzen dizut nire eskaria, eta zain gelditzen natzaizu. Ez baitzara Jainko gaiztakeri zale, gaiztorik ezin bizi da zurean, harroek ez dute iraungo zure aurrean. Gaizkile guztiak gorroto dituzu, gezur-ontziak hondatzen dituzu. Gizon odol zale eta maltzurrak, gorroto ditu Jaunak. Ni, berriz, zure maitasun ugariz, sartuko naiz zurean; zure jauretxe deunaren aurrean ahuspez jarriko zure beldurrean. Jauna, nire etsaiengatik, zure zuzentasunean eraman nazazu, nire aurrean zure bidea zelai ezazu. Ez baita egiarik holakoen ahotan, horien bihotzak txarkeria du asmotan; hilobi zabaldua da horien eztarria, horien mingainean, zurikeria. Zuregana biltzen direnak, ordea, poztu bitez, egin bezate oihu beti pozaren pozez. Babes itzazu, eta alai bitez Zuregan zure izena maite dutenak. Zintzoa Zuk onesten baituzu, Jauna, onginahiez inguratzen babeskiz bezala. Urtean zehar: Ant. Zuri arrenka nagokizu, Jauna, entzun goizetik nire mintzoa. Pazko aldian: Ant. Poztuko dira Zuregana biltzen direnak, alleluia. 2 Antifona Urtean zehar: Goresten dugu, gure Jainko, zure izen argitsua. Pazko aldian: Zureak dira, Jauna, indarra eta handitasuna, zurea jaurerria, eta Zu, guztien gainetik dagoen buruzagia, alleluia. Kantika: 1 Kro 29, 10-13 Jainkoarenak dira ospea eta argia Bedeinkatua Jaungoikoa, Jesukristo gure Jaunaren Aita (Ef 1, 3) Gora Zu, Jauna, gure aita Israelen Jainko, betidanik betidaino. Zureak dira, Jauna, indarra eta handitasuna, zureak argia, distira eta argitasuna. Zeru-lurretan daudenak oro zure dira, zurea, Jauna, jaurerria, eta Zu, guztien gainetik dagoen buruzagia. Ondasuna eta ospea zure dituzu, guztietan Zuk agintzen duzu. Zure eskuan indarra eta kemena, guztia handi eta sendo egitea, zure eskuarena. Orain, beraz, gure Jainko, ospatzen zaitugu, zure izen argitsua goresten dugu. Urtean zehar: Ant. Goresten dugu, gure Jainko, zure izen argitsua. Pazko aldian: Ant. Zureak dira, Jauna, indarra eta handitasuna, zurea jaurerria; eta Zu, guztien gainetik dagoen buruzagia, alleluia. 3 Antifona Urtean zehar: Jauretsi Jauna apaindura deunez. Pazko aldian: Jauna errege eseriko da betieran, alleluia. 28 Salmoa Jainkoa ekaitzean agertzen da handi Zeruko mintzo batek honela esan zuen: Hau da nire Semea, nire maitea (Mt 3, 17) Eman, Jainko-semeok, Jaunari, eman ospe eta indar Jaunari. Eman ospe Jaunari bere izenaren ederrez, jauretsi Jauna apaindura deunez. Horra Jaunaren mintzoa ur-gainean: Jainko itzalgarriaren ostotsa durundan, Jauna ur ugarien gainean. Jaunaren mintzoa indartsu, Jaunaren mintzoa ospetsu. Jaunaren mintzoak ditu izaiak apurtzen, Libango izaiak Jaunak apurtzen. Libani jauzi eragingo dio, zekorrari bezala; Sarioni, basa-idiskoari bezala. Jaunaren mintzoak su-garra du botatzen, Jaunaren mintzoak basamortua ikaratzen, Jaunak Kades lekaroa ikaratzen. Jaunaren mintzoak bihurritzen ditu arteak, soiltzen basoak, Haren jauretxean denak diote: Gora! Eseri da uholde-gainean, Jauna errege eseriko betieran. Bere herriari indar emango dio Jaunak, bere herria bedeinkatuko du bake emanez Jaunak. Urtean zehar: Ant. Jauretsi Jauna apaindura deunez. Pazko aldian: Ant. Jauna errege eseriko da betieran, alleluia. JAINKOAREN HITZA: 2 Ts 3, 10b-13 Lanik egin nahi ez duenak, ez dezala jan. Entzun baitugu, zuen artean batzuk alferkerian bizi direla, ezer egin gabe, non zer jakingo, berriketan. Horrelakoei agintzen eta eskatzen diegu Jesukristo Jaunaren izenean, bakean lan egin dezatela, beren ogia irabazteko. Zuek, berriz, senideok, ez aspertu on egiten. GALDERANTZUNA R/. Bedeinkatua Jauna * betieren beti. Bedeinkatua. V/. Mirariak egiten bakarra. * Betieren beti. Aintza Aitari. Bedeinkatua. Benedictus, ant. Bedeinkatua Jauna, gure Jainkoa. ESKARIAK Gorets dezagun Kristo, graziaz eta Espiritu Santuaz betea, eta uste osoz eska diezaiogun: Emaguzu, Jauna, zure Espiritua. Emaguzu egun gozo, baketsu eta errugabea, - arratsaldea iristean, pozez eta bihotz garbiz gorets zaitzagun. Ager iezaguzu, zure betiko bihotz ona, - eta zuzen itzazu gure eginkizunak. Erakuts iezaguzu, Jauna, zure aurpegi argia, eta emaguzu zure bakea, - senti dezagun gaur egun guztian, zure eskuaren laguntza. Begira onez, Jauna, gure otoitzetan beren uste ona jarri dutenei, - eta eman iezazkiezu gorputz-arimetako on guztiak. Buka ditzagun gure eskariak, Jaunak erakutsi zigun otoitza esanez: Gure Aita. Otoitza Zure graziak, Jauna, eragin eta lagun bitza gure eginak, gure lan guztia Zuregandik sor dadin, eta Zuregana jo dezan. Zure Seme Jesukristo.