SALMOAK 1 Antifona Urtean zehar: Esna zaitezte, salteria eta kitara; esnaraziko dut artizarra. Pazko aldian: Jainko, ager zaitez garai zeruan, alleluia. 56 Salmoa Atsekabetan dagoenaren goizeko otoitza Salmo honetan Jaunaren nekaldia aipatzen da (S. Agustin) Erruki zakizkit, ene Jainko, erruki zakizkit, nire anima hau Zuregana baitator ihesi; zure hegalen itzalean gordetzen naiz, ekaitza igaro artean. Oihu dagiot Goi-goiko Jainkoari, ongi egiten didan Jainkoari. Bidal biezat zerutik salbamena, aurretik narabiltenak lotsaz bete ditzala, bere grazia eta leialtasuna Jainkoak bidal ditzala. Lehoien erdian natza: irrikaz irensten dute gizona; horien hortzak gezi eta lantza, horien mingaina ezpata zorrotza. Jainko, ager zaitez garai zeruan, zabal bedi lur osoan zure edertasuna. Sarea zabaldu diete nire oinei, han eror nadin ni; beraiek erori dira egin didaten zulora. Bizkor daukat bihotza, bizkor, ene Jainko, eresi eta goratzarre dizut egingo. «Esna zakizkit, barrena, esna zaitezte, salteria eta kitara, esnaraziko dut artizarra». Goretsiko zaitut, Jauna, herrietan, goratzarre egingo dizut atzerrietan. Handia baita zure maitasuna zeruetaraino, zure leialtasuna hodeietaraino. Jainko, ager zaitez garai zeruan, zabal bedi lur osoan zure edertasuna. Urtean zehar: Ant. Esna zaitezte, salteria eta kitara; esnaraziko dut artizarra. Pazko aldian: Ant. Jainko, ager zaitez garai zeruan, alleluia. 2 Antifona Urtean zehar: Nire herria aseko da nire ondasunez -dio Jaunak-. Pazko aldian: Jaunak berrerosi du bere herria, alleluia. Kantika: Jr 31, 10-14 Berrerositako herriaren zoriona Jesus, Jaungoikoaren seme banatuak batera biltzeko hil behar zuen (Jn 11, 51. 52) Entzun Jaunaren hitza, atzerriak, iragarri urrungo uharteetan: «Israel banatu zuenak bilduko du, artzainak artaldea bezala zainduko du. Jakob Jainkoak berrerosi baitu indartsuago baten eskutik atera du». Irrintzika etorriko dira Sion mendira, Jaunaren ondasunetara bilduko dira: Ogi, ardo eta oliotara, artalde eta behi-taldetara. Eta haien bihotza baratza busti bat bezala da izango, ez dira gaurgero ahulduko. Neskak orduan pozik dantzan ariko dira, mutil eta agureekin batera. Negarretik aterako ditut pozaldira, eta atsekabe ondoren, atseden eta alaitasunera. Apaizen bihotza hordituko dut guritasunez, eta nire herria aseko da nire ondasunez. Urtean zehar: Ant. Nire herria aseko da nire ondasunez -dio Jaunak- Pazko aldian: Ant. Jaunak berrerosi du bere herria, alleluia. 3 Antifona Urtean zehar: Handia da Jauna, guztiz goresgarria, gure Jainkoaren hirian. + Pazko aldian: Hainbestekoa da gure Jainkoa betieren betieran, alleluia. 47 Salmoa Jerusalemen aintzari goratzarrea Hartu ninduen aingeruak, eta espirituz, mendi handi goi batera eraman ninduen, eta Jerusalem, hiri santua, erakutsi zidan (Apk 21, 10) Handia da Jauna, guztiz goresgarria, gure Jainkoaren hirian. + Haren mendi santua, muino argitsu, lurbira osoaren pozgarri; Sion mendia ipar-mugan, errege handiaren hiri. Hango jauregietan Jainkoa, gaztelu sendo agertu da. Hain zuzen, erregeak ziren elkartu, denak batean Haren aurka oldartu, Baina ikusi orduko izutu ziren, lotsaz ihesi joan ziren. Bertan hartu zituen dardarak, erdi-minaren erara; eguzki-haize denean, Tarsisko itsasontziak puskatzen dituen eran. Entzun bezala dugu ikusia gudari-taldeen Jaunaren hirian, gure Jainkoaren hirian: Jainkoak sendotzen du beti guztian. Gogoratzen dugu, Jainko, zure maitasuna, zure jauretxe-erdian. Zure izena bezala, Jainko, zure gorespena, iristen da lurraren bazterrera: zure eskuina zuzentasunez dago betea. Pozten da Sion mendia, pozten dira Judako hiriak, zure erabakiaz. Egin itzul bira Sionen inguruan, bat-banatu hango dorreak. Ikus hango harresiak, begira hango gazteluak, ondorengoei esateko: «Hainbestekoa da Jainkoa, gure Jainkoa betieren betieran, Bera dugu gidari gizaldi guztietan». Urtean zehar: Ant. Handia da Jauna, guztiz goresgarria, gure Jainkoaren hirian. Pazko aldian: Ant. Hainbestekoa da gure Jainkoa betieren betieran, alleluia. JAINKOAREN HITZA: Is 66, 1-2 Honela dio Jaunak: Zerua dut jarleku, eta lurra nire oin-azpiko. Zer etxe eraiki diezadakezue Niri? Zer atseden-leku? Diren gauza guztiak nire eskuak egin ditu, nireak dira denak -dio Jaunak-. Nire begiak apalarengana eta bihotz-urratuarengana dihoaz: nire hitzari buruz ikaratzen denarengana. GALDERANTZUNA R/. Oihuka ari naiz bihotz guztiaz: * Entzun nazazu, Jauna. Oihuka. V/. Beteko ditut Zuk ezarriak. * Entzun. Aintza Aitari. Oihuka. Benedictus, ant. Izan gaitezen Jaunaren zerbitzari zintzo, eta aterako gaitu etsaien eskutik. ESKARIAK Eskerrak eman diezazkiogun, egun berriaren argia eman digun Kristori, esanez: Bedeinka gaitzazu, Jauna, eta santu egin. Zeure burua, gure bekatuengatik opari eskaini zenuen Horrek, - hartu gaurko gure ekintzak eta lanak. Gure begiak, egun berriaren argiz alaitzen dituzun Hori, - izan zaitez gure bihotzen argi bizi. Egizu, Jauna, izan gaitezela bihotz handiko eta eskuzabal gure ingurukoekin, - horrela zure antzeko izan gaitezen. Goiz-goizetik ikus dezagula zure errukia, - eta zure pozak indar gaitzala egun guztian. Salbatzaileak agindu eta erakutsi bezala, uste onez esan dezagun: Gura Aita. Otoitza Jainko guztiz ahaltsu eta betiko, goiz, eguerdi eta arratsalde, eskean gauzkazu: ken guregandik bekatuaren iluna, eta eman eguneko argia den Kristo. Zurekin eta Espiritu Santuarekin.