SALMOAK 1 Antifona Abenduan: Egun hartan mendiei gozo ihintza darieke, eta muinoek esnea eta eztia emango dute. Pazko aldian: Egarri dena betor, eta har beza hutsean biziaren ura, alleluia. Urtean zehar: Goizetik bilatzen zaitut, ene Jainko, zure ospea eta indarra ikusi-nahian, alleluia. 62 Salmoa, 2-9 Jainkoaren egarriz dagoen gogoa Ilunpearen ekintzak baztertzen dituenak bilatzen du goizetik Jainkoa (Origenes) Jainkoa, nire Jainko zaitut, goizetik bilatzen zaitut, zure egarriz daukat gogoa, zure irrikaz haragia, lur idor, egarri, ur gabe iduria. Egona nauzu Zuri begira jauretxean, zure ospea eta indarra ikusi-nahian. Bizia baino hobea baita zure maitasuna, ezpainok egingo dute zure gorapena. Goretsiko zaitut bizi naizen artean, jasoko ditut eskuok zure izenean. Gurinez eta mamiz bezala beteko zait gogoa, ezpain-ikaraz goretsiko zaitu nire ahoak. Zutaz oroitzen naiz ohe-gainean, Zu gogoematen zaitut gauean. Zu gertatu baitzara nire laguntzailea, pozez oihu dagit zure hegal-itzalean. Nire gogoa Zuri itsatsia dago, zure eskuinak eutsita nago. Abenduan: Ant. Egun hartan mendiei gozo ihintza darieke, eta muinoek esnea eta eztia emango dute. Pazko aldian: Ant. Egarri dena betor, eta har beza hutsean biziaren ura, alleluia. Urtean zehar: Ant. Goizetik bilatzen zaitut, ene Jainko, zure ospea eta indarra ikusi-nahian, alleluia. 2 Antifona Abenduan: Mendi eta muinoek pozez oihu egingo dute Jaunaren aurrean; basoko zuhaitzek txalo joko dute Jauna badatorrelako, betieran errege izatera, alleluia. Pazko aldian: Ahuspez agur egiozue Jaunari, zeru-lurrak, itsasoa eta iturriak egin dituenari, alleluia. Urtean zehar: Hiru gazteek, su-garrez inguraturik, bihotz batez kantatzen zuten: Bedeinkatua Jauna, alleluia. Kantika: Dn 3, 57-88. 56 Gorets bezate Jauna izaki guztiek Gorets ezazue Jainkoa Haren morroi guztiok (Apk 19, 5) Jaunak egindako guztiak, bedeinka ezazue Jauna: goretsi eta ospatu gizaldietan. Jaunaren aingeruak, bedeinka ezazue Jauna; zeruak, bedeinka ezazue Jauna. Zeru-gaineko ur guztiak, bedeinka ezazue Jauna; Jaunaren gudari guztiak, bedeinka ezazue Jauna. Eguzki eta ilargi, bedeinka ezazue Jauna; zeruko izarrak, bedeinka ezazue Jauna. Euri eta ihintz guztiak, bedeinka ezazue Jauna; haize guztiak, bedeinka ezazue Jauna. Su eta beroak, bedeinka ezazue Jauna; hotz eta hotz-min, bedeinka ezazue Jauna. Ihintz eta langar, bedeinka ezazue Jauna; izotz eta jelak, bedeinka ezazue Jauna. Antsigar eta elur, bedeinka ezazue Jauna; gauak eta egunak, bedeinka ezazue Jauna. Argi eta ilunpeak, bedeinka ezazue Jauna; tximist eta hodeiak, bedeinka ezazue Jauna. Bedeinka beza Jauna lurrak: goretsi eta ospatu gizaldietan. Mendi eta muino, bedeinka ezazue Jauna; lur-gainean ernetzen diren guztiak, bedeinka ezazue Jauna. Iturriak, bedeinka ezazue Jauna; itsaso eta ibaiak, bedeinka ezazue Jauna. Baleak eta uretan dabiltzan guztiak, bedeinka ezazue Jauna; zeruko hegazti guztiak, bedeinka ezazue Jauna. Pizti eta abere guztiak, bedeinka ezazue Jauna: goretsi eta ospatu gizaldietan. Giza semeak, bedeinka ezazue Jauna; israeldarrak, bedeinka ezazue Jauna. Jaunaren apaizak, bedeinka ezazue Jauna; Jaunaren morroiak, bedeinka ezazue Jauna. Espiritu eta anima guztiak, bedeinka ezazue Jauna; santu eta bihotz-apalak, bedeinka ezazue Jauna. Ananias, Azarias, Misael, bedeinka ezazue Jauna: goretsi eta ospatu gizaldietan. Bedeinka ditzagun Aita eta Semea Espiritu Santuarekin: goretsi eta ospatu gizaldietan. Bedeinkatua Zu zeru-sabaian: aintza eta gorespen Zuri gizaldietan. Ez da esaten Aintza Aitari. Abenduan: Ant. Mendi eta muinoek pozez oihu egingo dute Jaunaren aurrean; basoko zuhaitzek txalo joko dute Jauna badatorrelako, betieran errege izatera, alleluia. Pazko aldian: Ant. Ahuspez agur egiozue Jaunari, zeru-lurrak, itsasoa eta iturriak egin dituenari, alleluia. Urtean zehar: Ant. Hiru gazteek, su-garrez inguraturik, bihotz batez kantatzen zuten: Bedeinkatua Jauna, alleluia. 3 Antifona Abenduan: Profeta handia etorriko da, eta berak berrituko du Jerusalem, alleluia. Pazko aldian: Zintzoek oihu dagite pozez, alleluia. Urtean zehar: Alai bitez siondarrak beren erregearengan, alleluia. 149 salmoa Santuen poza Jainkoaren herri berria diren Elizaren semeak beren erregearengan pozten dira, Kristo Jaunarengan (Hesikio) Kanta Jaunari kantu berri, Haren gorespena zintzoen batzarrean entzun bedi. Poztu bedi Israel bere Egilearengan, alai bitez siondarrak beren erregearengan. Gorets bezate Haren izena dantzarekin, begiote goratzarre zaldabai eta kitararekin. Maite baitu Jaunak bere herria, umilak ditu garaipenez jantziak. Goraldi hortaz zintzoak alai bitez, beren etzalekuetan oihu egin bezate pozez. Bego Jainkoaren gorapena haien eztarrietan, beude aho biko ezpatak haien eskuetan; atzerriengandik apena har dezaten, herriak zigor ditzaten; haien erregeak lotu ditzaten katez, haien handizkiak, burdin-uztaiez. Idatzirik dagoen epaia gerta bedi: gorapen hau dagokie Haren zintzo guztiei. Abenduan: Ant. Profeta handia etorriko da, eta berak berrituko du Jerusalem, alleluia. Pazko aldian: Ant. Zintzoek oihu dagite pozez, alleluia. Urtean zehar: Ant. Alai bitez siondarrak beren erregearengan, alleluia. JAINKOAREN HITZA: Apk 7, 10. 12 Salbamena, aulkian eserita dagoen gure Jaungoikoarena da, eta Bildotsarena. Bedeinkapena, aintza eta jakinduria, esker ona eta ospea, ahalmena eta indarra gure Jaungoikoarenak dira, gizaldi eta gizaldietan. Amen. GALDERANTZUNA R/. Kristo, Jainko biziaren Seme, * erruki zakizkigu. Kristo. V/. Aitaren eskuin-aldean jarririk zaudena. * Erruki. Aintza Aitari. Kristo. ESKARIAK Gorets dezagun Kristo Jauna, gure egun-argia eta zuzentasun-eguzkia, Berak argi egiten baitie gizon guztiei, eta esan diezaiogun: Zu zara, Jauna, gure bizia eta salbamena. Eskerrak Zuri, Jauna, eman diguzun egun berri honengatik: - zure piztueraren oroipenak poztu gaitzala igande honetan. Zure Espiritu Santuak erakuts diezagula zure nahia betetzen, - eta zure jakinduriak zuzen ditzala gure ekintzak. Egizu, Jauna, igandeko Eukaristia ospatzeak pozez bete gaitzala, - eta zure hitzaren eta zure Gorputzaren mahai-inguruan sendo dadila gure itxaropena. Eskerrak Zuri, Jauna, egin eta eman dizkiguzun ondasun guztiengatik: - egizu, egun guztian bizi gaitezela esker onez. Esan dezagun orain denok elkarturik Jaunak Berak erakutsi zigun otoitza: Gure Aita.