PAZKOALDIKO VI. DOMEKEA C I. IRAKURGAIA Eg 15, 1-2. 22-29) Espiritu Santuak eta guk erabagi dogu zuei zamarik ez ezartea, behar-beharrezko diranak izan ezik. Apostoluen Eginak liburutik Egun hareetan, Judeatik Antiokiara jatsi ziran batzuk hango senideei irakaspen hau emoten hasi ziran: «Moisesengandiko usadioaren arabera erdaintzen ez bazaree, ez zaitekeze salbatu». Hori zala eta, iskanbila sortu zan eta Paulok eta Bernabek eztabaida gogorra izan eben hareekin. Orduan, Paulo, Bernabe eta beste batzuek Jerusalemera igon egiela erabagi eben, apostolu eta arduradunekin auzi hori argitzera. Apostoluek eta arduradunek, eliz alkarte osoagaz batera, euren arteko batzuk aukeratu eta Paulo eta Bernabegaz Antiokiara bialtzea erabagi eben. Barsaba deituriko Judas eta Silas aukeratu ebezan, senideen artean itzal handiko gizonak biak, eta gutun hau emon eutseen eroateko: «Anaia apostolu eta arduradunek Antiokia, Siria eta Ziliziako jentil-herrietako senideoi, agur! Jakin dogu gure arteko batzuek, guk agindu barik, euren berbaz kezkatu eta nahastatu zaitueela. Horregaitik, ordezkari batzuk aukeratzea erabagi dogu aho batez eta zuekana bialtzea Bernabe eta Paulo geure senide maiteekin, euren buruak Jesu Kristo gure Jaunaren zerbitzuan emon dabezan horreekin. Hor bialtzen deutsueguz, bada, Judas eta Silas, gauza bera ahoz jakinarazo deizueen. Espiritu Santuak eta guk erabagi dogu zuei zamarik ez ezartea, behar-beharrezko diran honeek izan ezik: ez dagizuela jan sasijainkoei eskeinitako haragirik, ezta odolik nahiz odolustu bako abererik ere, eta itzi dagizuezala legearen kontrako haragi-hartuemonak. Ondo egingo dozue holakoetatik alde egiten badozue. Ondo izan». ERANTZUN SALMOA Sal 66, 2-3. 5. 6 eta 8 R/. Ene Jainko, ospatu zagiezala herriek, ospatu zagiezala herri guztiek. edo Aleluia. Erruki bekigu Jainkoa, bedeinkatu gagizala, agertu deigula aurpegi alaia; ezagutu dagien lurrean zure bidea, herri guztietan Zugandiko salbamena. R/. Poztu beitez kantari atzerriak, zuzenbidez daroazu-eta izadia; zintzo dozuz-eta gidatzen herriak, eta zaintzen lurrean atzerriak. R/. Ene Jainko, ospatu zagiezala herriek, ospatu zagiezala herri guztiek. Jainkoak bedeinkatu gagizala, lur-bazter guztiek bildur izan deioela. R/. II. IRAKURGAIA Ap 21, 10-14. 22-23 Uri santua erakutsi eustan, zerutik jasten. Apokalipsia liburutik Ni, Joan, hartu ninduan aingeruak eta mendi handi eta garai batera eroan ninduan espirituz; Jerusalem uri santua erakutsi eustan, zerutik Jainkoagandik jasten, Jainkoaren aintzaz dirdiratsu. Haren disdira harribitxi eder baten antzekoa zan, jaspe harria baizen gardena. Harresi sendo eta garaia eban, hamabi atekoa, eta ate gainetan hamabi aingeru eta hamabi izen idatziak, israeldarren hamabi leinuen izenak. Hiru ate ekialdera egozan, hiru iparraldera, hiru hegoaldera eta hiru mendebalera. Uriko harresiak hamabi oinarri zituan, eta honeetan idatziak Bildotsaren hamabi apostoluen izenak. Ez neban inolako tenplurik ikusi, izan ere Jauna, Jainko ahalguztiduna, eta Bildotsa dira-eta hango tenplu. Uriak ez dau argituko dauan eguzki nahiz ilargirik behar, Jainkoaren aintzak dau-eta argitzen, eta Bildotsa dau argiontzi. EBANJELIOA Jn 14, 23-29 Aleluia Jn 14, 23b R/. Aleluia. V/. Ni maite nauanak beteko dau nire hitza -dino Jaunak-; nire Aitak maiteko dau, eta haregana etorriko gara. R/. Espiritu Santuak gogoratuarazoko deutsue Nik esan deutsuedan guztia. D Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Ni maite nauanak gordeko dau nire berbea; nire Aitak maite izango dau, eta Aita eta biok beragana etorriko gara eta beragan jarriko dogu bizilekua. Ni maite ez nauanak, ostera, ez ditu gordeten nire hitzak. Eta entzuten dozuen berbea ez da nirea, bialdu ninduan Aitarena baino. Zuekin nazan artean esan deutsuet hau. Baina Aitak laguntzailea, Espiritu Santua, bialduko deutsue nire izenean; Harek irakatsiko deutsue dana eta gogoratuarazoko Nik esan deutsuedan guztia. Bakea izten deutsuet, neure bakea emoten; nik emoten deutsuedan bakea ez da munduarena lakoa. Ez kezkatu, ez izan bildurrik. Entzun dozue esan deutsuedana: "Banoa, baina bihurtuko naz zuekana". Benetan maite baninduzue, poztu egingo zinatekez Aitagana noalako, Aita Ni baino handiagoa da-eta. Orain esan deutsuet, jazo baino lehen, jazo daitenean sinistu dagizuen».