PAZKOALDIKO V. DOMEKEA C I. IRAKURGAIA Eg 14, 21b-26 Jainkoak euren bidez egindako guztia azaldu eutsoen alkarteari. Apostoluen Eginak liburutik Egun hareetan, Paulo eta Bernabe Listrara, Ikoniora eta Antiokiara bihurtu ziran. Bide batez, ikasleen bihotzak sendotzen ebezan, sinismenean irauteko adorea emonez. "Larrialdi asko jasan behar dogu —esaten eutseen— Jainkoaren erreinuan sartzeko". Eliz alkarte bakoitzean arduradunak izendatu ebezan eta, otoitz eta barau egin ondoren, Jaunaren eskuetan itzi ebezan, Haregan sinistu eben-eta. Pisidian zehar, Panfiliara heldu ziran eta, Pergen hitza iragarri ondoren, Ataliara jatsi ziran. Han ontzia hartu eben Siriako Antiokiara joateko, handik bialduak izan ziran-eta, burutu barria eben egitekorako, Jainkoaren ardurapean jarri ondoren. Heldu ziranean, eliz alkartea batu eben eta Jainkoak euren bidez egindako guztia azaldu eutseen, baita jentilei federako atea zelan edegi eutsen ere. ERANTZUN SALMOA Sal 144, 8-9. 10-11. 12-13ab R/. Ene Jainko, ene Errege, bedeinkatuko dot zure izena betiere. edo Aleluia. Samurra da Jauna eta errukiorra, Hasarre-gatxa eta guztiz onbera. Ona da Jauna guztientzat, errukior Berak egin dituanentzat. R/. Jauna, zure lan guztiek ospatu zagiezala, zure zintzoek bedeinkatu zagiezala. Zure erregetza zein bikain dan autortu begie, zure ahal izateaz hitz egin begie. R/. Ezagutuarazo beioe gizakiei zure bizkortasuna, zure erregetza ospetsuaren bikaintasuna. Zure erregetza gizaldi guztietako erregetza, gizaldiz gizaldi zure nagusitza. R/. II. IRAKURGAIA Ap 21, 1-5a Begietako malkoak sikatuko deutsez. Apokalipsia liburutik Nik, Joanek, zeru barria eta lur barria ikusi nebazan, desagertuak ziran-eta lehenengo zerua eta lehenengo lurra, eta itsasorik ere ez zan. Uri santua ikusi neban, Jerusalem barria, zerutik Jainkoagandik jasten, andragaia bere senarrarentzat lez apaindua. Eta ahots handia entzun neban tronutik esaten: «Hona Jainkoaren bizilekua gizakien artean; hareekin biziko da. Hareek izango ditu bere herri, eta Jainkoa bera izango dabe beragaz. Begietako malkoak xukatuko deutsez, eta ez da gehiago heriotzarik izango, ez dolurik, ez negarrik, ez nekerik, lehengo mundua desagertua da-eta». Eta tronuan jesarrita egoanak esan eban: «Hara, gauza guztiak barri egiten ditut». EBANJELIOA Jn 13, 31-33a. 34-35 Aleluia Ikus Jn 13, 34 R/. Aleluia. V/. Agindu barria emoten deutsuet -dino Jaunak-: maitatu egizue alkar, Nik maite izan zaituedan lez. R/. Agindu barria emoten deutsuet: maitatu egizue alkar. D Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik Judasek urten ebanean, esan eutsen Jesusek: «Oraintxe azaltzen da Gizonaren Semearen aintza, eta haren bidez Jainkoarena. Jainkoaren aintza haren bidez azaltzen bada, Jainkoak ere bere aintzaz beteko dau ha, eta berehala gainera. Semetxook, oraintxe ez nago luzarorako zuekaz. Agindu barria emoten deutsuet: maitatu dagizuela alkar. Nik maite izan zaituedan lez, maitatu zuek ere alkar. Honetan ezagutuko dabe guztiek nire ikasle zareela: zuek alkar maite izatean».