PAZKOALDIKO IV. EGUAZTENA I. IRAKURGAIA Eg 12, 24—13, 5a Bereiztu egidazuez Saulo eta Bernabe Apostoluen Eginak liburutik Egun hareetan, Jainkoaren hitza sartzen eta zabaltzen joian. Bernabe eta Saulo, Jerusalemen euren egitekoa bete ondoren, Antiokiara bihurtu ziran, Joan Markos eurakaz harturik. Baziran Antiokiako eliz alkartean profeta eta irakasle batzuk: holan, Bernabe, Simeon –izengoitiz Baltza–, Luzio zirenearra, Manaen –umetan Herodes erregeagaz batera hazitakoa– eta Saulo. Behin, barau egunez, Jaunaren kultu-ospakizun batean egozala, Espiritu Santuak esan eutsen: «Bereiztu niretzat Bernabe eta Saulo, Nik dei egin deiedan egitekorako». Orduan, barau eta otoitz egin ondoren, hareei eskuak buruan ezarri eta bialdu egin ebezan. Bernabe eta Saulo, beraz, Espiritu Santuak bialduta, Seleuziara jatsi ziran, eta handik Ziprera jo eben itsasoz. Salaminara heldurik, juduen sinagogetan Jainkoaren berbea iragarten hasi ziran. ERANTZUN SALMOA Sal 66, 2-3. 5. 6 eta 8 R/. Ene Jainko, ospatu zagiezala herriek, Ospatu zagiezala herri guztiek. edo Aleluia. Erruki bekigu Jainkoa, bedeinkatu gagizala, Agertu deigula aurpegi alaia; ezagutu dagien lurrean zure bidea, herri guztietan Zugandiko salbamena. R/. Poztu beitez kantari atzerriak, zuzenbidez daroazu-eta izadia; zintzo dozuz-eta gidatzen herriak, eta zaintzen lurrean atzerriak. R/. Ene Jainko, ospatu zagiezala herriek, ospatu zagiezala herri guztiek. Jainkoak bedeinkatu gagizala, lur bazter guztiek bildur izan deioela. R/. EBANJELIOA Jn 12, 44-50 Aleluia Jn 8, 12b. d R/. Aleluia. V/. Neu naz munduaren argia -dino Jaunak-; nire ondoren datorrenak izango dau bizirako argia. R/. Ni argi bezala etorri naz mundura. D Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik Aldi haretan, Jesusek oihu eginez esan eban: «Nigan sinisten dauanak ez dau Nigan bakarrik sinisten, baita Ni bialdu nauanagan ere. Eta Ni ikusten nauanak Ni bialdu nauana ere ikusten dau. Ni argi lez etorri naz mundura, Nigan sinisten dauanik inor ilunpetan gelditu ez daiten. Nire berbak entzun bai, baina beteten ez dituana, ez dot Nik gaitzesten, ez naz-eta mundua gaitzestera etorri, mundua salbatzera baino. Ni ukatu eta nire berbak onartzen ez dituanak badau nork gaitzetsi: Nik adierazotako hitzak berak gaitzetsiko dau azken egunean; Nik ez dot-eta neure kabuz berba egin; bialdu nauan Aitak agindu deust zer esan eta zer irakatsi. Eta badakit haren aginduak betiko bizia emoten dauala. Holan, bada, Nik esaten dodana, Aitak agindu lez esaten dot».