PAZKOALDIKO IV. DOMEKEA C I. IRAKURGAIA Eg 13, 14. 43-52 Jentilengana joko dogu. Apostoluen Eginak liburutik Egun hareetan, Paulo eta Bernabe Pergetik Pisidiako Antiokiara joan ziran. Eta zapatuz sinagogan sartu ziran eta han jesarri. Judu askok eta Jainkoa gurtzen eben judu barri askok Paulo eta Bernaberi jarraitu eutseen; honeek, euren hitzez, Jainkoaren graziari loturik irauteko adorea emoten eutseen. Hurrengo zapatuan, ia herri osoa batu zan Jaunaren hitza entzuteko. Jentetza ha ikusirik, juduak bekaitzez bete ziran eta irainez egiten eutsoen kontra Paulok esaten ebanari. Orduan, Paulok eta Bernabek ausartsu esan eben: «Zuei adierazo behar geuntsuen lehenengo Jainkoaren berbea; baina hitza baztertu eta zeuen buruak betiko bizirako gaitzat ez dozuezan ezkero, jentilengana joko dogu. Hauxe agindu deusku-eta Jaunak: "Nazinoen argitzat ezarri zaitut, salbamena lurraren bazterreraino eroan dagizun"». Hau entzutean, jentilak poztu egin ziran eta Jaunaren hitza goresten eben. Eta betiko bizirako ziranek sinistu egin eben. Jaunaren hitza zabaltzen joian herrialde guzti haretan. Baina juduek andra handiki jainkozale batzuk eta herriko jauntxoak berotu ebezan, eta Paulo eta Bernaberen kontra erasoaldia sortu eben eta beren lurraldetik bota ebezan. Paulo eta Bernabe, protesta lez euren oinetako hautsa hareen aurka astindu eta Ikoniora joan ziran. Ikasleak, barriz, pozez eta Espiritu Santuaz beterik gelditu ziran. ERANTZUN SALMOA Sal 99, 2. 3. 5 R/. Jaunaren herri gara eta Haren larreko artalde. edo Aleluia. Lurtar guztiok, egin irrintzi Jaunari, Jaunari zerbitzu alai egiozue, Haren aurrera pozez oihuka sartu zaiteze. R/. Jakizue Jauna dala Jainko, Berak egin gaitu, Berarenak gara, Beraren herri eta larreko artalde. R/. «Onbera da-eta Jauna, Haren maitasuna betidaino, Haren leialtasuna mendeen mendeetaraino». R/. II. IRAKURGAIA Ap 7, 9. 14b-17 Bildotsak bazkatuko ditu eta ur biziko iturrietara eroango. Apokalipsia liburutik Nik, Joanek, gizatalde handi bat ikusi neban, inork konta ezin ahalakoa, nazino eta arraza, herri eta hizkuntza guztietako jentez osotua, tronuaren eta Bildotsaren aurrean zutunik, soineko zuriz jantzita eta palma-adarrak eskuetan. Zaharretako batek esan eustan: «Honeek larrialdi handitik datozenak dira. Bildotsaren odolean garbitu dabez euren soinekoak eta zuritu. Horregaitik dagoz Jainkoaren tronu aurrean, gau eta egun Hari gurtza emoten bere tenpluan, eta tronuan jesarria dagoana hareekin biziko da. Ez dira gehiago gose, ez egarri izango, eta ez ditu eguzkiak, ez sargoriak joko, tronuaren erdian dagoan Bildotsak janarituko ditualako eta ur biziko iturrietara eroango. Eta Jainkoak begietako malko guztiak sikatuko deutsez». EBANJELIOA Jn 10, 27-30 Aleluia Jn 10, 14 R/. Aleluia. V/. Neu naz artzain ona -dino Jaunak-; ezagutzen ditut neure ardiak, eta neureek ezagutzen nabe Ni. R/. Nik betiko bizia emoten deutset neure ardiei. D Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik Aldi haretan, Jesusek esan eban: «Nire ardiek entzuten dabe nire ahotsa; Nik ezagutzen ditut, hareek jarraitu egiten deuste, eta Nik betiko bizia emoten deutset: ez dira betiko galduko, eta ez deustaz inork ere eskutik kenduko. Hareek emon deustazan nire Aita beste danak baino handiagoa da, eta ezin ditu inork ere kendu nire Aitaren eskutik. Aita eta biok bat gara».