PAZKOALDIKO III. EGUAZTENA I. IRAKURGAIA Eg 8, 1b-8 Sakabanatu ziranak alde guztietara joan ziran, Barri Ona iragarriz. Apostoluen Eginak liburutik Esteban hil eben egun berean, erasoaldi latza sortu zan Jerusalemgo eliz alkartearen kontra. Apostoluak ez beste guztiak Judean eta Samarian zehar sakabanatu ziran. Gizon jainkozale batzuek Estebanen gorpuari lur emon eutsoen eta dolu handia egin eben haregaitik. Saulok triskantza ikaragarria egiten ziharduan eliz alkartean: etxeetan sartu, gizon-emakumeak atxilotu eta kartzelara eroaten zituan. Sakabanatu ziranak alde guztietara joan ziran, Barri Ona iragarriz. Holan, Felipe Samaria urira jatsi eta Mesiasen barri emoten hasi zan. Jenteak, Felipek esaten ebana entzun eta egiten ebazan mirariak ikustean, gogo batez onartzen eban haren predikua; izan ere, deabrudun askorengandik urteten eben espiritu gaiztoak deadarka, eta elbarri eta herren asko osatzen ziran. Poz handia izan zan uri haretan. ERANTZUN SALMOA Sal 65, 1-3a. 4-5. 6-7a R/. Lur osoa, egiozu irrintzi Jainkoari. edo Aleluia. Lur osoa, egiozu irrintzi Jainkoari, egin eresi Haren izen ederrari, emon gorespen eder Berari. Esan Jainkoari: «Zuk eginak bai dirala harrigarri!» R/. Ahuspeztu bedi lur osoa zure aurrean eresi eginez, zure izenari eresi eginez. Zatoze eta ikusi Jainkoaren lanak, harritzeko dira-eta gizakiakaitik egin dituanak. R/. Itsasoa lehor bihurtu dau, oinez igaro dira ibaiaren erditik; beraz, poztu gaitezan Hagaz. Nagusi da ahal izatez betiko. R/. EBANJELIOA Jn 6, 35-40 Aleluia Ikus Jn 6, 40 R/. Aleluia. V/. Semeagan sinisten dauanak, badau betiko bizia; eta Neuk biztuko dot hori azken egunean -dino Jaunak. R/. Hau da nire Aitaren guraria: Semea ikusten dauanak betiko bizia izan dagiala. D Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik Aldi haretan, Jesusek esan eutson jenteari: «Neu naz bizia emoten dauan ogia; Nigana datorrena ez da gose izango, eta Nigan sinisten dauana ez da behin ere egarri izango. Zuek, ostera, lehen ere esan deutsuedanez, ez dozue sinisten, ikusi nozuen arren. Aitak niri emoten deustazan guztiak Nigana etorriko dira, eta Nigana etorten danik ez dot kanpora botako, ez naz-eta zerutik jatsi neure guraria egitera, bialdu nauanaren guraria baino. Eta hauxe da bialdu nauanaren guraria: Berak emon deustazan guztietatik, ez dagidala bat ere galdu, azken egunean biztu dagidazala baino. Hauxe da nire Aitaren guraria: Semea ikusi eta Haregan sinisten dauanak betiko bizia izan dagiala, eta Neuk biztuko dot azken egunean».