PAZKOALDIKO III DOMEKEA C I. IRAKURGAIA Eg 5, 27b-32. 40b-41 Gu gara gauza honeen testigu, baita Espiritu Santua ere. Apostoluen Eginak liburutik Egun hareetan, Batzar Nagusiaren aurrera ekarri ebezan apostoluak, eta abade nagusiak esan eutsen: «Ez al geuntsuen zorrotz agindu ez irakasteko Jesusen izenean? Zuek, barriz, Jerusalem osoa bete dozue zeuen irakaspenez; gainera, gizon horren heriotzaren erantzukizuna guri leporatu nahi deuskuzue». Pedrok eta beste apostoluek erantzun eben: «Jainkoaren esana egin behar da lehenengo, ez gizakiena. Gure asaben Jainkoak biztu egin dau zuek egur batetik zintzilik hil zenduen Jesus. Jainkoak goratu egin dau bere eskumeaz, Buruzagi eta Salbatzaile eginez, Israeli bihozbarritzea eta pekatuen parkamena emoteko. Geu gara gauza honeen testigu, gu eta esaneko jakozanei Jainkoak emoten deutsen Espiritu Santua». Jesusen izenean berba egitea zorrotz galerazo eutseen. Ondoren, askatu egin ebezan. Apostoluek pozez urten eben Batzarretik, Jainkoak Jesusen izenagaitik irainak jasateko duin aurkitu zitualako. ERANTZUN SALMOA Sal 29, 2 eta 4. 5-6. 11-12a eta 13b R/. Goratuko zaitut, Jauna, onik atara nozulako. edo Aleluia. Goratuko zaitut, Jauna, onik atara nozulako, arerioak nitaz pozten itzi ez dozuzalako. Jauna, Leizetik nire bizia atara dozu, zulora doazenengandik bizirik gorde nozu. R/. Eresi egiozue, zintzoek, Jaunari, emon eskerrak Haren izen santuari. Une baterako da Haren hasarrea, bizi guztirako Haren on izatea. Negarra dator arratsaldean, baina poza goizean. R/. Entzun niri eta erruki nitaz, Jauna, izan zakidaz laguntzaile, Jauna. Negarra, dantza bihurtu deustazu, Jauna, ene Jainko, eskerrak nik Zuri beti. R/. II. IRARURGAIA Ap 5, 11-14 Hila izan dan Bildotsa bada nor ahalmena eta aberastasunak hartzeko. Apokalipsia liburutik Nik, Joanek, ikuskarian, tronuaren, izaki bizidunen eta zaharren inguruan egozan aingeru askoren ahotsa entzun neban; milaka eta milioika ziran, eta ahots handiz inoen: «Hila izan dan Bildotsa bada nor ahalmena eta aberastasunak, jakituria eta indarra, ohorea, aintza eta gorespena hartzeko». Eta zeruan, lur gainean, lurpean eta itsasoan dagozan sorkari guztiei, hau esaten entzun neutsen: «Tronuan jesarrita dagoanari eta Bildotsari gorespena, ohorea, aintza eta agintaritza gizaldi eta gizaldietan». Lau izaki bizidunek «Amen» erantzun eben, eta zaharrek ahuspeztu eta gurtu egin eben. EBANJELIOA Jn 21, 1-19 Aleluia R/. Aleluia. V/. Biztu da Kristo, gauza guztiak egin zituana, eta gizadiaz errukia izan dauana. R/. Jesusek, hurreraturik, ogia hartu eta emon egin eutsen, baita arraina ere. D Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik Aldi haretan, barriro agertu jaken Jesus ikasleei Tiberiades itsasertzean. Honan jazo zan agertzea. Alkarregaz egozan Simon Pedro, Bikia eritzon Tomas, Natanael Galileako Kanakoa, Zebedeoren semeak eta beste ikasle bi. Simon Pedrok esan eutsen: «Arrantzura noa». Besteek erantzun eutsoen: «Zugaz goaz geu ere». Urten eta ontzira igon eben. Baina gau haretan ez eben ezer harrapatu. Eguna argitu zanean, ur-ertzean agertu zan Jesus; baina ikasleak ez ziran konturatu Jesus zanik. Jesusek esan eutsen: «Mutilak, ba al dozue jatekorik?» Hareek erantzun: «Ez». Jesusek orduan: «Bota sarea txalupearen eskumaldera eta aurkituko dozue». Bota eben, bada, eta, hainbeste arrain harrapatu ebenez, ez ziran sarea atarateko gauza. Orduan, Jesusek maite eban ikasle harek esan eutson Pedrori: «Jauna da». Simon Pedrok, Jauna zala entzun ebaneko, soinekoa jantzi (erantzia eban-eta) eta salto egin eban uretara. Beste ikasleak txalupan etorri ziran, sarea arrainekin arrastaka ekarrela, lehorretik hurrean egoan-eta, ehunen bat metrora. Lehorrera jatsi ziranean, su-txingarrak ikusi ebezan eta arrain bat gainean, eta ogia. Jesusek esan eutsen: «Ekarri harrapatu barri dozuezan arrainetako batzuk». Igon eban Simon Pedrok ontzira eta lehorrera atara eban sarea, ehun eta berrogeita hamahiru arrain handiz beteta. Eta, hainbeste izanik ere, ez zan sarea urratu. Jesusek esan eutsen: «Etorri gosaltzera». Ikasleetako inor ez zan ausartzen nor zan itauntzera, baekien-eta Jauna zana. Orduan, Jesusek, hurreraturik, ogia hartu eta emon egin eutsen, baita arraina ere. Hirugarren aldia izan zan hau, Jesus, hilen artetik biztu ondoren, ikasleei agertu jakena. [Gosaldu ondoren, Jesusek esan eutson Pedrori: «Simon, Joanen semea, honeek baino maiteago al nozu?» Harek erantzun: «Bai, Jauna, Zuk badakizu maite zaitudana». Jesusek, orduan: «Larratu egizuz nire bildotsak». Bigarrenez itaundu eutson Jesusek: «Simon, Joanen semea, maite al nozu?» Harek erantzun: «Bai, Jauna, Zuk badakizu maite zaitudana». Jesusek, orduan: «Zaindu egizuz nire ardiak». Hirugarrenez itaundu eutson Jesusek: «Simon, Joanen semea, maite al nozu?» Pedro goibeldu egin zan maite ete eban hirugarrenez itaundu eutsolako, eta erantzun eutson: «Jauna, Zuk dana dakizu; Zuk badakizu maite zaitudana». Orduan, Jesusek esan eutson: «Larratu egizuz nire ardiak. Bene-benetan dinotsut: Gazteago zinanean, zeuk lotzen zenduan gerrikoa eta nahi zenduan tokira joaten zinan; zahartzean, ostera, zuk besoak luzatu eta beste batek lotuko deutsu gerrikoa eta gura izango ez dozun tokira eroango zaitu». Holan, zelako heriotzeaz Jainkoari aintza emongo eutson adierazo eban Jesusek. Ondoren, esan eutson: «Jarraitu Niri».]