GARIZUMAKO V. IGANDEA C I. IRAKURGAIA Is 43, 16-21 Dana barri egitera noa, eta herriari edaten emongo deutsot. Isaias Profetaren liburutik Jaunak bidea zabaldu eban itsasoan, Bidezidorra ur oldartsuetan; burdi eta zaldi, gudaroste ahaltsua eban gudura atara; hara, jausi dira arerioak, barriro ez jagiteko, amatau dira, amaitu, kandela-metxea lez. Honan berba egiten dau Jaunak: «Ez oroitu aspaldian jazotakoez, ez gogoratu antzinakoez. Begiratu, dana barri egitera noa: hasia da sortzen, ez al deutsozue antzemoten? Bidea edegiko dot basamortuan, ibaiak landa lehorrean. Basapiztiek, txakal eta ostrukek goralduko nabe, ura emongo dot-eta basamortuan, ibaiak sortuarazoko landa lehorrean, neure herriari, neure aukeratuari, edaten emoteko. Eta neuretzat eratu dodan herriak nire gorespena iragarriko dau». ERANTZUN SALMOA Sal 125, 1-2ab. 2cd-3. 4-5. 6 II. IRAKURGAIA Flp 3, 8-14 Dana galeratzat dot Kristoren aldean, eta Beraren antzeko izan gura dot heriotzan. San Paulo Apostoluak Filipoarrei egindako gutunetik Senideok: Dana galeratzat dot, neurri bako ondasun honen aldean: Jesu Kristo nire Jaunaren ezagueraren aldean. Haregaitik dana galdu neban eta dana simaurtzat daukat, Kristo irabaztekotan eta Haregan bizitzekotan; ez legetik jatorztan neure zuzentasunaz, Kristogan sinestetik jatorztanaz baino Izan bere Jainkoagandik dator zuzentasun hau, eta sinesmena dau oinarri. Beraz, Kristo ezagutu gura dot, haren biztuerearen indarra; haren lagun izan gura dot nekeetan eta beraren antzeko heriotzan, egunen batean hilen artetik biztuko nazan itxaropenez. Ez dot esaten saria lortu dodanik edota lasterraldia amaitu dodanik: nik neure lasterraldian jarraitzen dot. Eta, Kristo Jesusek niretzat lortu daualako, saria eskuetan baldin badot bere, ene senideok, oraindino saria lortu ez baneu lez hartzen dot nik neure burua. Gauza baten atzetik bakarrik nabil: atzean gelditu dana ahazturik, eta aurrean dagoana bilatuz, lasterka noa helburura, saria jaristeko; sari horretara deitzen dau-eta Jainkoak goitik, Kristo Jesusen bitartez. EBANJELIOA Jn 8, 1-11 Ebanjelio aurreko txatala Jl 12, 12ab. 13c V/. Begira zer dinoan Jaun guztiz ahaltsuak: Bihurtu zaiteze Nigana bihotz-bihotzez; bihozbera eta errukitsua naz-eta. Zuen artean pekatu barik dagoanak bota deiola lehenengo harria. D..Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik Aldi haretan, Jesus Oliamendira joan zan. Baina biharamun-egunsentian tenplura agertu zan barriro, eta herri guztia etorri jakon; Jesus jesarri eta irakasten hasi jaken. Lege-maisuek eta fariseuek adulterioan harrapatutako emakume bat ekarri eutsoen eta, erdian ipiniz, esan eutsoen Jesusi: «Maisu, emakume hau, adulterioan harrapatu dabe. Moisesek holakoak harrika hilteko agindu euskun Legean. Zuk zer dinozu?» Azpikeriaz esaten eutsoen hori, zertan salatu izateko. Jesus, ostera, makurtu eta atzamarrez lurrean idazten hasi zan. Baina hareek itaunka eta itaunka hasi jakozanez, zutitu eta esan eutsen: «Zuen artean pekatu barik dagoanak bota deiola lehenengo harria». Eta, barriro makurturik, lurrean idazten jarraitu eban. Hareek, hori entzutean, banan-banan alde egiten hasi ziran, zaharrenetatik hasita. Jesus bakarrik gelditu zan, emakumea aurrean ebala. Jesusek, zutiturik, esan eutson: «Emakume, non dira zure salatzaileak? Ez al zaitu inork gaitzetsi?» Harek erantzun: «Inork bere ez, Jauna». Orduan Jesusek: «Ezta Neuk bere, ez zaitut gaitzesten. Zoaz eta ez egin barriro pekaturik».