PAZKOALDIKO II. ASTELEHENA I. IRAKURGAIA Eg 4, 23-31 Otoitza amaitzean, dar-dar egin eban batuta egozan lekuak; Espiritu Santuaz beterik gelditu ziran guztiak, eta ausardiaz iragarten eben Jainkoaren berbea. Apostoluen Eginak liburutik Egun hareetan, Pedro eta Joan askatu ebezanean, senideakana bihurtu ziran, eta abadeburu eta zaharrek esandako guztia azaldu eutseen. Entzutean, danek ozenki eta aho batez Jainkoari otoitz egin eutsoen: «Jauna, Zuk egin zenduzan zeru-lurrak eta itsasoa, eta horreetan diran gauza guztiak; Zuk esan zenduan Espiritu Santuaren bidez eta gure aita David zeure zerbitzariaren ahoz: "Zergaitik dabilz iskanbilan nazinoak, eta asmo ustelak asmatzen herriak? Munduko erregeak jaso dira eta agintedunek alkar hartu dabe Jaunaren eta Harek aukeraturiko Mesiasen aurka". Bai, holan alkartu dira uri honetan Herodes eta Pontzio Pilato atzerriko nazinoekaz eta Israel herriagaz, zuk Mesias igurtzi zenduan Jesus zeure zerbitzari santuaren aurka; holan, zure ahalmenak eta gurariak aldez aurretik erabagita eukena bete dabe. Begiratu orain, Jauna, zelan mehatxatzen gaituen, eta emoiguzu zeure zerbitzarioi zeure berbea ausardia osoz iragartea, eta luzatu zeure eskua, Jesus zeure zerbitzari santuaren izenean osaketak, ezaugarriak eta mirariak egiteko». Otoitza amaitzean, dar-dar egin eban batuta egozan lekuak; Espiritu Santuaz beterik gelditu ziran guztiak, eta ausardiaz iragarten eben Jainkoaren hitza. ERANTZUN SALMOA Sal 2, 2-3. 4-5. 6-7. 8-9 R/. Bai dohatsu, Jauna, Zugana batzen diran guztiak! edo Aleluia. Lurreko erregeak jagiten dira, alkartzen handikiak batera, Jaunaren eta Harek Igurtziaren kaltera: «Eten dagiguzan hareen lokarriak, jaurti dagigun hareen buztarria». R/. Goian dagoan Ha han dago barrez, Jauna iseka dauke. Berba egiten deutse gero bere hasarrean, eta izutzen ditu bere suminean. R/. «Nik ezarri dot neure erregea, Sionen, neure mendi santuan». Jaunaren erabagia iragarriko dot: Berak esan deust: «Nire seme zara zu; Nik zaitut gaur zu sortu. R/. Eskatu niri, eta atzerriak emongo Nik ondare, lurbira osoa zure mugape. Burdina-zigorrez dozuz apurtuko, buztin-lapikoa lez hausiko». R/. EBANJELIOA Jn 3, 1-8 Aleluia Kol 3, 1 R/. Aleluia. V/. Kristogaz berbiztu zareen ezkero, Ibili zaiteze goi-ondasunen bila, han dago-eta Kristo Jainkoaren eskumaldean jarririk. R/. Egun bakoitzerako jartzen den Ebanjelio aurreko txatalaren ordez, beste bat har daiteke, ... orrian emoten direnetatik. Ezin dau inork Jainkoaren erreinua ikusi barriro jaioten ez bada. D Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik Bazan fariseuen taldean Nikodemo izeneko gizon bat, juduen buruzagietakoa. Honek gauez Jesusegana etorri eta esan eutson: «Maisu, badakigu Jainkoak guri irakasteko bialdu zaituana; inork ez daike-eta egin Zuk egiten dozun ezaugarririk, Jainkoa beragaz ez badau». Jesusek erantzun eutson: «Bene-benetan dinotsut: Ezin dau inork Jainkoaren erreinua ikusi, barriro jaioten ez bada». Nikodemok itaundu eutson: «Zelan jaio daiteke norbait, zaharra izanik? Sartu ete daiteke amaren sabelean eta barriro jaio?» Jesusek erantzun eutson: «Bene-benetan dinotsut: Ezin da inor Jainkoaren erreinuan sartu, uretik eta Espiritutik jaioten ez bada. Gizakitik berez jaioa gizakia da, Espiritutik jaioa espiritua. Ez harritu barriro jaio behar dozuela esan deutsudalako. Haizeak edonondik joten dau, eta entzuten dozu haren hotsa, baina ez dakizu nondik datorren, ez nora doan. Gauza bera jazoten da Espiritutik jaio danagaz».