PAZKOALDIKO VI. MARTITZENA I. IRAKURGAIA Eg 16, 22-34 Sinistu Jesus Jaunagan, eta salbatuko zaree zeu eta zure etxekoak. Apostoluen Eginak liburutik Egun hareetan, Filipoko jentea Paulo eta Silasen aurka jagi zan, eta agintariek hareei jantziak kendu eta zigortzeko agindu eben. Zigorrada asko emon ondoren, kartzelara bota ebezan, kartzelariari arduraz zaintzeko aginduz. Agindu lez, barrueneko gelan sartu zituan eta oinak zepoan lotu eutsezan. Gauerdi inguruan, Paulok eta Silasek otoitzean ziharduen, Jainkoa kantuz goratzen; beste presoak entzuten egozan. Bat-batean, hain lurrikara gogorra izan zan, kartzelearen oinarriei ere dar-dar eragin eutsen-eta. Eta kolpetik ate guztiak zabaldu ziran eta danen kateak askatu. Esnatu zan kartzelaria eta, espetxeko ateak zabalik ikustean, ezpatea atara eban bere burua hilteko, presoek ihes egin ebelakoan. Baina Paulok oihu egin eutson: «Ez egin kalterik zeure buruari, guztiok hemen gagoz-eta». Kartzelariak argia eskatu eban eta, arrapaladan barrura sarturik, Paulo eta Silasen oinetan ahuspeztu zan, bildurrez dar-dar. Gero, kanpora atara zituan eta esan: «Jaunak, zer egin behar dot salbatzeko?» Hareek erantzun eutsoen: «Sinistu Jesus Jaunagan, eta salbatuko zaree zeu eta zure etxekoak. Eta Jaunaren berbea iragarri eutseen hari eta haren etxeko guztiei. Gaueko ordu haretan bertan, kartzelariak beragaz eroan eta zauriak garbitu eutsezan, eta berehala bateatu zan beretar guztiekin batera. Ondoren, bere etxera igon arazo zituan, mahaia jarri eta famili jaia egin eben, Jainkoagan sinistu ebelako. ERANTZUN SALMOA Sal 137, 1-2a. 2bcd-3. 7c-8 R/. Zure eskumeak nau salbatzen, Jauna. edo Aleluia. Jauna, bihotz-bihotzez deutsudaz eskerrak emongo, nire hitzak entzun dozuzalako. Eresi egingo deutsut aingeruen aurrean, ahuspeztuko naz zure jauretxe santuan. R/. Eskerrak emongo deutsodaz zure izenari ona eta leiala zarealako, zure hitzak dau-eta zure izena egin handiago. Dei egin neutsunean, entzun ninduzun, eta nire bihotzean kemena indartu dozu. R/. Zure eskumeak nau salbatzen, amaituko dau Jaunak nire alde hasitakoa; betiko dago, Jauna, zure maitasuna, ez eskutik itzi zeure eskuz egin dozuna. R/. EBANJELIOA Jn 16, 5-11 Aleluia Ikus Jn 16, 13b R/. Aleluia. V/. Nik bialduko deutsuet egiaren Espiritua -dino Jaunak-; Harek zuzenduko zaituee egia osoraino. R/. Ni joaten ez banaz, ez jatsue etorriko Laguntzailea. D Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Orain, bialdu ninduan Aitagana noa, eta zuetako inork ez deust nora noan itauntzen. Baina, hori esan deutsuedalako, tristurak bete ditu zuen bihotzak. Halan ere, egia dinotsuet: Hobe da zuentzat Ni joatea; izan ere, joaten ez banaz, ez jatsue etorriko Laguntzailea. Joaten banaz, ostera, Neuk bialduko deutsuet. Ha etortean, agerian jarriko dau munduaren errua pekatuari, zuzentasunari eta epaiari buruz: pekatuari buruz, Nigan sinisten ez daualako; zuzentasunari buruz, Aitagana noalako, eta ez nozuelako gehiago ikusiko; epaiari buruz, mundu honetako buruzagia dagoaneko gaitzetsia dagoalako».