PAZKOALDIKO VI. ASTELEHENA I. IRAKURGAIA Eg 16, 11-15 Jaunak bihotza edegi eutson, Pauloren hitzak gogoz onartu egizan. Apostoluen Eginak liburutik Egun hareetan, Troaden ontzia hartu eta Samotraziara joan ginan zuzenean. Biharamunean, Neapolisa heldu ginan, eta handik Filipora; Filipo Mazedonia eskualdeko uri nagusietako bat da, erromatar kolonia. Uri honetan egun batzuk emon genduzan. Zapatuan uritik kanpora urten eta ibai ondora joan ginan, han juduen otoizleku bat egoala uste genduan-eta. Bertan jesarri eta batuta egozan emakumeei berba egiten hasi ginan. Bazan entzuleen artean Lidia izeneko emakume bat, izatez Tiatirakoa eta purpura-saltzailea; Lidiak Israelen Jainkoa gurtzen eban. Jaunak bihotza edegi eutson, Pauloren hitzak gogoz onartu egizan. Eta, bera eta bere etxekoak bateatu ziran eta erregu hau egin euskun: «Jaunagan benetan sinisten dodala uste badozue, hartu egizue ostatu, arren, nire etxean». Eta eskeintza onartzera behartu ginduzan. ERANTZUN SALMOA Sal 149, 1-2. 3-4. 5-6a eta 9b R/. Maite dau Jaunak bere herria. edo Aleluia. Kanta Jaunari kantu barri, Haren gorespena zintzoen batzarrean entzun bedi. Poztu bedi Israel bere Egileagan, Alaitu beitez siondarrak euren Erregeagan. R/. Goratu begie Haren izena dantzeagaz, Egin begioe goratzarre zaldabai eta kitaragaz. Maite dau-eta Jaunak bere herria, umilak ditu garaipenez jantziak. R/. Goraldi horretaz zintzoak alaitu beitez, euren etzalekuetan oihu egin begie pozez. Bego Jainkoaren goralpena hareen eztarrietan, gorapide hau jagoke Haren zintzo guztiei. R/. EBANJELIOA Jn 15, 26—16, 4 Aleluia Jn 15, 26b. 27a R/. Aleluia. V/. Egiaren Espirituak egingo dau autormen Nitaz -dino Jaunak-, eta zuek ere egingo dozue autormen. R/. Egiaren Espirituak autormen egingo dau nire alde. D Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Nik laguntzailea, Aitagan jatorria dauan egiaren Espiritua, bialduko deutsuet Aitagandik. Harek, etortean, autormen egingo dau nire alde. Eta zuek ere egingo dozue autormen, hasieratik Nigaz zagoze-eta. Zuen sinismenak huts egin ez dagian esan deutsuet hau. Izan ere judu-alkartetik bota egingo zaituee; gehiago oraindino, badator ordua, zuek hilgo zaituenak Jainkoari kultu emoten deutsola uste izango dauana. Eta holan jokatuko dabe ez Aita, ez Ni, ezagutu ez gaituelako. Aurrez esaten deutsuet, hori jazotean esana nebala gogoratu dagizuen».