Bezpera-arratsaldeko Mezea A B C I. IRAKURGAIA Has 11, 1-9 Babel ezarri eutsoen izena, han nahastatu eban-eta Jaunak mundu guztiaren hizkuntza. Hasiera liburutik Aldi haretan mundu guztiak hizkuntza eta berbakera berberak zituan. Sortaldetik etorririk, gizonek ibar bat aurkitu eben Sinear lurraldean eta bertan (han) kokatu ziran. Orduan, honan esan eutsoen alkarri: «Ea, adreiluak egin eta erre dagiguzan sutan». Eta, holan, harriaren ordez adreilua erabili eben, eta porlanaren ordez galipota. Gero, esan eben: «Ea, eregi dagiguzan uri bat eta zerurainoko dorre bat. Ospetsu egingo gara eta ez gara munduan zehar sakabanatuko». Jatsi zan Jauna gizonak eregiten ziharduen uria eta dorrea ikustera, eta esan eban: «Horra, guztiak herri bat bera dira, hizkuntza bat berekoak. Hau euren lehenengo lana badabe, aurrerantzean ez jake ezinezko izango egin nahi izango dabenik ezer. Jatsi eta nahastatu deiegun, bada, hizkuntza, alkar ulertu ez dagien». Holan, Jaunak handik bota eta mundu zabalean sakabanatu zituan; uria eregitzeari itzi egin behar izan eutsoen. Horregaitik, Babel —hau da, "Nahasketa"— ezarri eutsoen izena, han nahastatu eban-eta Jaunak mundu guztiaren hizkuntza, eta handik sakabanatu zituan mundu zabalera.
Edo Ur 19, 3-8a. 16-20b Jatsiko da Jauna Sinai mendira herriaren aurrean. Urteera liburutik Egun hareetan, Moisesek Jainkoagana igon eban. Jaunak menditik dei egin eta esan eutson: «Berba egin Jakoben ondorengoei, israeldarrei, eta adierazo hau: "Ikusi dozue zer egin deutsedan egiptoarrei, eta zelan zuek arrano-hegaletan eroan zaituedan eta Neugana ekarri. Orain, beraz, nire esana beteten badozue eta nire ituna gordeten, zuek izango zaituet herri guztien artean neure jabetza berezia, nirea da-eta lur osoa; abade-erreinu izango zaituet eta niri sagaratutako herria". Hau da israeldarrei esango deutsezuna». Joan zan Moises eta, herri-arduradunak baturik, Jaunak agindu eutson guztia adierazo eutsen. Orduan, herri guztiak aho batez erantzun eban: «Jaunak esandako guztia beteko dogu». Hirugarren eguna argitzean, trumoiak eta tximistak, hodei itxia eta turuta-hots ozena izan ziran mendi gainean, eta kanpalekuan egoan herri guztia dardara batean jarri zan. Moisesek herria kanpalekutik atara arazo eban Jainkoagaz topo egiteko, eta mendiaren oinean gelditu ziran. Sinai mendi osoa ketan egoan, Jauna su artean jatsia zan-eta. Labatik lez igoten eban keak menditik, eta mendi guztia dardara bizian egoan. Gero eta ozenagoa zan turuta-hotsa: Moisesek berba egin eta Jaunak trumoi-hotsez erantzuten eutson. Jauna Sinai mendiaren gailurrera jatsi zan eta bertara dei egin eutson Moisesi.
Edo Ez 37, 1-14 Hazur iharrok: Espiritua sartuarazoko dot Nik zuekan, eta biziko zaree. Ezekiel Profetaren liburutik Egun hareetan, Jaunaren indarra jabetu zan nitaz, eta beraren Espirituak hartu eta hazurrez betea egoan haran baten erdian itzi ninduan. Batera eta bestera ibilarazo ninduan hareen artean: hazur-pilo izugarria egoan haranaren gainean, zehatz ihartuak. Jaunak esan eustan: «Gizaseme, bizi ete daitekez hazur honeek barriro?» Erantzun neutson: «Jauna, Zeuk jakingo dozu». Harek, orduan: «Berba egin nire izenean hazur honeei eta esan: "Hazur iharrok, entzun Jaunaren hitza. Hau esaten deutse Jainko Jaunak hazur ihar honeei: Espiritua sarrarazoko dot Nik zuekan, eta biziko zaree. Zainez inguratuko zaituet, haragia eratuko dot zuen gainean, narruazala zabalduko eta espiritua emongo deutsuet, bizi zaitezen. Eta jakingo dozue Neu nazala Jauna"». Berba egin neban Jaunaren izenean Berak agindu lez, eta, nik berba egin bitartean, hots bat izan zan: lurrak dardara egin eban eta hazurrak bata besteagaz alkartzen hasi ziran. Gainean zainak eta haragia sortzen jakezala ikusi neban eta narruazalez estaltzen zirala; baina ez eben espiriturik. Jaunak, orduan, esan eustan: «Berba egin nire izenean espirituari, berba egin, gizaseme. Hau esango deutsozu espirituari: "Horra zer dinoan Jainko Jaunak: Zatoz lau haizeetatik, espiritu, eta haizea emon hildako honeei, bizi daitezan"». Berba egin neban Jaunaren izenean Berak agindu lez, eta espiritua sartu zan hazurretan, bizira bihurtu ziran eta zutunik jarri: gudaroste izugarria zan. Esan eustan Jaunak: «Gizaseme, hazur horreek Israel herri osoa dira. Hor dabiltz esaten: "Gure hazurrak ihartuak dagoz, galdua dogu itxaropena; gureak egin dau". Berba egin, beraz, nire izenean eta esan: "Horra zer dinoan Jainko Jaunak: Nik edegiko ditut zuen hilobiak, urten arazoko zaituet zuen hilobitik, ene herri, eta Israelgo lurraldera eroango. Eta zuen hilobiak edegi eta horreetatik urten arazoko zaituedanean, ene herri, orduan jakingo dozue Neu nazala Jauna. Neure espiritua ipiniko dot zuekan, eta bizibarrituko zaree. Zeuen lurraldean ezarriko zaituet, eta jakingo dozue, Nik, Jaun honek, esandakoa bete egiten dodala"» . Hala dino Jaunak.
Edo Jl 3, 1-5 Neure morroi eta mirabeen gainera, neure espiritua isuriko dot. Joel Profetaren liburutik Honan berba egiten dau Jaunak: «Neure espiritua isuriko dot gizaki guztien gainera. Zuen seme-alabek profetizatu egingo dabe, zuen zaharrek ametsak egingo dabez, zuen gazteek ikuskariak izango. Nire morroi eta mirabeen gainera ere neure espiritua isuriko dot, egun hareetan. Gauza harrigarriak egingo ditut zeru-lurretan: odola eta sua eta ke-mordoak. Eguzkia ilunpe bihurtuko da, ilargiak odol-itxura hartuko, Jaunaren eguna, egun handi eta ikaragarria, heldu baino lehen. Orduan, Jaunaren izenari dei egin deiona salbatuko da. Sion mendian eta Jerusalemen izango da salbabiderik, Jaunak esan eban lez; Jaunak deituak geldituko dira bizirik».
ERANTZUN SALMOA Sal 103, 1-2a. 24 eta 35c. 27-28. 29-30 R/. Bialdu egizu, Jauna, zure arnasea, eta barrituarazo lur-azala. edo Aleluia. Ene arima, goratu egizu Jauna! Guztiz handi zaitut, Jauna, ene Jainkoa! Handi eta eder zagoz jantzia, estalki dozu argia. R/. Bai ugari dirala, Jauna, Zuk eginak, zuhurtasunez eginak zeharo, lurra zure sorkariz betea dago! Ene arima, goratu egizu Jauna! R/. Horreek guztiak begira dituzu, sasoi onez jana emon deiozuen. Zuk emonik hartzen dabe, Zuk eskua zabalduz onez aserik dagoz. R/. Aurpegia gordeten badozu, ikara dira, arnasea kentzen badeutsezu, hilten, euren hautsetara dira bihurtzen. Zeure arnasea bialtzen badozu, izatea emoten deutsezu; lur-azala barrituarazoten dozu. R/. II. IRAKURGAIA Erm 8, 22-27 Espirituak berak erregutzen dau gure alde, esan ezin ahalako intziriz. San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako epistolatik Senideok: Badakigu izadi osoa erdiminetan intzirika dagoala orain arte. Eta ha ez ezik, gu geu ere bai: Espiritua lehen dohain lez hartu dogunok intzirika gagoz geure barruan, Jainkoak noiz askatuko eta bere seme-alaba noiz egingo gaituan zain. Salbatuak gagoz, bai, baina itxaropenean bakarrik. Eta itxaroten doguna ikusiko bagendu, hori ez litzateke itxaropena izango. Izan ere, zelan itxaron ikusten doguna? Baina ikusten ez doguna itxaroten badogu, iraupenez behar dogu itxaron. Era berean, Espiritua jatorku geure ahulerian lagun, guk ez dakigu-eta behar dan lez otoitz egiten; baina Espirituak berak erregutzen dau gure alde, esan ezin ahalako intziriz. Eta bihotzak aztertzen dituan Jainkoak ezagutzen dau zein dan Espirituaren gogoa, Espirituak Jainkoaren asmoen erara erregutzen dau-eta fededunen alde. EBANJELIOA Jn 7, 37-39 Aleluia R/. Aleluia. V/. Zatoz, Espiritu Santu! Bete egizuz zeure fededunen bihotzak, eta biztu hareekan zeure maite sua. R/. Ur biziko ibaiak jarioko dira. D Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik Jaietako azken egunean, egunik handienean, Jesusek zutunik jarri eta oihu egin eban, esanez: «Egarri dana betor Nigana, eta edan begi Nigan sinisten dauanak. Liburu Santuak dinoan lez, ur biziko ibaiak jarioko jakoz barru-barrutik». Beragan sinistuko ebenek hartuko eben Espirituagaitik esan eban hori; izan ere, ez zan artean Espiriturik, Jesusen aintza ez zan-eta oraindino azaldu. Eguneko Mezea A B C I. IRAKURGAIA Eg 2, 1-11 Guztiak Espiritu Santuaz bete ziran eta hitz egiten hasi. Apostoluen Eginak liburutik Pentekoste-eguna heldu zanean, leku berean baturik egozan ikasle guztiak. Bat-batean, haize-bolada indartsu batena lako burrunba etorri zan zerutik eta ikasleak egozan etxe guztia bete eban. Orduan, suzko mihinak lako batzuk agertu jakezan, eta, banatuz, bakoitzaren gainean kokatu ziran. Guztiak Espiritu Santuaz bete ziran eta hizkuntza arrotzez berba egiten hasi, bakoitza Espirituak eragiten eutson lez. Bazan egun hareetan Jerusalemen judu jainkozalerik asko, zerupean diran herri guztietakoak. Burrunba ha entzutean, jentetza handia batu zan eta harrituta gelditu ziran, nork bere hizkuntzan berba egiten entzuten eutsen-eta. Harri eta zur, honan inoen: «Berba egiten dabenok, ez al dira guztiak galilearrak? Zelan entzuten deutsegu, bada, bakoitzak geure jatorriko hizkuntzan? Gure artean badira partiar, mediar eta elamdarrak; baita Mesopotamian, Judean, Kapadozian, Ponton eta Asian bizi diranak ere; badira Frigia eta Panfiliakoak, Egipto eta Zirene inguruko Libiakoak, baita erromatarrak ere; eta danok, judu nahiz judu barri, kretar nahiz arabiar, geure hizkuntzetan entzuten deutsegu Jainkoaren egintza harrigarriak iragarten». ERANTZUN SALMOA Sal 103, 1ab eta 24. 29-30. 31 eta 34 R/. Bialdu egizu, Jauna, zeure arnasea, eta barrituarazo lur-azala. edo Aleluia. Ene arima, goratu egizu Jauna! Guztiz handi zaitut, Jauna, ene Jainkoa! Bai ugari dirala, Jauna, Zuk eginak, zuhurtasunez eginak zeharo, lurra zure sorkariz beteta dago! R/. Aurpegia gordeten badozu, ikara dira, arnasea kentzen badeutsezu, hilten, euren hautsetara dira bihurtzen. Zure arnasea bialtzen badozu, izatea emoten deutsezu; lur-azala barriyuarazoten dozu. R/. Izan bedi Jaunaren ospea sekuletan, poztu bedi Jauna, Berak eginetan. Atsegin bekio nire leloa, nire poza da Jainkoa. R/. II. IRAKURGAIA 1 Ko 12, 3b-7. 12-13 Gu guztiok Espiritu bat berean izan gara bateatuak, gorputz bat bakarra egiteko. San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo epistolatik Senideok: Ezin dau inork esan «Jesus da Jauna!» Espiritu Santuak eraginda ez bada. Era askotakoak dira dohainak, baina bat bakarra Espiritua; era askotakoak zerbitzuak, baina bat bakarra Jauna; era askotakoak eginbideak, baina bat bakarra Jainkoa, guztiekan guztia egiten dauana. Bakoitzari guztien onerako emoten deutsoz Jainkoak Espirituaren dohainak. Gorputzak, bat izanik ere, atal asko ditu; baina atal guztiak, asko izanik ere, gorputz bat bakarra osotzen dabe. Gauza bera jazoten da Kristogaz ere. Gu guztiok, judu nahiz greziar, esklabo nahiz libre, Espiritu bat berean izan gara bateatuak, gorputz bat bakarra egiteko. Eta guztiok Espiritu bat beretik edan dogu. EBANJELIOA Jn 20, 19-23 Aleluia R/. Aleluia. V/. Zatoz, Espiritu Santua! Bete egizuz zure fededunen bihotzak, eta biztu hareekan zure maite-sua. R/. Aitak Ni bialdu nauan lez, holantxe bialtzen zaituet Nik zuek: Hartu egizue Espiritu Santua. D Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik Astearen lehenengo egunean, ilunabarrean, etxe baten batuta egozan ikasleak, ateak itxita, juduen bildurrez. Sartu zan Jesus eta, erdian jarririk, esan eutsen: «Bakea zuei». Hori esanda, eskuak eta saihetsa erakutsi eutsezan. Ikasleak pozez bete ziran, Jauna ikustean. Jesusek barriro esan eutsen: «Bakea zuei. Aitak Ni bialdu nauan lez, Nik zuek bidaltzen zaituet». Eta hareen gainera arnasea botaz, esan eutsen: «Hartu egizue Espiritu Santua. Zuek pekatuak parkatzen deutsezuezanei, parkatu egingo deutsez Jainkoak ere; zuek parkamena ukatzen deutsezuenei, ukatu egingo deutse». Aukerako Irakurgaiak C urtean Jainkoaren Espirituaren arabera diharduenak Jainkoaren seme-alaba dira. II. IRAKURGAIA Erm 8, 8-17: Espiritu Santuak irakatsiko deutsue guztia. EBANJELIOA Jn 14, 14-16. 23b-26: Pentekoste ondoko astelehenean edo martitzenean fededunek Meza entzun ohi daben tokietan, Pentekoste eguneko irakurgaiak hartu daitekez; baita Sendotza-mezakoak ere, ikusi ... or.