GARIZUMAKO V. MARTITZENA I. IRAKURGAIA Zen 21, 4-9 Sugeek aginka egindako guztiak, brontzezko sugeari begiratzean, osatu egingo dira. Zenbakiak liburutik Egun hareetan, Hor menditik Itsaso Gorrirako bidea hartu eben israeldarrek, Edomgo lurraldea inguratzeko asmoz. Baina herria, bideaz gogaituta, txarto esaka hasi zan Jainkoaren eta Moisesen aurka: «Zertarako atara ginduzuzan Egiptotik? Basamortuan hilteko? Ez dogu ogirik, ez urik, eta asperturik gagoz mana dalako janari kaskar honegaz». Jaunak suge pozoitsuak bialdu eutsozan herriari, eta hareen aginkadaz israeldar asko hil zan. Orduan, Moisesegana joan eta esan eutsoen: «Pekatu egin dogu, Jaunaren eta zure kontra txarto esaka jardunez. Erregutu Jaunari sugeak gugandik urruntzeko». Erregutu eban Moisesek herriaren alde, eta Jaunak esan eutson: «Egizu brontzezko suge bat eta ipini haga baten muturrean. Sugeek aginka egindako guztiak, brontzezko sugeari begiratzean, osatu egingo dira». Egin eban Moisesek brontzezko sugea eta hagaren muturrean ipini eban. Eta sugeren batek norbaiti aginka egiten eutsonean, brontzezkoari begiratzean osatu egiten zan. ERANTZUN SALMOA Sal 101,2-3.16-18.19-21 EBANJELIOA Jn 8, 21-30 Ebanjelio aurreko txatala V/. Hazia Jainkoaren berbea da; ereilea, barriz, Kristo; Honi entzuten deutsonak izango dau betiko bizia. Gizonaren Semea jasoko dozuenean, orduan jakingo dozue Neu nazala. D..Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik Aldi haretan, Jesusek esan eutsen fariseuei: «Ni banoa, eta nire bila ibiliko zaree; baina zeuen pekatuan hilgo zaree. Ni noan tokira zuek ezin zaree joan». Orduan, entzuleek esan eben: «Bere burua hil behar ete dau? Horregaitik esan ete dau "Ni noan tokira zuek ezin zaree joan"?» Jesusek jarraitu eban: «Zuek behekoak zaree, Ni goikoa naz; zuek mundu honetakoak zaree, Ni ez naz mundu honetakoa. Horregaitik esan deutsuet, zeuen pekatuetan hilgo zareela; izan ere, "Neu nazala" sinesten ez badozue, zeuen pekatuetan hilgo zaree-eta». Orduan, esan eutsoen: «Nor zara Zu?» Jesusek erantzun: «Hasieratik dihardut zuei esaten. Badot zuetaz zer esanik eta zer gaitzetsirik asko. Bialdu nauana fidagarria da; eta Nik Hari entzun deutsodana, horixe bera esaten deutsot munduari». Hareek ez ziran jabetu Aitaz berba egiten eutsela. Jesusek, beraz, esan eutsen: «Gizonaren Semea jasoko dozuenean, orduan jakingo dozue Neu nazala, eta ez dodala neurez ezer egiten; Aitak erakutsi deustana bakarrik esaten dodala baino. Ni bialdu nauana Nigaz dago; ez nau bakarrik itzi, Harek atsegin dauana egiten dot-eta beti». Jesusek gauza honeek esan zituanean, askok sinestu eban Beragan.