GARIZUMAKO V. ASTELEHENA I. IRAKURGAIA Dn 13, 1-9. 15-17. 19-30. 33-62 Irakurgai laburragoa egin gura bada, kako [ ] artean emoten dan zatia itzi daiteke. Errubako izanik bere, hil egin behar dot. Danielen liburutik Egun hareetan, [Joakim izeneko gizon bat bizi zan Babilonian. Elkiasen alaba Susanagaz ezkondua egoan. Oso emakume ederra zan Susana eta Jainkoari begirunea eutsona; haren gurasoak israeldar zintzoak ziran eta Moisesen Legean hazi eben alabea. Joakim oso aberatsa zan eta baratze bat eban etxe ondoan. Eta, danetan agurgarriena zanez, haren etxean batzen ziran juduak. Urte haretan, herriko zahar bi jarri ebezan epaile; ondo baino hobeto etorkien hareei Jaunak dinoana: «Herri-gidari izan behar leukeen epaile zaharrakandik sortu da gaiztakeria Babilonian». Epaile hareek sarri izaten ziran Joakimen etxean, eta auziren bat ebenek hareekana joten eben. Eguerdi aldean, jenteak alde egiten ebanean, Susana bere senarraren baratzera joaten zan ibiltera. Epaile zahar biek egunero ikusten eben baratzean ibiltera joaten zanean, eta Hareganako gogo bizi gaiztoa sortu jaken. Burua galdu eben eta Jainkoaz eta Haren lege zuzenaz ahaztu egin ziran. Hareek une aproposaren zain egozala, han etorri zan Susana, ohi lez, neskame bi bakarrik lagun zituala, eta baratzean bainatzeko gogoa etorri jakon, bero egiten eban-eta. Ez egoan han inor, gordeta zelatan egozan zahar biak besterik. Susanak neskameei esan eutsen: «Ekarri gantzuki eta usaingarriak eta itxi baratzeko ateak, bainua hartu dagidan». Neskameak urten ebenean, agertu ziran zahar biak gordelekutik, Susanagana lasterka joan eta esan eutsoen: «Entzun, baratzeko ateak itxiak dagoz eta ez gaitu inork ikusten. Zuganako gogo biziz gagoz; amore emoiguzu eta etzun zaitez gugaz. Bestela, salatu egingo zaitugu; mutil gazte bat egoala zugaz esango dogu eta horregaitik bialdu dozuzala neskameak». Susana aieneka hasi zan: "Ez dot urtenbiderik! Zuek esana egiten badot, heriotza-zigorra dot; egiten ez badot, barriz, ezin ihes egin zuen eskuetatik. Gurago dot, halan bere, ezetz esan eta zuen eskuetan jausi, Jaunaren aurrean pekatu egin baino». Eta oihuka hasi zan Susana. Oihu egin eben bi zaharrek bere, eta bietako bat baratzeko atea edegitera joan zan lasterka. Etxeko morroiak, baratzeko oihuak entzutean, aldameneko atetik arrapaladan sartu ziran, zer jazoten ete zan ikustera. Zaharrek euren istorioa kontatu ebenean, morroiak guztiz lotsaturik gelditu ziran, ez zan-eta egundo Susanari buruz holakorik entzun. Biharamunean, herria Joakimen, Susanaren senarraren, etxera etorri zanean, han ziran zahar biak bere: Susanaren aurka asmo txarrez beterik etozan, ha hilarazteko prest. Herriaren aurrean esan eben: «Ekarri Susana, Elkiasen alabea, Joakimen emaztea». Joan ziran haren bila, eta Susana, bere guraso, seme-alaba eta ahaide guztiekin etorri zan. Etxekoak eta ikusten eben guztiak negarrez egozan. Zahar biek, herriaren erdian zutik, eskuak Susanaren buru gainean ezarri ebezan. Harek, negarrez, zerura jaso zituan begiak, haren bihotzak Jaunagan eban-eta konfiantzea. Zaharrek esan eben: «Baratzean biok bakarrik genbilzala, sartu zan hau neskame bigaz, itxi zituan ateak eta neskameak bialdu egin zituan. Orduan, gorderik egoan mutil gazte bat etorri eta honegaz etzun zan. Gu baratzeko txoko batean gengozan eta, txarkeria ha ikustean, lasterka joan ginan hareekana. Besarkaturik ikusi genduzan, baina mutila ezin izan genduan harrapatu, gu baino azkarragoa zan-eta, eta atea edegi eta joan egin zan. Hau, bai, arrapatu genduan eta mutila nor zan itaundu geuntson; baina ez euskun esan gura izan. Geu gara horren testigu». Zahar hareei, herriko arduradun eta epaile ziranez, sinestu egin eutsen batzarrak, eta] Susana heriotzara kondenatu eben. Orduan, Susanak oihu handiz esan eban: «Betiko Jainko, ezkutukoak ikusten eta gauza guztiak jazo baino lehen ezagutzen dozuzana! Zuk ondo dakizu guzurrezko autormena egin dabela nire aurka; baina horreek euren gaiztakeriaz nire aurka asmau daben horretan errubakoa izanik bere, hil egin behar dot». Entzun eban Jaunak Susanaren otoitza eta, hiltera eroiela, Jainkoak Daniel izeneko gaztetxo baten gogo santua argitu eban. Eta oihu handiz esan eutsen: «Ez dot nik erantzukizunik honen heriotzan». Herri guztiak, Haregana bihurturik, esan eutson: «Zer dinozu?» Danielek, jentearen erdian zutik, esan eban: «Israeldarrok, hain zentzunbakoak al zaree? Auzia aztertu barik eta froga barik kondenatu dozue israeldar emakume hau. Bihurtu auzitegira, horreek guzurrezko autormena egin dabe-eta emakume honen aurka». Bat-batean bihurtu zan jente guztia eta herri-arduradunek esan eutsoen Danieli: «Jesarri zaitez gure erdian eta egin berba, Jainkoak zaharrei jagoken zentzuna emon deutsu-eta». Orduan, Danielek esan eutsen: «Bereiztu egizuez bata besteagandik, eta neuk itaunduko deutset». Bereiztuta jarri ebezanean, bati deitu eta esan eutson: «Gaiztakerian zahartu zaran hori! Orain jatortsuz gainera gaur arte egin dozuzan pekatuak: epai zuzenbakoak emon dozuz, errubakoak kondenatuz eta errudunak askatuz, Jaunak esanaren kontra; honan dino-eta: "Ez emon heriotzara errubakoa eta zintzoa". Ea bada, emakume hau mutilagaz ikusi dozunez gero, esan zein zuhaitzen azpian ikusi dozuzan alkarregaz». «Akazia baten azpian», erantzun eban harek. Danielek, orduan: «Ederto! Guzur horregaz zeure burua galdu dozu. Jainkoaren aingeruak hartu dau zigor-agindua eta erdi bi egingo zaitu». Ha bialdu ondoren, bestea ekarrarazo eta esan eutson: «Kanaango arrazakoa zara zu, ez Judakoa. Edertasunak liluratu zaitu eta grineak bihotza okertu deutsu. Holan jokatzen zenduen Israelgo emakumeekin, eta hareek, bildurrez, zuekaz etzuten ziran; baina oraingoan Judako emakume batek ez dau jasan zuen txarkeria. Ea bada, esaidazu zein zuhaitzen azpian aurkitu dozuzan alkarturik». «Haritz baten azpian», erantzun eutson. Danielek orduan: «Ederto! Guzur horregaz, zeure burua galdu dozu zuk bere. Jainkoaren aingerua zain dago ezpateagaz, zu erdi bi egiteko. Biok garbituko zaitue». Orduan batzar osoa oihuka hasi zan eta Jainkoa bedeinkatu eban, Beragan itxaroten dabenak salbatzen ditualako. Ondoren, zahar bien kontra jaso ziran, Danielek euren autormenaz frogatu eban-eta guzurrezko testigantza egin ebela, eta lagun hurkoari egitea pentsaturik eben gaizkia egin eutseen eurei: Moisesen Legearen arabera, hil egin ebezan. Egun haretan pertsona errubako bat salbau zan. ERANTZUN SALMOA Sal 22, 1-3. 4. 5. 6 EBANJELIOA Jn 8, 1-11 Ebanjelio aurreko txatala Ez 33, 11a V/. . Nik ez dot gura gaiztoa hiltea -dino Jaunak-, bihozbarritu eta bizi daitela baino. Zuen artean pekatu barik dagoanak bota deiola lehenengo harria. D..Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik Aldi haretan, Jesus Oliamendira joan zan. Baina biharamun-egunsentian tenplura agertu zan barriro, eta herri guztia etorri jakon; Jesus jesarri eta irakasten hasi jaken. Lege-maisuek eta fariseuek adulterioan harrapatutako emakume bat ekarri eutsoen eta, erdian ipiniz, esan eutsoen Jesusi: «Maisu, emakume hau, adulterioan harrapatu dabe. Moisesek holakoak harrika hilteko agindu euskun Legean. Zuk zer deritsozu?» Azpikeriaz esaten eutsoen hori, zertan salatu izateko. Jesus, ostera, makurtu eta atzamarrez lurrean idazten hasi zan. Baina hareek itaunka eta itaunka hasi jakozanez, zutitu eta esan eutsen: «Zuen artean pekatu barik dagoanak bota deiola lehenengo harria». Eta, barriro makurturik, lurrean idazten jarraitu eban. Hareek, hori entzutean, banan-banan alde egiten hasi ziran, zaharrenetatik hasita. Jesus bakarrik gelditu zan, emakumea aurrean ebala. Jesusek, zutiturik, esan eutson: «Emakume, non dira salatzaileak? Ez al zaitu inork gaitzetsi?» Harek erantzun: «Inork bere ez, Jauna». Orduan Jesusek: «Ezta Neuk bere, ez zaitut gaitzesten. Zoaz eta ez egin barriro pekaturik». ----------------------------------------------------------------------------------------------------------------- Edo, Ebanjelio hori aurreko domekan irakurri Izan danean: EBANJELIOA Jn 8, 12-20 Neu naz munduaren argia. D..Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik Aldi haretan, Jesusek esan eutsen lege-maisu eta fariseuei: «Neu naz munduaren argia; niri jarraitzen deustana ez da ilunpetan ibiliko, bizirako argia izango dau-eta ». Fariseuek esan eutsoen: «Zuk zeure buruaren alde egiten dozu autormena; beraz, zure autormenak ez dau balio». Jesusek erantzun eutsen: «Nik autormena neure buruaren alde egiten badot bere, nire autormenak balio dau, ondo dakit-eta nik nondik etorria nazan eta nora noan; baina zuek ez dakizue, ez nondik natorren, ez nora noan. Zuek giza erara epaitzen dozue; Nik ez dot inor epaitzen. Eta epaituko baneu bere, nire epaia baliozkoa izango litzateke, ez dot-eta neuk bakarrik epaitzen, bialdu nauan Aitak eta biok baino. Eta zuen Legean dago idatzia, lagun biren autormena baliozkoa dala. Honan bada, Nik neure buruaren alde egiten dot autormen; baina bialdu nauan Aitak bere egiten dau autormen Nire alde». Hareek itaundu eutsoen: «Non da zure Aita?» Jesusek erantzun eutsen: «Ez Ni, ez nire Aita, ez gaituzue ezagutzen. Ni ezagutuko baninduzue, nire Aita bere ezagutuko zeunkee». Tenpluan irakasten ziharduala, dirutegi ondoan, egin zituan Jesusek adierazpen honeek. Halan bere, ez eutson inork eskurik jarri, ez zan-eta artean heldua haren ordua.