GARIZUMAKO V. ASTEA Aukerako irakurgaiak Irakurgai honeek aste honetako edozein egunetan erabili Daitekez. I. IRAKURGAIA 2 Erg 4, 18b-21. 32-37 Umearen gainean etzun zan, eta umearen gorputza berotzen hasi zan. Erregeak bigarren liburutik Behin batean, Eliseo etxean hartu eban Sunamgo emakumearen semeak bere aitagana, igitariekin ziharduan lekura, urten eban eta esan eutson: «Hau buruko mina! Hau buruko mina!» Aitak agindu eutson morroi bati: «Eroaizu amagana». Morroiak hartu eta amari eroan eutson mutikoa. Amak altzoan euki eban eguerdia arte, baina umea hil egin zan. Amak gora eroan eta Jainkoaren gizonaren ohean etzun eban; gero, atea itxi eta joan egin zan. Heldu zan Eliseo etxera, eta umea hila aurkitu eban bere ohe gainean. Gelara sartu, atea itxi eta otoitz egin eutson Jaunari. Gero, ohera igon eta umearen gainean etzun zan, ahoa umearen aho gainean, begiak begien gainean eta eskuak eskuen gainean. Holan egon zan umearen gainean etzunda, eta umearen gorputza berotzen hasi zan. Eliseo jagi eta harantz-honantz ibili zan etxean zehar. Ondoren, barriro ohera igon eta umearen gainean etzun zan. Umeak eztula egin eban zazpi aldiz eta begiak edegi zituan. Eliseok bere morroi Gehaziri deitu eta esan eutson: «Deitu egiozu gure sunamdarrari». Deitu eta etorri zanean, Eliseok esan eutson: «Hartu zeure semea». Emakumea hurreratu eta Eliseoren oinetan lurreraino ahuspeztu zan; gero, umea hartu eta urten egin eban. ERANTZUN SALMOA Sal 16, 1. 6-7.8 eta 15 EBANJELIOA Jn 11, 1-45 Ebanjelio aurreko txatala Jn 11, 25a.26 V/. Neu naz biztuerea eta bizia -dino Jaunak-; Nigan sinesten dauana ez da inoiz hilgo. Neu naz biztuerea eta bizia. D..Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik Aldi haretan, [gizon bat, Lazaro izenekoa, gaixo egoan. Betaniakoa zan, Maria eta honen ahizta Martaren herrikoa. (Maria hau —gaixo egoan Lazaroren arrebea— Jesus ukenduz igurtzi eta oinak bere ule-adatsez xukatu eutsozana zan)]. Lazaroren arreba biek albiste hau bialdu eutsoen Jesusi: «Jauna, zure adiskidea gaixorik dago». Jesusek, hori entzutean, esan eban: «Gaitz hau ez da hilteko gaitza, Jainkoaren aintza azaltzeko baino, gaitz honen bidez Jainkoaren Semearen aintza azaldu daiten». Jesusek oso adiskide zituan Marta, honen ahiztea eta Lazaro. Hau gaixorik egoala jakinda bere, egoan lekuan gelditu zan Jesus beste egun bitan. Ondoren, esan eutsen ikasleei: «Goazen barriro bere Judeara». [Ikasleek esan eutsoen: «Maisu, oraintsu juduek harrika egin gura eutsuen, eta hara joan behar al dozu barriro?» Jesusek erantzun eutsen: «Ez al ditu egunak hamabi ordu? Egunez dabilenak ez dau estropezu egiten, eguzkiak argitzen deutso-eta bidea; gauez dabilenak, ostera, estropezu egiten dau, ez dau-eta argirik». Eta jarraitu eban: «Lazaro gure adiskidea lo dago; baina banoa esnatzera». Ikasleek esan eutsoen: «Jauna, lo badago, osatuko da». (Jesusek Lazaroren heriotzaz esan eban hori; baina ikasleek ohiko loaz ziharduala uste eben). Orduan, Jesusek garbi esan eutsen: «Lazaro hil egin da eta pozten naz han ez izanaz, zuen onerako izango da-eta, holan sinestu dagizuen. Goazen, bada, haren etxera». Tomasek, Bikia eritzonak, esan eutsen ikasle lagunei: «Goazen gu bere, Beragaz hiltera».] Jesus heldu zanean, ordurako lau egun eroiazan Lazarok hilobian. [Betania hur dago Jerusalemdik, hiru bat kilometrora. Eta judu asko etorri zan Marta eta Mariagana, nebeagaitik doluminak emotera.] Martak, Jesus etorrela entzun orduko, bidera urten eutson; Maria, barriz, etxean gelditu zan. Martak esan eutson Jesusi: «Jauna, hemen egon bazina, gure nebea ez zan hilgo. Halan bere, badakit eskatu deiozun guztia emongo deutsula Jainkoak». Jesusek erantzun eutson: «Biztuko da zure nebea». Eta Martak: «Badakit biztuko dala azken egunean, hildakoen biztuerakoan». Jesusek esan eutson orduan: «Neu naz biztuerea eta bizia; Nigan sinesten dauana, hiil arren bere, biziko da, eta bizi dana, Nigan sinesten badau, ez da betiko hilgo. Sinesten al dozu hori?» Martak erantzun eutson: «Bai, Jauna, sinesten dot Zeu zareala Mesias, Jainkoaren Semea, mundura etortekoa zana». [Ondoren, bere ahizta Mariari deitzera joan zan Marta, eta esan eutson isilka: «Maisua hemen dago eta dei egiten deutsu». Hori entzutean, bat-batean jagi eta Jesusegana joan zan. Jesus artean herrian sartu barik egoan, Martak topatu eban lekuan bertan. Etxean Mariari nahigabean laguntzen egozan juduek, harek bat-batean jagi eta urten egin ebala ikustean, jarraitu egin eutsoen, negar egitera hilobira joialakoan. Mariak, Jesus egoan tokira heltzean, ikusi ebaneko, oinetan ahuspez jarri eta esan eutson: «Jauna, hemen egon bazina, gure nebea ez zan hilgo».] Maria eta haregaz etorritako juduak negarrez ikusirik, barruak zirrara egin eutson Jesusi eta, zeharo hunkiturik, itaundu eban: «Non ipini dozue?» Erantzun eutsoen: «Jauna, zatoz eta ikusi». Jesusek negarrari emon eutson. Han egozan juduek esan eben: «Begiratu zenbat maite eban!» Baina hareetako batzuek esan eben: «Itsuari begiak edegi eutsozan Honek, ez al eikean hau hiltea galarazo?» Jesus, ostera bere hunkiturik, hilobira hurreratu zan. Haitzuloa zan, harlauzaz estaldua. Jesusek esan eban: «Kendu harlauzea!» Hildakoaren arreba Martak esan eutson: «Jauna, kiratsa botako dau, lau egun baditu-eta». Jesusek erantzun eutson: «Ez al deutsut esan, sinesten badozu Jainkoaren aintza ikusiko dozula?» Kendu eben, bada, harria. Jesusek, begiak zerurantz jasorik, esan eban: «Aita, eskerrak Zuri, entzun deustazulako. Nik badakit beti entzuten deustazuna; baina inguruan dodan jenteagaitik dinot, Zuk bialdu nozula sinestu dagien». Hau esanda, oihu egin eban ozen: «Lazaro, zatoz kanpora!» Eta hildakoak urten egin eban. Esku-oinak oihal-zerrendaz loturik eta aurpegia zapiz estaldurik zituan. Jesusek esan eutsen: «Askatu egizue eta itzi joaten». Jesusek egina ikusi ebenean, Maria ikustera joandako judu askok sinestu eban Haregan.