I. IRAKURGAIA Eg 22, 30; 23, 6-11 Erroman ere nire testigu izan behar dozu. Apostoluen Eginak liburutik Egun hareetan, erromatar gudalburuak, juduek Paulo zergaitik salatzen eben garbi jakin nahirik, ha askatu eta abadeburuak eta Batzar Nagusi osoa batzeko agindu eban; ondoren, Paulo ekarri eta hareen aurrean jarri eban. Paulok, baekian-eta batzuk fariseuak zirala eta besteak saduzearrak, honan esan eban ozen Batzarraren erdian: «Anaiok, ni fariseua naz, fariseuen semea, eta hildakoen biztuerea itxaron dodalako nauke auzitan». Hau esan ebanean, eztabaidea sortu zan fariseuen eta saduzearren artean, eta Batzarra bitan banatu zan. (Izan ere, saduzearrek ez dabe onartzen biztuerarik, ez aingerurik, ez espiriturik; fariseuek, ostera, bai). Izugarrizko nahastea sortu zan. Fariseuen alderdiko lege-maisu batzuek jagi eta gogor esan eben: «Ez dogu okerrik aurkitzen gizon honegan. Eta espiritu edo aingeruren batek berba egin badeutso, zer?» Eztabaidea gogortzen joian, eta gudalburuak, Paulo txikituko eben bildurrez, gudari-taldeari jaisteko agindu eutson, handik atara eta koartelera eroan egien. Hurrengo gauean, Jauna agertu jakon Paulori eta esan eutson: «Izan adore! Jerusalemen nire testigu izan zarean lez, halaxe behar dozu izan Erroman ere». ERANTZUN SALMOA Sal 15, 1-2a eta 5. 7-8. 9-10. 11 R/. Zaindu nagizu, Jauna, babes bila nator-eta Zugana. edo Aleluia. Zaindu nagizu, Jauna, babes bila nator-eta Zugana. Honan dinotsot Jaunari: «Zu zaitut neure jabe». Jauna da nire ondare eta edontzia; Zeuk dozu eskuetan nire zoria. R/. Onesten dot Jauna, aholku emon deustalako, gauez ere neure bihotzak oharrarazoten naualako. Begi aurrean ipinten dot beti Jauna; Eskuman dodala, ez naiteke dardara. R/. Horregaitik, alai dot bihotza, pozik barrua, haragi honek ere bakean dau atsedena. Ez dozu-eta nire bizia Leizera jaurtiko, ezta zure zintzoa ustelak hartzen itziko. R/. Bizirako bidea erakutsiko deustazu: alaitasun betea zeure aurrean, betiko atseginak zeure eskuman. R/. EBANJELIOA Jn 17, 20-26 (Ordo-a ikusia; Jn 17,20-26 Pazko 7. ig. C) Aleluia Jn 17, 21 R/. Aleluia. V/. Guztiak bat izan daitezala, Zu, Aita, Nigan zagozan eta Ni Zugan nagoan lez; munduak sinistu dagian Zuk bialdu nozula. R/. Egizu guztiak bat izan daitezala. D Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik Aldi haretan, Jesusek begiak zerura jaso eta esan eban: «Aita, ez dot erregutzen honeen alde bakarrik, baita honeen hitzaren bidez Nigan sinistuko dabenen alde ere. Egizu guztiak bat izan daitezala. Aita, Zu Nigaz eta Ni Zugaz biok bat garean lez, honeek ere bat izan daitezala Gugaz, munduak sinistu dagian Zuk bialdu nozula. Zuk emon zeunstan aintza bera emon deutset Nik, bat izan daitezan, Gu biok bat garean lez: Ni honeekin bat eta Zu Nigaz bat. Holan guztiz bat izango dira, eta munduak ezagutu ahal izango dau Zuk bialdu nozula eta Ni Neu maitatu nozun lez maitatu dozuzala honeek ere. Aita, Zuk emon deustazuzanak Ni nagoan tokian Nigaz egotea gura dot, nire aintza, mundua izan baino lehen maite izan nozulako emon deustazun aintza, ikusi dagien. Aita zuzen hori, munduak ez zaitu ezagutu; Nik, ostera, ezagutu zaitut, eta honeek jakin dabe Zuk bialdu nozula. Jakinarazo deutset zure izena, eta aurrerantzean ere jakinarazoko, Zuk Niri deustazun maitasuna honeekan izan daiten, eta Ni Neu ere honeekan izan naiten».