PAZKOALDIKO V. EGUAZTENA I. IRAKURGAIA Eg 15, 1-6 Jerusalemera igon egiela erabagi eben, apostolu eta arduradunekin auzia argitzera. Apostoluen Eginak liburutik Egun hareetan, Judeatik Antiokiara jatsi ziran batzuk hango senideei irakaspen hau emoten hasi ziran: «Moisesengandiko usadioaren arabera erdaintzen ez bazaree, ez zaitekeze salbatu». Hori zala eta, iskanbila sortu zan eta Paulok eta Bernabek eztabaida gogorra izan eben hareekin. Orduan, Paulo, Bernabe eta beste batzuk Jerusalemera igo egiela erabagi eben, apostolu eta arduradunekin auzi hori argitzera. Antiokiako eliz alkarteak biderako beharrezkoak emon eutsezan. Fenizian eta Samarian zehar igarotean, jentilek ere konbertitzen ziharduela jakinarazoten eutseen senideei, guztiei poz handia emonez. Jerusalemera heldu ziranean, eliz alkarteak, apostoluek eta arduradunek harrera ona egin eutseen, eta Jainkoak euren bidez egindako guztiaren barri emon eutseen hareek. Baina sinistedun egindako fariseuen alderdiko batzuk urten eben esanez, jentilak ere erdaindu egin behar zirala eta Moisesen Legea betetera behartu. Orduan, apostoluak eta arduradunak arazo hau aztertzeko batu ziran. ERANTZUN -SALMOA Sa1 121, 1-2. 4-5 R/. Bagoaz pozik Jaunaren etxera. edo Aleluia. Haxe poza nirea, esan eustenean: «Bagoaz Jaunaren etxera!» Oraintxe gure oinak heldu dira, Jerusalem, zure atarira. R/. Leinuek, Jaunaren leinuek, hara igoten dabe, Israelen lege danez Jaunaren izena ospatzen. Han dago jarririk auzi-mahaia, Davideneko mahaia. R/. EBANJELIOA Jn 15, 1-8 Aleluia Jn 15, 4a. 5b R/. Aleluia. V/. Zagoze Nigan eta Ni zuekan -dino Jaunak-; Nigan dagoanak frutu asko emoten dau. R/. Norbait Nigan badago, Ni haregan lez, horrek frutu asko emoten dau. D Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Neu naz egiazko mahatsondoa, eta nire Aita da nekazaria. Nigan fruturik emoten ez dauan aihena inausi egiten dau Aitak, eta frutua emoten dauana garbitu eta inausi, frutu gehiago emon dagian. Zuek garbi zagoze dagoaneko, Nik adierazo deutsuedan hitzari esker. Zagoze Nigan, Ni zuekan lez. Aihenak berez, mahatsondoan ez badago, fruturik emon ezin dauan lez, ezta zuek ere, Nigan ez bazagoze. Neu naz mahatsondoa eta zuek aihenak. Norbait Nigan badago, Ni haregan lez, horrek frutu asko emoten dau; Ni barik ezin dozue-eta ezer egin. Nigan ez dagoana kanpora botaten dabe, ebagi eta ihartzen dan aihena lez; gero, batu, sutara bota eta erre egiten dabe. Nigan bazagoze eta nire hitzak zuekan badagoz, eskatu gura dozuena eta izango dozue. Honetan azaltzen da nire Aitaren aintza: zuek, nire ikasle izanik, frutu asko emotean».