PAZKOALDIKO V. MARTITZENA I. IRAKURGAIA Eg 14, 19-28 Jainkoak euren bidez egindako guztia azaldu eutsoen alkarteari. Apostoluen Eginak liburutik Egun hareetan, judu batzuk etorri ziran Antiokiatik eta Ikoniotik eta, jentea eureganaturik, Paulori harrika egin eutsoen, eta uritik kanpora atara eben arrastaka, hilda egoalakoan. Baina ikasleak ondora batu jakozanean, Paulo jagi eta urian sartu zan barriro. Biharamunean, Derbera joan zan Bernabegaz. Uri haretan Barri Ona zabaldu eta ikasle asko egin ondoren, Listrara, Ikoniora eta Antiokiara bihurtu ziran. Bide batez, ikasleen bihotzak sendotzen ebezan, sinismenean irauteko adorea emonez. "Larrialdi asko jasan behar dogu —esaten eutseen— Jainkoaren erreinuan sartzeko". Eliz alkarte bakoitzean arduradunak izendatu ebezan eta, otoitz eta barau egin ondoren, Jaunaren eskuetan itzi ebezan, Haregan sinistu eben-eta. Pisidian zehar, Panfiliara heldu ziran eta, Pergen berbea iragarri ondoren, Ataliara jatsi ziran. Han ontzia hartu eben Siriako Antiokiara joateko, handik bialduak ziran-eta burutu barria eben egitekorako, Jainkoaren ardurapean jarri ondoren. Heldu ziranean, eliz alkartea batu eben eta Jainkoak euren bidez egindako guztia azaldu eutseen, baita jentilei federako atea zelan edegi eutsen ere. Paulo eta Bernabe bertan gelditu ziran denporaldi batean ikasleekin. ERANTZUN SALMOA Sal 144, 10-11. 12-13ab. 21 R/. Ezagutuarazo begie zure zintzoek, Jauna, zure erregetzaren bikaintasuna. edo Aleluia. Jauna, zure lan guztiek ospatu zagiezala, zure zintzoek bedeinkatu zagiezala. Zure erregetza zein bikain dan autortu begie, zure ahal izateaz hitz egin begie. R/. Ezagutuarazo begioe gizakiei zure bizkortasuna, zure erregetza ospetsuaren bikaintasuna. Zure erregetza, gizaldi guztietako erregetza, gizaldiz gizaldi zure nagusitza. R/. Nire ahoak berba egin begi Jaunaren gorespena, gizakume guztiok bedeinkatu beti Haren izen gorena. R/. EBANJELIOA Jn 14, 27-31a Aleluia Ikus Lk 24, 26. 46 R/. Aleluia. V/. Beharrezkoa zan Mesiasek oinazeak jasatea, eta hilen artetik biztutea; holan sartu behar eban-eta bere aintzan. R/. Neure bakea emoten deutsuet. D Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Bakea izten deutsuet, neure bakea emoten; nik emoten deutsuedan bakea ez da munduarena lakoa. Ez kezkatu, ez izan bildurrik. Entzun dozue esan deutsuedana: "Banoa, baina bihurtuko naz zuekana". Benetan maite baninduzue, poztu egingo zintzatekez Aitagana noalako, Aita Ni baino handiagoa da-eta.. Orain esan deutsuet, jazo baino lehen, jazo daitenean sinistu dagizuen. Ez dot honezkero luze berba egingo zuekin, badator-eta mundu honetako buruzagia. Horrek ez dau nire gain ahalmenik; baina munduak jakin behar dau Nik maite dodala Aita eta Aitaren agindua bete egiten dodala».