PAZKOALDIKO V. ASTELEHENA I. IRAKURGAIA Eg 14, 5-17 Barri on hau adierazoten deutsuegu: itzi dagizuezala guzurrezko idoloak eta bihurtu zaitezela Jainko biziagana. Apostoluen Eginak liburutik Egun hareetan, jentilak eta juduak, euren agintariekin batera, apostoluak iraindu eta harrikatzeko asmotan ebilzan; baina Paulok eta Bernabek, horretaz jabeturik, Likaoniako Listra eta Derbeko herritxo eta inguruetara ihes egin eben, eta han ere Barri Ona zabaltzen jardun eben. Bazan Listran oinak elbarri zituan gizon bat; sekula oinez ibili bakoa zan, jaiotzatik egoan-eta elbarri. Paulori entzuten egoan batean, Paulo begira-begira jarri jakon eta osatzeko adinako sinismena baebala ikusirik, oihu handiz esan eutson: «Jarri zutunik oinen gainean». Salto batean zutitu eta ibilten hasi zan. Paulok egindakoa ikustean, jentetza oihuka hasi zan Likaoniako hizkuntzan: «Jainkoak jatsi jakuz geure artera giza irudian!» Bernaberi «Zeus» esaten eutsoen eta Paulori «Hermes», hau zan-eta berba egiten ebana. Herriko sarreran egoan Zeusen tenpluko abadeak zezenak ekarriarazo zituan, lore-sortaz apaindurik, uriko ateetara, eta jenteagaz batera oparitzat hil gura ebazan apostoluen omenez. Ohartu ziranean, Bernabe eta Paulo apostoluak euren soingainekoak urratu eta jentearen artera sartu ziran oihuka: «Lagunok, zer diharduzue? Gu ere gizakiak gara zuek lez, eta barri on hau adierazoten deutsuegu, hain zuzen: itzi dagizuezala guzurrezko idolaoak bihurtu zaitezela Jainko biziagana, zeru-lurrak, itsasoa eta horreetan dagoan guztia egin dituanagana. Joandako gizaldietan Jainkoak herri bakoitzari bere bidetik joaten itzi deutso; baina ez bere burua ezagutzera emon barik, egiten dituan mesedeen bidez: euria eta urtaro aberatsak bialdu deutsuez zerutik, eta janariz eta pozez bete zaitue». Berba honeekaz, nekez bada ere, kendu eutsoen jenteari burutik oparia eskeintzeko asmoa. ERANTZUN SALMOA Sal 113B, 1-2. 3-4. 15-16 R/. Jauna, ez guri; emoiozu ospe zeure izenari. edo Aleluia Ez guri, Jauna, ez guri; emoiozu ospe zeure izenari, onbera eta leial zaranagaitik. Atzerriek zergaitik dinoe: «Euren Jainkoa non dabe?» R/. Gure Jainkoa zeruan dago, egiten dau nahi dauan oro. Hareen jainko-irudiak zidar eta urre, gizakien eskulan ditue. R/. Bedeinkatu zagiezala Jaunak, zeru-lurrak egin dituanak. Zerua da, zerua, Jaunarena, lurra Harek gizakiei emona. R/. EBANJELIOA Jn 14, 21-26 Aleluia Jn 14, 26 R/. Aleluia. V/. Espiritu Santuak irakatsiko deutsue dana, eta gogoratu arazoko Nik esan deutsuedan guztia. R/. Aitak Laguntzailea bialduko deutsue; Harek irakatsiko deutsue dana. D Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Nire aginduak onartu eta beteten dituanak, horrexek nau maite, eta Ni maite nauana nire Aitak maite izango dau, eta Nik ere maite izango dot eta agertuko natxako». Esan eutson Judasek —ez Iskariotek, besteak baino—: «Jauna, zer dala-eta agertuko zatxakuz guri eta ez munduari?» Jesusek erantzun eutson: «Ni maite nauanak gordeko dau nire hitza; nire Aitak maite izango dau, eta Aita eta biok haregana etorriko gara eta haregan egingo dogu bizilekua. Ni maite ez nauanak, ostera, ez ditu gordeten nire hitzak. Eta entzuten dozuen berbea ez da nirea, bialdu ninduan Aitarena baino. Zuekin nazan artean esan deutsuet hau. Baina Aitak laguntzailea, Espiritu Santua, bialduko deutsue nire izenean; Harek irakatsiko deutsue dana eta gogoratuarazoko Nik esan deutsuedan guztia».