I. IRAKURGAIA Eg 1, 1-11 Gorantz igon eban Jesusek hareen begi aurrean. Apostoluen Eginak liburutik Teofilo maitea: Neure lehenengo liburuan, hasieratik zerura jasoa izan zan egunerarte Jesusek egin eta irakatsi eban guztia idatzi neban. Zerura igon aurretik, Espiritu Santuaren eraginez aginduak emon eutsezan Berak aukeratutako apostoluei. Jesus apostoluei agertu jaken bere nekaldiaren ostean eta bizirik egoaneko froga asko emon eutsezan, berrogei egunez bere burua ikustera emonez eta Jainkoaren erreinuaz berba eginez. Hareekin bazkaltzen ziharduan batean, honan agindu eutsen: «Ez alde Jerusalemdik. Zagoze han Nik Aitaren partetik egin deutsuedan agintzariaren zain. Joanek urez bateatu eban; baina zuek Espiritu Santuaz izango zaree bateatuak egun gitxi barru». Orduan, baturik egozanek itaundu eutsoen: «Jauna, orain ezarriko al dozu barriro Israelgo erreinua?» Jesusek erantzun eutsen: «Aitak bakarrik dau hori erabagiteko ahalmena, eta ez dago zuen esku zein aldi edo unetan jazoko dan jakitea. Baina zuen gain jatsiko dan Espiritu Santuaren indarra hartuko dozue, eta nire lekuko izango zaree Jerusalemen, Judea osoan, Samarian eta lurraren azken mugaraino». Hori esanik, gorantz igo eban Jesusek hareen begi aurrean, hodei batek begietatik ezkutatu eutsen arte. Oraindino zerura zelan joian begira-begira egozala, zuriz jantzitako gizaseme bi azaldu jakezan ondoan, eta esan eutseen: «Galilearrok, zertan zagoze hor zerura begira? Zuen ondotik zerura jasoa izan dan Jesus hori, zerura joaten ikusi dozuen lez etorriko da barriro». ERANTZUN SALMOA Sa1 46, 2-3. 6-7. 8-9 R/. Oihu alaien artean igon dau Jainkoak, turuta-soinuz, Jaunak. edo Aleluia. Herri guztiok, txalo jo egizue, Jainkoari irrintzi egiozue. Goi-goiko Jauna, izan ere, izugarri, lurbira osoan errege handi. R/. Oihu alaien artean igon dau Jainkoak, turuta-soinuz, Jaunak. Eresi Jainkoari, eresi; eresi gure erregeari, eresi. R/. Jainkoa da-eta lurbira osoan errege, egiozue jator goratzarre. Jainkoa errege da atzerrietan, jesarria dago Jainkoa bere aurki santuan. R/. II. IRAKURGAIA Ef 1, 17-23 Zeruan bere eskumaldean jesarriarazo eban. San Paulo Apostoluak Efesoarrei egindako epistolatik Senideok: Jesu Kristo gure Jaunaren Jainkoak, aintzaren Aitak, emon deizuezala Espirituaren jakituria eta goi-argia, Bera ezagutzeko. Argitu dagizala zuen barruko begiak, jakin dagizuen zer itxarotera dei egin deutsuen, zein aberatsa dan fededunentzat oinordekotzan prestatua dauan aintza. Ahalmen eta indar hori Kristogan erakutsi eban Jainkoak, Berau hilen artetik biztu eta zeruan bere eskumaldean jesarriarazo ebanean. Jainkoak aginte, botere, indar eta nagusitza guztien gainetik ezarri dau Kristo, eta mundu honetan ez ezik, datorren munduan ere aitatu daitekezan izen guztien gainetik. Dana jarri dau Jainkoak Kristoren oinazpian, eta Berau ezarri dau danen gainetik Elizaren buru. Haren gorputza da Elizea, unibertsoa guztiz beteten dauan Kristok betea. C EBANJELIOA Lk 24, 46-53 Aleluia Mt 28, l9a. 20b R/. Aleluia. V/ Zoaze eta egin ikasleak herrialde guztietatik -dino Jaunak-: Ni zuekin nozue egunero, munduaren azken egunera arte. R/. Bedeinkatzen zituan bitartean, zerura eroan eben. D Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Liburu Santuan idatzia egoan Mesiasek sufridu egin behar ebala eta hirugarren egunean hilen artetik biztu, eta, Jerusalemdik hasita, bihozbarritzea iragarri behar jakela haren izenean herri guztiei, pekatuak parkatu dakiezan. Zeuek zaree gauza honeen testigu. Neure Aitak agindutako dohaina, Espiritu santua, bialduko deutsuet Nik. Zuek, zagoze urian, Jainkoagandiko indarrez jantzi zaitezan arte». Gero, Betania aldera atara zituan Jesusek ikasleak eta, eskuak jasorik, bedeinkatu egin zituan. Bedeinkatzen ebazan bitartean, aldendu egin zan hareekandik, eta zerura eroan eben. Hareek, Jesus ahuspez gurtu ondoren, Jerusalemera bihurtu ziran pozez beterik. Eta eten barik tenpluan egozan Jainkoa goresten.