PAZKOALDIKO IV. ZAPATUA I. IRAKURGAIA Eg 13, 44-52 ( Jentilakana joko dogu. Apostoluen Eginak liburutik Hurrengo zapatuan, ia herri osoa batu zan Jaunaren berbea entzuteko. Jentetza ha ikusirik, juduak bekaitzez bete ziran eta irainez egiten eutsoen kontra Paulok esaten ebanari. Orduan, Paulok eta Bernabek ausarti esan eben: «Zuei adierazo behar geuntsuen lehenengo Jainkoaren hitza; baina berbea baztertu eta zeuen buruak betiko bizirako gaitzat ez dozuezan ezkero, jentilakana joko dogu. Jaunak hauxe agindu deusku-eta: "Nazinoen argitzat ezarri zaitut, salbamena lurraren bazterreraino eroan dagizun"». Hau entzutean, jentilak poztu egin ziran eta Jaunaren berbea goresten eben. Eta betiko bizirako ziranek sinistu egin eben. Jaunaren hitza zabaltzen joian herrialde guzti haretan. Baina juduek andra handiki jainkozale batzuk eta herriko jauntxoak berotu ebezan, eta Paulo eta Bernaberen kontra erasoaldia sortu eben eta euren lurraldetik bota ebezan. Paulo eta Bernabe, protesta moduan euren oinetako hautsa hareen aurka astindu eta Ikoniora joan ziran. Ikasleak, barriz, pozez eta Espiritu Santuaz beterik gelditu ziran. ERANTZUN SALMOA Sal 97, 1 .2-3ab. 3cd-4 R/. Ikusi dabe lur-muga danek, gure Jainkoagandiko garaipena. edo Aleluia. Kanta Jaunari kantu barri, egin bai ditu hainbat harrigarri. Bere eskuinak emon deutso garaipena, bere beso santuak. R/. Ezagutuarazo dau Jaunak Beragandiko garaipena, agertu dau atzerrien aurrean bere zuzentasuna. On eta leial izan dala gogoratu dau, Israel etxeari buruz. R/. Ikusi dabe lur-muga danek, gure Jainkoagandiko garaipena. Lur osoa, egiozu txalo Jaunari, egin oihu eta irrintzi, egin eresi. R/. EBANJELIOA Jn 14, 7-14 Aleluia Jn 8, 31b-32a R/. Aleluia. V/. Nire hitzean irauten badozue, benetan nire ikasle izango zaree, eta ezagutuko dozue egia. R/. Ni ikusten nauanak Aita ere ikusten dau. D Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Ni benetan ezagutuko baninduzue, nire Aita ere ezagutuko zeunkee. Dagoaneko ezagutzen dozue, eta ikusi ere ikusi dozue». Orduan, Felipek esan eutson : «Jauna, erakutsi eiguzu Aita, eta nahikoa dogu». Jesusek erantzun: «Hainbeste denbora zuekin, Felipe, eta ez nozu ezagutzen? Ni ikusten nauanak Aita ere ikusten dau. Zelan dinozu: "Erakutsi eiguzu Aita"? Ez al dozu sinisten Ni Aitagan nagoala eta Aita Nigan? Nik esaten deutsuedana ez deutsuet neure kabuz esaten. Nigan bizi dan Aita da bere egintzak burutzen diharduana. Sinistu egidazue: Ni Aitagan nago eta Aita Nigan. Besterik ez bada ere, sinistu egintzakaitik. Bene-benetan dinotsuet: Nigan sinisten dauanak Nik egiten ditudan egintzak burutuko ditu berak ere, eta handiagoak ere bai, Ni Aitagana noa-eta. Nire izenean eskatu dagizuen guztia emongo deutsuet, Aitaren aintza Semeagan azaldu daiten. Nire izenean zeredozer eskatzen badozue, emongo deutsuet Nik».