PAZKOALDIKO IV. BARIKUA I. IRAKURGAIA Eg 13, 26-33 Agintzaria bete deusku Jainkoak Jesus berbiztuz. Apostoluen Eginak liburutik Egun hareetan, honan berba egin eban Paulok Pisidiako Antiokiako sinagogan: «Senideok, Abrahamen ondorengo zareenok, eta zuek, Israelen Jainkoa gurtzen dozuenok, guri bialdu jaku salbamen-hitz hau. Jerusalemdarrek eta euren agintariek ez eben Jesus aintzat hartu eta, berau kondenatuz, zapatuero sinagogan irakurten dabezan profeziak bete ebezan. Heriotzea merezi ebanik ezertxo ere aurkitu ez eutsoen arren, Ha hilteko eskatu eutsoen Pilatori. Eta Liburu Santuak Haretaz dinoen guztia bete ebenean, egurretik eratsi eta hilobian ezarri eben. Baina Jainkoak biztu egin eban hilen artetik. Egun askotan zehar agertu jaken Galileatik Jerusalemera Beragaz igon ebenei, eta horreek ditu orain bere testigu herriaren aurrean. Guk ere Barri On hau iragarten deutsuegu: gure asabei egindako agintzaria, guri, hareen ondorengooi, bete deuskla Jainkoak, Jesus berbiztuz. Holan dago idatzita bigarren salmoan: "Nire semea zara zu, gaur zaitut Nik sortu"». ERANTZUN SALMOA Sal 2, 6-7. 8-9. 10-11 R/. Nire semea zara zu; Nik zaitut gaur zu sortu. edo Aleluia. «Nik ezarri dot neure erregea, Sionen, neure mendi santuan». Jaunaren erabagia iragarriko dot: Berak esan deust: «Nire semea zara zu; Nik zaitut gaur zu sortu. R/. Eskatu Niri, eta atzerriak emongo Nik ondare, lurbira osoa zure mugape. Burdina-zigorrez dozuz apurtuko, buztin-lapikoa lez hausiko». R/. Entzun, beraz, orain, erregeok, zentzatu zaiteze, lurreko buruzagiok. Zerbidu egizue Jauna bildurrez, ikaraz agur egiozue ahuspez. R/. EBANJELIOA Jn 14, 1-6 Aleluia Jn 14, 6 R/. Aleluia. V/. Neu naz bidea, egia eta bizia -dino Jaunak-; ez doa inor Aitagana, nire bitartez ez bada. R/. Neu naz bidea, egia eta bizia. D Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Ez izan kezkarik: sinistu Jainkoagan eta sinistu Nigan ere. Nire Aitarenean bizitoki asko dago; holan izan ez balitz, esango neuskizuen. Orain zuentzat tokia atontzera noa. Joan eta tokia atondu ondoren, barriro etorri eta Neugaz eroango zaituet, Ni nagoan tokian zuek ere egon zaitezen. Zuek badakizue Ni noan tokirako bidea». Tomasek esan eutson: «Jauna, ez dakigu nora zoazen, eta zelan jakin bidea?» Jesusek erantzun: «Neu naz bidea, egia eta bizia. Ezin da inor Aitagana joan, nire bidez izan ezik».