GARIZUMAKO IV. IGANDEA C I. IRAKURGAIA Jos 5, 9a. 10-12 Jainkoaren herriak, agindutako lurraldera sartutakoan, Pazkoa ospatu dau. Josueren liburutik Egun hareetan, Jaunak esan eutson Josueri: «Gaur kendu deutsuet gainetik Egiptoko lotsaria». Israeldarrek Gilgalen jarri eben kanpalekua eta hilaren hamalauan, arratsaldean, Pazko-jaia ospatu eben Jerikoko zelaian. Pazko-biharamunean lurraldeko frutuetatik jan eben, legamin bako ogiak eta gari-ale txigortua. Lurraldeko frutuetatik jaten hasi ziran egunetik aurrera, amaitu egin zan mana. Israeldarrek ez eben gehiago manarik izan, eta urte haretan Kanaan lurraldeko emoitzez janaritu ziran. ERANTZUN SALMOA Sal 33, 2-3. 4-5. 6-7 II. IRAKURGAIA 2 Ko 5, 17-21 Jainkoak, Kristoren bitartez adiskidetu egin gaitu. San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako bigarren gutunetik Senideok: Kristorena dana sorkari barri da; zaharrarenak egin dau, barria sortu da. Guzti hau Jainkoagandik dator, Kristoren bitartez beragaz adiskidetu gaitu, eta adiskidetzeko zerbitzua guri emon deusku. Izan bere, Jainkoa da Kristogan mundua Beragaz adiskidetzen diharduana, gizon-emakumeei pekatuen kontua eskatu barik, eta guri emon deusku adiskidetzearen mezua. Kristoren ordezkari gara, beraz, eta Jainkoak berak gure bitartez erregutuko baleutsue lez da. Kristoren izenean eskatzen deutsuegu: adiskidetu zaiteze Jainkoagaz. Pekatuagaz zerikusirik izan ez eban Ha, Jainkoak gugaitik pekatuagaz bat egin eban, guk haren bitartez Jainkoaren salbamena jadetsi gengian. EBANJELIOA Lk 15, 1-3. 11-32 Ebanjelio aurreko txatala Lk 15, 18 V/. Jagi eta banoa neure Aitagana, eta honan esango deutsot: «Aita, pekatu egin dot zeruaren aurka eta zure aurka». Zure anaia hau hila egoan, eta biztu egin da. D..Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik Aldi haretan, zergalari eta pekatari guztiak hurreratzen jakozan Jesusi, entzutera. Eta fariseuak eta lege-maisuak marmarrean hasi ziran, esanez: «Honek ondo hartzen ditu pekatariak, eta jan bere egiten dau hareekaz». Orduan, Jesusek parabola hau esan eutsen: «Gizon batek seme bi zituan. Gazteenak esan eutson aitari: "Aita, emoidazu dagokidan senipartea". Eta aitak ondasunak banatu eutsezan. Handik egun gitxira, seme gazteena, ebazan guztiak baturik, urruneko herrialde batera joan zan, eta han, nasaikerian biziz, ondasun guztiak jan zituan. Dana eralgi ebanean, gosete handia sortu zan herrialde haretan eta beharrizana sentitzen hasi zan. Orduan, herrialde haretako bategana joan eta haren morroi jarri zan, eta harek bere arloetara bialdu eban txarrizain. Txarriek jaten eben ezkurrez sabela beteteko gogoak emoten eutson, ez eutson-eta inork jaten emoten. Orduan, bere barrura bihurturik, esan eban: "Hamaika langile bada nire aitarenean, nahiko ogi dauala, eta ni hemen goseak hilten. Jagi, aitagana joan eta esango deutsot: Aita, pekatu egin dot Jainkoaren eta zure aurka. Ez dot gehiago seme izenik merezi. Hartu nagizu zeure langileetako bat lez". Eta jagi eta aitagana abiatu zan. Oraindino urrun egoala, ikusi eban aitak eta erruki izan eban, eta, lasterka joanik, besarkatu eta musuka hasi jakon. Semeak esan eutson: "Aita, pekatu egin dot Jainkoaren eta zure aurka. Ez dot gehiago seme izenik merezi...". Aitak, ostera, esan eutsen morroiei: "Atara bat-batean soinekorik ederrena eta jantzi egiozue; ipini eraztuna eskuan eta jantzi oinetakoak; ekarri zekor gizendua eta hil; egin dagigun jai-bazkaria, nire seme hau hila egoan eta biztu egin da-eta, galdua egoan eta aurkitu egin dogu-eta". Eta jaia hasi eben. Seme zaharrena soloan zan. Etxera hurreratzean, soinua eta dantzak sumatu zituan, eta, morroi bati deituta, zer jazoten zan itaundu eutson. Morroiak erantzun: "Zure anaia etorri da eta zuen aitak zekor gizendua hil dau, semea onik bereganatu daualako". Seme zaharrena biziro hasarretu zan, eta ez eban sartu gura. Urten eban aitak eta erreguka hasi jakon. Baina harek erantzun eutson aitari: "Hainbeste urte da zure zerbitzuan nagoala, zure agindurik behin bere huts egin barik, eta ez deustazu sekula auma bat bere emon lagun artean jateko, eta horko zure seme horri, emagalduekin zure ondasunak jan dituan horri, etorri danean, zekor gizendua hil deutsozu". Aitak erantzun eutson: "Seme, zu beti nigaz zagoz, eta nirea dan guztia zeurea dozu. Baina egoki zan jai egitea eta poztea, zure anaia hau hila egoan eta biztu egin da-eta, galdua egoan eta aurkitu egin dogu-eta"».