ASTELEHEN SANTUA I. IRAKURGAIA Is 42, 1-7 Ez da deadarka ibiliko, ez dau kaleetan entzunarazoko bere berbea. Isaias Profetearen liburutik Honan berba egiten dau Jaunak: «Hona nire zerbitzaria, Nik eusten deutsodana, nire aukeratua, atsegin dodana. Honengan ipini dot neure espiritua: zuzenbidea ekarriko deutse herriei. Ez dau oihu egingo, ez ahotsa goratuko, ez dau kaleetan entzunarazoko bere berbea. Kainabera pitzatua ez dau hausiko, Ozta-ozta biztua dagoan argi-metxa ez dau amatauko. Zuzenbidea ekarriko dau leial; ez dau etsiko, ez da hausiko, zuzenbidea lurrean ezarri arte; uharteak haren irakaspenaren zain dagoz». Honan berba egiten dau Jainko Jaunak, zerua egin eta zabaldu ebanak, lurra finkatu eta landaretza sortu ebanak, gizakiei eta lurrean mugitzen diran guztiei bizi-arnasa emon eutsenak: «Nik, Jaunak, salbamen-ekintzarako dei egin deutsut, eskutik hartu zaitut; nik eratu zaitut eta izendatu herriarentzat itun eta nazinoentzat argi izateko, itsuen begiak zabaldu dagizuzan, giltzapetuak espetxetik askatu eta ilunpetan bizi diranak kartzelatik atara dagizuzan». ERANTZUN SALMOA Sal 26, 1. 2. 3. 13-14 R/. Jauna dot argi eta salbamen. Jauna dot argi eta salbamen, nork ni bildurtu? Jauna biziaren babes, nork ni izutu? R/. Nire haragia jateko gaiztoak jatazanean ausartzen, nire etsai eta arerioak labanka doaz eta jausten. R/. Ez deust egingo bihotzak ikara, nire aurka guda-txabolak jarririk ere; nasai egongo naz ni, nire aurka gudua sortu baledi ere. R/. Jaunaren ontasuna ikusi-ustean nago bizien lurrean. Itxaron Jaunagan eta adore izan, bizkortu bekizu bihotza, eta itxaron Jaunagan. R/. EBANJELIOA Jn 12, 1-11 Ebanjelio aurreko txatala V/. Agur, gure Errege; Zu bakarrik izan zara, gure hutsegiteen errukia izan dauana. Itziozu bakean; nire hilobiratze-egunerako egin dau hori. D Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik Pazkoa baino sei egun lehenago, Jesus Betaniara joan zan; han bizi zan Lazaro, Jesusek hilen artetik biztu ebana. Afaria eskeini eutsoen; Martak ziharduan afaria zerbitzen, eta Lazaro Jesusegaz mahaian egozanetariko bat zan. Mariak, nardo jatorrezko kilo erdi bat ukendu usain gozoduna, balio handikoa, harturik, oinak igurtzi eutsozan Jesusi, eta bere ule-adatsez sikatu. Etxea lurrin-usainez bete zan. Judas Iskariotek, salduko eban ikasleak, esan eban: «Zergaitik ez da saldu ukendu hori hirurehun denariotan, eta dirua behartsuei emon?» (Hori esan eban, ez behartsuak ardura jakozalako, lapurra zalako baino, eta, diru-poltsea berak ebanez, hara botaten ebenetik ostu egiten ebalako.) Jesusek esan eutson: «Itziozu bakean; nire hilobiratze-egunerako egin dau hori. Izan ere, behartsuak beti dozuez zeuen artean; baina Ni ez nozue betiko izango». Juduetariko askok jakin eben Jesus Betanian egoala, eta bertara joan ziran, Jesusegaitik ez ezik, baita hilen artetik biztu eban Lazaro ikusteagaitik ere. Abadeburuek, orduan, Lazaro ere hiltea erabagi eben, ha zala-eta herritar askok eurakandik alde egin eta Jesusegan sinisten eben-eta.