GARIZUMAKO III. BARIKUA I. IRAKURGAIA Os 14, 2-10 Ez deutsegu gehiago “geure jainko” esango geure eskuaz eginei. Oseas Profetaren liburutik Honan berba egiten dau Jaunak: «Bihurtu zaitez, Israel, Jaunagana, zeure Jainkoagana, zeure gaiztakeriakaitik jausi zara-eta. Prestatu egizuez berba egokiak eta bihurtu Jaunagana; esaiozue: "Kendu egiguzu gaiztakeria guztia, eta hartu onez geure ezpanez egiten deutsugun oparia. Ez gaitu Asiriak salbauko; ez dogu ustea guda-zaldietan jarriko, eta ez deutsegu gehiago `geure jainko´ esango geure eskuez eginei. Zugan aurkitzen dau umezurtzak errukia". Nik osatuko dot hareen desleialkeria eta bihotz zabalez maitatuko ditut, urrundua dot-eta hareekandik hasarrea. Iruntza lez izango naz Israelentzat; lilia lez loratuko da eta Libanoko zuhaitzak lako zuztarrak botako ditu; kimuak urtengo deutse; haren ederra olibondoarena lakoa izango da, eta haren usaina Libanokoa baizen gozoa. Haren itzalpean biziko dira barriro, garia lez bizibarrituko dira, mahastiaren antzera loratuko eta haren ospea Libanoko ardoarena lakoa. Efraimek esango dau: "Zer ardura deuste sasijainkoek hemendik aurrera?" Nik, Jaunak, erantzuten deutsot eta haretaz arduratzen naz. Zipresaren antzeko naz Ni, beti berde: Nigandik jatortsu frutua. Jakintsuak ulertu begi guzti hau, burutsuak jaso begi esangurea. Bai, zuzenak dira Jaunaren bideak, eta zintzoak horreetan dabilz; pekatariak, barriz, jausi egiten dira». ERANTZUN SALMOA Sal 80, 6c-8a. 8bc-9. 10-11ab. 14 eta 17 EBANJELIOA Mk 12, 28b-34 Ebanjelio aurreko txatala Mt 4, 17 V/. Bihozbarritu zaiteze —dino Jaunak —, hurrean da-eta zeruetako erreinua. Jauna, gure Jainkoa, bakarra da, eta maitatu egizu Bera. D..Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik Aldi haretan, hurreratu zan Jesusegana lege-maisu bat eta itaundu eutson: «Zein da agindu guztietan nagusiena?» Jesusek erantzun: «Hauxe da nagusiena: "Entzun, Israel: Jauna, gure Jainkoa, Jaun bakarra da. Maitatu egizu Jauna, zeure Jainkoa, bihotz-bihotzez, gogo osoz, adimen guztiz eta indar guztiz". Bigarrena, barriz, hau da: "Maitatu lagun hurkoa, zeure burua lez". Ez da honeek baino agindu handiagorik». Lege-maisuak esan eutson: «Ederto, Maisu; egia dinozu Jainkoa bakarra dala eta ez dala besterik esatean, eta Ha bihotz-bihotzez, adimen guztiz eta indar guztiz maitatzea, eta lagun hurkoa nork bere burua lez maitatzea, erre-opari eta sakrifizio guztiak baino hobea dala esatean». Eta Jesusek, zuhur erantzun ebala ikusirik, esan eutson: «Ez zagoz urrun Jainkoaren erreinutik». Eta handik aurrera, ez zan inor itaunik egitera ausartzen.