PAZKOALDIKO IV. MARTITZENA I. IRAKURGAIA Eg 11, 19-26 Jentilei ere Jesus Jaunaren Barri Ona iragarten hasi ziran. Apostoluen Eginak liburutik Egun hareetan, Esteban hil ebenean sortutako erasoaldikoan sakabanatu ziranak Fenizia, Zipre eta Antiokiaraino heldu ziran; juduei baino ez eutseen iragarten Jainkoaren berbea. Baina hareetako batzuk, zipretar eta zirenearrak, Antiokiara heldu ziranean, jentilei ere Jesus Jaunaren Barri Ona iragarten hasi ziran. Eta, Jauna lagun ebelako, asko bihurtu ziran Jaunagana eta fededun egin. Jerusalemgo eliz alkarteak guzti honen barri jakin eban, eta Bernabe bialdu eben Antiokiara. Hara heldu eta Jainkoaren dohaina ikusi ebanean, poztu egin zan eta bihotz-bihotzez Jaunagaz leial irauteko adorea emoten eutsen guztiei; Bernabe gizon ona zalako, eta Espiritu Santuaz eta sinismenez betea, jentetza handia alkartu jakon Jaunari. Handik Tarsora joan zan Bernabe Sauloren bila, eta, aurkitu ebanean, Antiokiara eroan eban. Urtebete osoa emon eben alkarregaz lanean eliz alkarte haretan, jente askori irakasten. Hain zuzen, Antiokian emon jaken lehenengoz ikasleei «kristau» izena. ERANTZUN SALMOA Sal 86, 1-3. 4-5. 6-7 R/. Goratu egizue Jauna, atzerri guztiak. edo Aleluia. Berak dau mendi santuan oinarritu, eta Jaunak Siongo ateak ditu maiteago, Jakoben txabola guztiak baino. Zutaz ospetsu berba egiten dabe, Jainkoaren uria! R/. «Egipto eta Babel nire jauresleetan lerrotuko ditut; hara, barriz, Tiro eta Etiopia herria: honeek danak han jaioak dira». Sion horretaz hau esango da: «Gizakiz gizaki, danak han jaioak dira, eta Goi-goikoak Berak dau eregia». R/. Herrien liburuan idatziko dau Jaunak: «Honeek hemen jaioak dira». Hau abestuko dabe dantzari eragitean: «Nire iturri guztiak Zugan». R/. EBANJELIOA Jn 10, 22-30 Aleluia Jn 10, 27 R/. Aleluia. V/. Nire ardiek entzuten dabe nire berbea -dino Jaunak-; Nik ezagutzen ditut, eta hareek ondotik jatortaz. R/. Aita eta biok bat gara. Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik Aldi haretan, Jerusalemen tenpluaren sagarapen-jaiak ospatzen ziran. Negua zan. Jesus tenpluan ebilen, Salomonen aterpean. Inguratu eben juduek eta esan eutsoen: «Noiz arte euki behar gaituzu zalantzan? Zu bazara Mesias, esaiguzu argi eta garbi». Jesusek erantzun eutsen: «Esan deutsuet, eta ez dozue sinisten. Nik neure Aitaren izenean egiten dodazan egintzek emoten dabe Nire alde testigantza; zuek, ostera, ez dozue sinisten, nire ardietakoak ez zareelako. Nire ardiek entzuten dabe nire ahotsa; Nik ezagutzen ditut, hareek jarraitu egiten deuste, eta Nik betiko bizia emoten deutset: ez dira betiko galduko, eta ez deustaz inork ere eskutik kenduko. Hareek emon deustazan nire Aita beste danak baino handiagoa da, eta ezin ditu inork ere kendu nire Aitaren eskutik. Aita eta biok bat gara».